ATZEKOZ AURRERA

Gastronomiaren bidegurutzeak

Tokiko elikagaiak saltzen dituzten mahaiek eta artisauen postu batek osatzen dute Barakaldoko BECen egin duten gastronomiaren herrixka; Gustoko azoka bihar arte egongo da zabalik.

Gustoko azoka gastronomikoko postuetako bat, barazki eta frutekin. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
amaia igartua aristondo
Barakaldo
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Kafea hartzeko gertuko tokirik?». Eguerdirako gutxi falta dela, Gustoko gastronomia eta elikadura azokako jantokiak hutsik daude oraindik, luze baino lehen jesartzen hasiko direnentzako mahaiak atontzen baitaude. Hala ere, kafea saltzen duen pareko janari furgonetan ilara luzea dago jada. Barakaldoko (Bizkaia) BECek bihar arte hartuko duen Gustoko azokan ere, kafea goizeko lehen orduetako nagusia dela dirudi, gastronomiaren herrixka bihurtu duten azokan.

Pabiloiaren sarrerako teloi beltz zabal batek tokiko produktuen herrixka osatzen duten mahaiak ezkutatzen ditu. Pareta prefabrikatuen antolaerak herri txiki bat simulatzen du, gezi formako kartelek seinalatutako kale eta guzti. Haietako batzuetan, posturik gabeko korridore zabaletan, landa eta hirigunea konektatzeko Nirea mugimenduaren argazki galeria ikus daiteke. Besteetan, azoka tradizionalen usain sarkor ugariak usna daitezkeen horietan, gazta erdiek osatutako dorreak aurkitu daitezke, edo kartoizko hartz batek babesten dituen izokin eta bakailaoak. Baita hain arrunta ez den berakatz beltza ere.

Aurten, gainera, Gustokoren kaleetara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako produktuak gehitu dira. Hala, izozkiak edota marmeladak eskaintzen dituzte haietan, baita elikadura mota horren inguruko informazioa ere. Hara joan dira Jenifer Garcia eta Eva Ania. Jaki ekologikoekiko interesa dute, «elikadura osasuntsuarekin» lotzen baitituzte biek. Garciak, zehazki, «transgenikoak ez erabiltzearekin eta tokiko eta garaiko produktuak kontsumitzearekin» identifikatzen ditu. Ania halako produktuen ekoizleekin egon izan da aurretik ere, nola lan egiten duten ikusteko, eta BilbaoGourmet bere blog gastronomikoan azaltzeko: «Ekoizle txikiei balioa ematea garrantzitsua iruditzen zait, lan egiten ari direlako guztiok elikadura osasuntsuago bat izan dezagun». Minutu gutxi zain egon ondoren, postuko arduraduna bildu zaie, eta luze egon dira haien azalpenei adi.

Justu ezkerrean, Slow Food mugimenduaren ordezkariak daude. «Jakia ahalik eta ondoena, garbiena eta justuena» izatea da haren oinarria, Maite Gonzalez saltzaileak dioenez. Arabatik joan dira Barakaldora, eta hango produktuak eraman dituzte: Añanako gatza, lekaleak, garagardo ekologikoa... «Tokiko produktuekin egiten dugu lan beti, bidean gutxiago kutsatzeko». Kontsumitzen denaren inguruko «kontzientzia» sortzea aipatu du giltzarrietako bat bezala: «Hondatzen ari den planeta hau salbatzeko, ekarpen txikia egiten saiatzen gara».

Eskulangintza ere bai

Gustoko azokan gastronomia da protagonista, baina artisautzaren aitzakiarekin, jana eta edana baino gehiago daude herrixkako korridoreetan. Horietako batetik desbideratuz, horma beltzezko gune bat dago, eta, paretetako batean, Arbaso artisauen zurezko irudien erakusketa. Haiek ere osatzen dute Gustokoren herrixka. Azokaren hiru edizioetan egon dira, Bernat Vidal arduradunak azaldu bezala. «Antolatzaileen eskaera izan zen, eta oso eskertuta gaude nekazaritzako produktuak ez ezik, Bizkaiko artisautza ere erakustea erabaki dutelako». Halako ekintzak «garrantzitsuak» direla dio: «Kalitateari eta hemengo produktuari balioa ematen dietelako eta, bide batez, gure lana ezagutzera ematen dutelako». Gastronomiak eta eskulangintzak herrixka berezia osatuko dute bihar arte BECen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.