ATZEKOZ AURRERA

Liburuek plaza hartu dute berriz

Bi urteren ostean, berriz egin dute Gasteizko liburu azoka. Joan den ostiralean hasi zen, eta bihar amaituko da. Antolatzaileek baieztatu dutenez, «harrera ona» izan du orain arte.

Bi urteko etenaren ondoren, berriz egin dute liburu azoka Gasteizko Zeledonen plazan. Azken-aurreko eguna da gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Nobedadez beteta daude postuetako erakusmahaiak. Liburuak nonahi. Bai. Bi urteren ostean, itzuli dira kaleko liburu azokak. Azoka historiko horietako bat Gasteizen egiten da, eta, aspaldiko partez, Zeledonen plazara itzuli dira hiriko liburu saltzaileak. Gainera, badirudi pandemiak ez diela kendu idazleei irudimena eta sortzeko grina, eskaintza zabala baita. Irakurleak ere, hor, ikusmiran, zalantzan, zein liburu erosi erabaki ezinean.

Pandemia aurretik urteak zeramatzaten liburu azoka ekainean egiten. Aurten, izurriteak baldintzatuta, azaroan egitea erabaki zuten. Joan den ostiralean ekin zioten azokari, eta bihar amaituko da. Biografiak, nobelak, sukaldaritza liburuak, kronikak... Eskaintza askotarikoa da. Are, euskal idazleen liburu berriren bat erosteko leku aproposa da; izan ere, horien alde egin dute bertan dauden liburu dendek.

Azokaren falta sumatzen zuten. Denbora luzean lehenengo azoka dute saltzaile askok. Hain zuzen ere, saltzaile horietako bat da Ayala Villate, Gasteizko Ayala liburu dendako saltzailea. Jendeari liburuak gomendatzen eta saltzen ibili da aste osoan. Kultura behingoz «merezi duen tokira» eraman behar dela azpimarratu du. Asko eskertu du jendearen erantzuna: «Mugimendua egon da, asteburuetan batez ere. Jendeak irakurtzeko gogoa du». Horregatik espero du jendeak «irakurtzeko ohitura ez galtzea».

Rosarioren pareko irakurleekin, lasai egon daiteke Villate. Izan ere, irakurle amorratua da, eta «diru asko ez izan arren», liburuetan inbertitu ohi du: «Bizitza osoa daramat irakurtzen. Argi daukat irakurtzen ez duenak orro egiten duela. Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta gehiago jakingo duzu». Jada erosi du liburu bat azokan, eta beste bat erosi ala ez pentsatzen ari da.

Rosariok beretzat erosi ditu liburuak, baina ez da beti horrela izaten. Ane Agirregomezkorta Gasteizko Elkar dendako arduradunak nabaritu du jende asko «oparitzeko liburu bila» joan dela azokara. Oparitzeko erositako liburuen artean, gasteiztarrek idatzi dituzten liburuak ere badaude. Adibidez, Iñigo Martinez Peña idazlearen Mandamentu hipermodernoak liburua. Gehien saltzen ari diren liburuetako bat da, baina, Agirregomezkortak nabarmendu duenez, Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan gordina da gehien saldu den euskarazko liburua. «Arrakasta handia» izaten ari da.

Oparitzeko edo norbere buruarentzako liburu baten bila joan den askotariko jendea ikusi du Villatek. Pandemiak liburuen inguruko interesa areagotu duela uste du; askok irakurtzeko grina berreskuratu dute. Eta hori ez da kasualitatea, Villatek uste baitu konfinamenduan irakurtzeak «konpainia» egin ziola jendeari. Eta, «zorionez», irakurtzeko ohiturari eutsi diotela batzuek.

Zabala da haurrentzako liburuen eskaintza ere. Hain zuzen,Marina Canbero erosleari oso garrantzitsua iruditzen zaio ohitura hori umetan barneratzea: bere umeentzat ea liburu interesgarririk aurkitzen duen ikustera dator. «Oso garrantzitsua» deritzo txikitatik irakurtzeari.

Erosle guztien jarrera eta azokak izandako «harrera ona» eskertu dituzte saltzaileek. Baieztatu dute «onena» geratzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.