ATZEKOZ AURRERA

Bilboko gorriak konektatuta

Otl Aicher Bilboko metroaren irudi grafikoa egin zuen diseinatzailearen obra bildu du Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa batean. Otsailaren 28ra bitarte bisitatu ahal izango da.

Bisitari bat Bilboko Arte Ederren Museoan, Otl Aicherren inguruko erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Bilboko gorria deitu zion Otl Aicher diseinatzaile alemaniarrak Bilboko metroaren irudi grafikoa osatzeko erabili zuen koloreari. Hiriko banderaren kolorea, burdinaren eta metalurgiaren kolorea, garabien kolorea, ikurrinaren kolorea. Osagai askoren bidegurutzean egin zuen topo Aicherrek gorriarekin, eta, 1995az geroztik, elementu gorri bat gehiago erantsi zion hiriko paisaiari: Bilboko metroa. Gorri berezi horrek ardazten ditu metroaren inguruan egindako zirriborro, marrazki, irudi eta azterketa guztiak. Garraiobidearen abiaduraren adierazle den logotipoa, metroaren ibilbidea geralekuz geraleku erakusten duen marrazki sekuentzia, seinalizazioa, bagoien kolore konposaketa... denak Aicherren obrak, eta denak Bilboko Arte Ederren Museoko paretetan zintzilik.

Bilboko metroa mende laurden betetzear dela —1995eko azaroaren 11n inauguratu zen—, Otl Aicher.Metro Bilbao. Arkitektura eta Paisaia erakusketa ondu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai, eta artistaren inguruan inoiz egindako lehen atzera begirakoa da.

Aretoa atalka bereizi dute, eta erdigunean dago metroari eskainitako gune zabala. Apurka eta tentuz irakurtzen ari da azalpenak Maria Jesus Barrenetxea. Liluratuta dago Aicherren obrarekin:«Hiria ondo ikasi zuen diseinua egin aurretik: arakatu zuen lurraldea eta paisaia, Santurtzitik hasi eta Plentziaraino metroak egingo zuen ibilbidea ikasi eta aztertu zuen, eta, horrekin batera,hiriaren historia eta sinboloak ikasi zituen». Lanketa sakon horretatik eratorri dira logotipoa osatzen duten hiru eraztun gorriak, geltoki guztien izenburupean dauden gainazal gorriak eta seinalizazioa osatzen duten hizki eta iruditxo askotarikoak.

Horiek osatzera Aicher nola heldu zen esplikatzen du erakusketak, eta Maria Martin museoko komunikazio zuzendariordearen aburuz, premonizio gisa irakur daiteke Aicherren lanketa: «Historia ikertu zuen Aicherrek, atzera begira jarri zen zetorrenaren oinarriak finkatzeko; hain zuzen, hiriaren berpizkundearen eta aro berriaren ikurra da metroa». Metroa hiriaren eraldaketa betean jaio zen; industria garaitik hiri modernora. «Metroak herritarrak konektatu zituen, hiria jasangarriago egin zuen, eta orokorrean, herritarren bizi kalitatea hobetu zuen».

Fosterren itzalean

Norman Foster arkitektoaren enkarguz abiatu zuen Aicherrek metroaren irudi korporatiboa osatzeko bidea, eta herritar askorentzat ahanzturan galdu da diseinatzailearen izena. Sandra Sevillari halaxe gertatu zaio. Jaiotzaz bilbotarra da, baina Salamancan (Espainia) bizi izan da urte luzez, eta orain praktikak egiten ari da Arte Ederren Museoan. «Uste nuen metroaren diseinu guztia Norman Fosterrena zela, baita irudi korporatiboa ere!». Irudi horren inguruan ere ez zuen sekula pentsatu, eta «espaziontzi» itxurako geltoki eta metro irteerek erakarri izan dute Sevillaren arreta. Erakusketan murgildu ahala, harrituta geratu da Aicherrek egindako azterketa zorrotzarekin. «Halere, oraindik ez dakit prozesu sakon eta luze honen guztiaren isla ikusten dudan amaierako irudian». Logotipoaren diseinuaz ari da, elkar kateatutako hiru eraztunen irudiaz.

Maria Pilar Aisarentzat ere ezezaguna zen Aicher: «Irakurri dut jendeak metroaren diseinuagatik ezagutzen zuela, eta nik ez nekien nor zen.». Hain zuzen, hori izan da museoko langileen helburuetako bat: «Denok lotzen dugu Bilboko metroa Norman Fosterrekin, eta guk Aicherri aitortu nahi genion egindako lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.