ATZEKOZ AURRERA

Gasteizko tranbiaren bi aldeak

Jendetza batu da Gasteizko tranbiaren luzapenaren inaugurazio egunean; hemendik aurrera, beste hiru geltoki izango ditu. Batzuk pozik agertu dira, eta beste batzuek protesta egin dute.

Gasteizko tranbiaren luzapenaren inaugurazio egunean, protestak egin dituzte Tranbiarik Ez Hegoaldean plataformak antolatuta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Txistuak, aldarri oihuak eta pankartak nagusi. Etxeetako balkoi zenbaitetan banderatxo laranjak, eta horietan, tranbiaren luzapenaren aurkako mezuak. Protestan ari den gizonezko batek «Auzoa errailen artean kaiolatuta» dioen kartel bat du esku artean. Alboan duen emakumea, berriz, oihuka dabil: «Auzoa hiltzen ari zarete». Gasteizko tranbiaren luzapenaren inaugurazioa zen atzo, 14,3 milioi euroko inbertsioa egin ostean. Doakoa da bidaia goizeko hamaiketatik gaueko hamaikak arte. Jendetza batu da tranbiaren ibilbide berria ezagutzeko asmoz, protestan ari diren herritarrez gain. «Pi-pi-pi», ateak ixtera doazela abisatzeko soinua. Azken korrikaldia, eta barrura.

Lehen tartea, Floridatik Hegoaldera. Ertzaintzarekin eztabaida txiki bat eduki ostean, Tranbiarik Ez Hegoaldean plataforma osatzen duten herritar batzuek lortu dute tranbiara igotzea. Rafa Puelles plataformako kide bat da, eta adierazi du gaurkoan ez dutela «ospatzeko» ezer: «Tranbia hau ez da batere egokia zerbitzurako; hiri txiki honetan, egun, badaude egokiagoak eta merkeagoak diren garraio publikoko zerbitzuak». Besteak beste, salatu dute tranbiaren luzapena «diru xahutzea» dela. Ez da iritzi berekoa, ordea, Maitere Iriondo. Angulemako geltokian hartu du tranbia, eta esan du pozik dagoela: «Bidaia, orain arte, ederra izan da; egunerokoan erabiltzen dut tranbia, eta aurrerantzean ere erabiliko dut».

Tranbiak bi minutu eta erdi behar izan ditu Floridako geltokitik Hegoaldera iristeko. Han jaitsi dira protestan ari zirenak, eta aurrera egin du bidaiak. Bigarren tartea, Hegoaldetik Unibertsitatera. Geraldine Jazz taldea dabil giroa alaitzen bidaiak iraun bitartean. Jendeak gerririk mugitu ez arren, musika dantzagarria da. Kontxa Gomez haiei begira dago, ilobarekin batera. «Egunero erabiltzen dut tranbia, hiriaren kanpoaldean bizi bainaiz; gainera, oraingo modelo berria polita da, eta diseinuak espazioa eskaintzen du», adierazi du Gomezek. Izan ere, ibilbide berria inauguratzeaz gain, tranbiaren modelo berri bat ere estreinatu dute. Diseinu berriak zazpi bagoi ditu, eta gai izango da 400 bidaiari eramateko.

'Eboluzio naturala'

Tranbiak bost minutu behar izan ditu, guztira, Floridatik Unibertsitateko geltokiraino iristeko. Jendeak albokoari itsatsita egin du bidaia, sardinak ontzian bezain estu. Ateak zabaltzean, laster batean atera dira gehienak bagoietatik. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburua ere azken geltokira joan dira, tranbia berria iritsi eta minutu gutxira. Ekitaldi ofizialik, ordea, ez dute egin.

Bien bitartean, Korrontzi folk musika taldea azken entsegua egiten dabil oholtza gainean; soinu probak. Oinkari dantza taldeko dantzariak ere etorri dira haiekin. Hain zuzen ere, inaugurazioari amaiera emateko kontzertu bat eman dute, baita Itziar Yague musikariak ere. Eboluzio naturala da gaurko lelo nagusia, luzapenaren kanpainak dioen eran.

Selena Diaz azken geldiunean da, eta tranbiaren luzapenaren aurka dago. Gaurko honetan, ez da tranbian ibili. «Eboluzio naturala dio kanpainak, baina aurrera egin beharrean atzera goazela iruditzen zait», esan du Diazek. Haren arabera, Gasteizek, arlo zenbaitetan, bilakaera «kaskarra» izan du, eta gehitu du udalak beste arazo batzuei egin beharko liekeela aurre: «Tranbiarekin bizikletentzako eta oinezkoentzako lekuak berreskuratuko ei dira, baina udalari hori jada ahaztu zaio; negozioa besterik ez du egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.