ATZEKOZ AURRERA

Istorio bat zertzelada bakoitzean

Gasteizko Alde Zaharra apaintzen duten horma irudiak ez dira soilik estetikoak, eta bakoitzaren atzean dauden istorioak ezagut daitezke sortzaileek antolatzen dituzten bisita gidatuetan.

Denboraren harira horma irudia, Gasteizko Buruileria plazan. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Espazio konkretuetan, denborak aztarnak uzten ditu; besteak beste, bertan bizi den jendearekin batera aldatzen delako tokia bera ere. Aldaketa horiek materializatuta ikus daitezke Gasteizko Alde Zaharrean: zurezko zutabeek eutsitako harrizko eraikin zaharren artean, orainaldi koloretsu bat azaltzen da tarteka. Pintzelkada koloretsu horiekin ematen du mezua Buruileria plazako horma irudiak: Denboraren harira dauka izena. Hiru oihal ageri dira irudian. «Zerutik zintzilik daudela dirudi», dio Marian Rodriguez gidariak. Horma irudiko oihal batek estanpatu exotikoak ditu, «duela mende batzuk kanpotik etorri zirenen sinbolo gisa». Muralaren aurrean eman zituen azalpenak Rodriguezek, atzo. Izan ere, bisita gidatuak antolatzen dituzte Alde Zaharreko horma irudiak ikusteko.

Bigarrenak urre kolorea dauka, 2007an margotu baitzen murala, orduko egoera ekonomikoa «oparoa» zelako, Rodriguezek azaldu duenez. Urre kolorearen gainean, dragoi bat dago brodatuta. Hirugarren oihala, ordea, zuriz dago, marrazteko dagoen etorkizuna irudikatuz. « Plazako historia aztertu zutenean, ikusi zuten hemen oihalen merkatu bat egin ohi zela, eta hortik abiatuta hasi ziren murala diseinatzen».

Gasteizko alde zaharra apaintzen duten hamabi muraletako bakoitzak ezkutatzen du istorio bat pintzelkada bakoitzaren atzean: «Horma irudi bakoitza egin baino lehen, ikerketa bat egiten da. Leku horretako historia aztertzen da, eta etxe horretan bizi direnekin hitz egiten da, baimena eman dezaten eta beren istorioa kontatzeko».

Anorbin kantoiko etxe batean dagoen horma irudia egiten hasi zirenean, ohi bezala, han bizi zirenekin batzartu ziren lehenengo. Beheko pisuan biltegi bat zeukan emakume bati ez zitzaion ideia asko gustatu, baina, proiektua aurrera joan ahala, iritziz aldatu zuen. Orain, bere erretratu erraldoi bat ageri da horman. «Berdintasunaren inguruko horma irudia da, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak emakumearen eta bakearen inguruko ebazpena atera zuela hamar urte bete zirelako egin zuten». Behealdean, emakume batzuk ageri dira, haserre, beren eskubideak aldarrikatzen. Gorago, mutiko bat panpinekin jolasten eta emakume zurgin bat. Eta, goiko aldean, argira zuzenean begiratzen duen emakume haren erretratua, hasieran horma irudiei mesfidati begiratzen zien arren. «Artearen bidez auzokideen eta eragileen benetako parte hartzea sustatzea da horma irudien helburuetako bat», esan du Rodriguezek.

Izan ere, irudia egiten den inguruko negozio eta bestelakoek ere lagundu izan dute askotan. «Oihalen horma irudia Santa Maria katedralaren ondoan dago, eta bertako aldamioak utzi zizkiguten proiektua gauzatzeko. Ordainetan, muralean katedralaren sinboloa ageri da oihaletako batean». Hala ere, horma irudiak sortzeko orduan, berebiziko garrantzia dute horiek lantzen dituzten boluntarioek. «Diseinua boluntario guztien artean erabakitzen da, baina lanak koordinatzen dituen zuzendari bat egon ohi da». Rodriguez bera ere boluntarioa da. Irudiak egiten dituztenentzat berezia den lan bat ere badago: «Egin zen azkena da, 2012. urtekoa. Boluntarioei eskainia dago, orduan ez baikenekien, aurrekontu falta zela eta, gehiago egin ahal izango genituen». Irudian, boluntario batzuek Gasteizko zerua margotzen dihardute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.