ATZEKOZ AURRERA

Udazken koloreen albo paisaiak

Sarritan, udazkeneko koloreek artelan naturalak sortzen dituzte inguru askotan. Gasteizko Florida parkea da horietako bat; paisaia urbanoarekin talka egin arren, bateragarriak izan daitezke.

Goiz eguzkitsua izan arren, ez zebilen jende asko atzo Gasteizko Florida parkean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Mugimendu leun batekin askatu da hostoa zuhaitzetik. Beheranzko bidea hasi du, eta dantzan ari da albo batetik bestera, poliki, haize finaren bultzada txikien eraginez. Itsasontzi bat itsaso bare batean legez, kulunkan. Kolore horia hartua du dagoeneko, eta lurrera erortzean bat egin du beste hostoek aurrez sortua zuten artelanarekin; orbelezko zoru paisajistikoa. Beroak ditu koloreak, benetan halakorik egiten ez badu ere. Eta biluzik gelditzen ari da zuhaitza, babesik gabe, hozkituta eta hezurdura agerian duela. Udaberrian loratuko da berriro, baina, orain, udazken koloreen garaia da.

Hosto horiez gain, Gasteizko Florida parkean nagusi dira txorien txioak ere. Halere, hiriaren erdiguneko bestelako hotsekin nahasten dira, eta zaila da antzematen haien kantua. Talka egiten dute paisaia naturalek eta urbanoek.

Bi paisaiak bateragarriak izan daitezke. Hainbatek hiriguneetako parkeak baliatzen dituzte arnasa pixka bat hartzeko. Gaurkoan, ordea, goiz eguzkitsua izan arren, noraezean dabiltzan eta segur aski jende asko baino kaletarragoak diren usoez gain, inor gutxi dabil; pertsona bakan batzuk, besterik ez.

Claudia Etxabarria da horietako bat: «Normalean ez gara hona etortzen, Arriagakoa gehiago gustatzen zaigulako, baina, erdigunera etorri behar genuela aprobetxatuz, hemen gaude». Seme-alabekin eta senarrarekin batera dago, eta astero saiatzen dira hiriko edo kanpoaldeko parkeren batera joaten, «naturarekiko kontaktua» sentitzeko. Are, dioenez, udazkena «maite» du, eta adierazi du urtaro honetako koloreek «xarma» ematen dietela halako eremuei. Hala ere, hotza da gaurko eguna, eta «haurrak aspertu orduko» alde egingo dute.

Ume horiek kioskoaren inguruan dabiltza jolasean, eta, bitartean, korrikalari batzuk ez ezik, txakurra paseatzera atera diren herritar zenbait pasatzen dira albotik. Hala ere, horietako batzuek, inguruari begiratu bainoago, badute zer egin interesgarriagorik: mugikorra eskuetan dute. Agian ohartu ere ez dira egingo txakurrak ihes eginez gero.

Parkearen alboan dagoen pasealekurantz jo ohi dute horietako gehienek, eta hor dago German Soto ere, banku batean eserita eta eskuetan bi makila dituela. «Ibilketa nordikoa egitera atera naiz, Armentia aldera, eta, itzuleran, deskantsu hartzea erabaki dut». Hala ere, aitortu du Floridako parkera joatea baino hobe dela beste ingurune batzuetan ibiltzea udazkeneko koloreez gozatzeko. Gainera, ez da garairik «egokiena» dagoeneko: «Egunero pasatu ohi naiz hemendik, paseoan, eta dagoeneko erorita daude hosto gehienak; orain bizpahiru aste oraindik lehortu gabeko hostoz beteta zegoen lur osoa». Beraz, aholku bat eman du: «Hurrengoan azkarrago ibili beharko zarete!».

Bankutik altxatu eta etxeranzko bidea hartu du Sotok, bi makilak aurrera eta atzera mugitu ahala pauso bakoitzeko, jendartean desagertu den arte. Besteak beste, Wynton Marsalis tronpeta jole estatubatuarrari eskainitako eskulturaren albotik pasatu da. Bertan egoten da gau eta egun, banku baten kontra jarririk. Agian, bera izan daiteke udazkeneko eta gainontzeko urtaroetako koloreez jardun dezakeen onena, baina, gaurkoan behintzat, ez du hitz egiteko gogo handirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.