ATZEKOZ AURRERA

Elikagaien elkartasun uholdea

Hego Euskal Herriko elikagai bankuek bi eguneko kanpaina bat egin dute janaria eta beharrezko produktuak biltzeko. Arabako merkataritza guneetan 1.500 boluntario aritu dira lanean.

Boluntario batzuk, atzo, Gasteizen, herritarrek emandako elikagaiak biltzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Supermerkatuko saskien gurpilen soinua da nagusi. Herritarrak hara eta hona dabiltza, merkataritza guneko korridoreetan barna, saskiak elikagaiz eta bestelako produktuz bete bitartean: porruak, patata, jogurtak eta marmeladak, besteak beste. Gasteizko Nieves Cano ikastetxeko zenbait ikasle ere bertan daude. Jaka urdinak daramatzate jantzita, eta eskuorriak dituzte eskuetan. Elikagaien bilketa handi bat egin dute azken bi egunetan Hego Euskal Herriko hirietan eta herrietan, eta ikasleak egitasmoko boluntarioetako batzuk dira. Gasteizko Legutio kalearen alboko supermerkatuan ere elikagaien eta produktuen bilketan ari dira. Egitasmoak zazpigarren aldia du aurtengoa.

Eskuorri bat banatu berri dio ikasle batek supermerkatuan sartzear den emakumezko bati. Bilketa handian laguntzeko elikagaien eta bestelako produktuen zerrenda da. Hari begirada bat eman bitartean sartu da barrurantz Elisa Sanchez. Ostiralean egin zuen lehen ekarpena elikagai bankuan; olio poto pare bat eta pixoihalak utzi zituen sarreran dauden kaxa handietan. Halako egitasmoak «garrantzitsuak» direla uste du: «Elikagaien bilketari esker, egunerokoan arazoak izan ditzaketen herritarrei laguntzea posible da, baina ez da aski».

Vidal Kareaga boluntarioak bat egiten du Sanchezek esandakoarekin. Batxilergoko ikaslea da, eta larunbat goiza elikagaien bankuan laguntzeko aprobetxatzea erabaki du. Bi orduko txanda dauka. «Jende asko dago etxerik eta janaririk gabe, eta, beraz, bilketak lagundu egin dezake haiei jatekoa ematen eta osasun hobeagoa izaten». Kareagaren arabera, larunbat goiz honetan jendearen erantzuna «ona» ari da izaten, eta hainbat herritar daude prest janaria emateko eta egitasmoan laguntzeko.

Bi erosketa saski dituzte supermerkatuan dauden zenbaitek: batetik, etxerako erosketak; eta, bestetik, elikagai bankuan uzteko produktuak. Kutxa erregistratzaileetan ordaindu ostean, boluntarioei uzten dizkiete elikagaiz eta produktuz betetako saskiak. Bertan da Irene Etxegarai ere, laguntzeko prest. «Guztiok eduki behar dugu aukera beharrezko produktuak eskuratzeko», esan du boluntarioak. Baina herritar batzuek «zalantzak» izaten dituzte: «Batik bat adineko jendeak galdetzen digu ea janaria norentzako den, eta batzuk ez daude prest kaxetan zerbait uzteko».

Elikagaien bankuan laguntzeko badago beste aukera bat ere. Produktuak erosi eta kaxetan uztea da aukerarik ohikoena, baina supermerkatu batzuetan elikagai bonuak daude. Nieves Cano ikastetxeko ikasleen arduradunetako bat ere bertan da, eta bertaratzen direnei informazioa banatzen dabil. Erosleek diru kopuru ezberdinetako bonuak erosteko aukera dute, eta horrek bide eman dezake elikagaien bilketan sor daitezkeen kudeaketa arazoei aurre egiteko. Herritarrek adi entzuten dituzte azalpenak, eta, «eskerrik asko» esan ostean, supermerkatu barrurantz joaten dira.

Antolatzaileek espero dute bilketari esker 210.000 kilo elikagai batzea Arabako laurogei merkataritza gunetan. Baita egunerokorako beharrezkoak diren produktuak ere. Horretarako, 1.500 boluntario baino gehiago aritu dira lanean; horietako asko kolektiboak izan dira. Elikagaien elkartasun uholdeak, beraz, eman du bere fruitua beste urte batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.