ATZEKOZ AURRERA

Bideek aldamenera daramate

Barakaldoko BECen, Gustoko elikagai azokak gertuko 240 ekoizle bildu ditu: besteak beste, zero kilometroko produktuak eta janari lasaiaren aldeko nekazariak egongo dira, bihar arte.

Mungiako ekoizleak, jantzi tradizionalak soinean, hango produktuak saltzen, BECeko 1. pabiloian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Barakaldo
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Kartel koloretsuak, askotariko sor-marken etiketak, apaingarri deigarriak, lelo iradokitzaileak eta postuetan daudenen prestasuna gorabehera, haiei izkin egin eta soilik usaimenak gidatuta ibil daiteke Barakaldoko (Bizkaia) BECeko Gustoko azokan barna. Txorizo usain leuna antzematen da, eta hura ordezkatzen du berehala kafe prestatuberriarenak; bidegurutzean ezkerrera jo, eta errosken usain sarkorra gailentzen da erabat; gazta onduaren arrastoak gidatzen du ondoren bisitaria, frijitzen hasi berri diren haragiraino.

Kale luze eta zabalek ez daramate oso urrutira, edonola ere. Azokaren laugarren aldiko 240 postuak Euskal Herriko produktuz lepo daude, eta Herrialde Katalanetako, Espainiako, Portugalgo eta Frantziako ekoizpenari ere lekua egin diete 1. pabiloian. Zero kilometroko osagaiak dituzte batzuek, janari lasaiaren aldeko mugimendura daude atxikita bestetzuk: modu horretan identifikatu dituzte euren produktuak, esaterako, Mungiako (Bizkaia) ekoizleek, baina izen berrien atzean betiko jarduna dago. Jantzi tradizional bat soinean duela, hala bermatu du Piedad Orue Jauregi saltzaileak. «Guk tradizioa ekartzen dugu Mungiatik. Bariku guztietan azoka egoten da, eta plazan andreak egoten dira saltzen; tradizioa da». Ohiko bezeroengandik urrun egonda ere, azoka «erakusleiho» bat dela dio, herriko generoa erakusteko handik kanpokoei ere.

Orozkon (Araba) du lantegia Iza okindegiak, eta Laudion (Araba) saltokia; eta, hala ere, ekarpena egiten die Barakaldora joateak, Aida Fuentesek dioenez. Ez salmentengatik, preseski. «Gu oso okindegi txikia gara, eta bezero gehienak auzokideak dira; beraz, ez dugu behar handik kanpoko publizitaterik. Laguntzen du, baina, azkenean, gu ez gara bizi lanegun batetik». Kontrara, azokak modua ematen dio beste okin batzuekin harremana izateko, eta, batez ere, haiekin batera sektoreari bultza egiteko. «Gauza bera nahi dugu: kalitatea, eta industriaren aurrean babestea. Jendeak ikus dezala ogia badagoela, industrialaz aparte».

Izan ere, ekoizpenaz harago, bezeroarekiko arreta ere gertukoa izatea nabarmendu du Fuentesek, eta azokak badira horretarako ere aproposak. «Ikusi behar dituzte ogi ezberdinak, gurekin egon, eta galdetu nola egiten ditugun edo zer osagai daramatzaten. Supermerkatuetan informazio asko galtzen da; jendeak informazio asko du, baina ez daki non kokatu». Dena den, jakin-min «gero eta handiagoa» dagoela sumatu du.

Norabide aldaketa

Janariaren usainak baino lehen, alfonbra berde bizi batek harrapatzen du bisitaria. Sabaitik zintzilikatutako errezel beltz luze eta zabal baten azpian dago, sarreran: produktu ekologikoen kalea da, hain justu, eta hortik heltzen da azokako gainontzeko korridoreetara. Ezin muzin egin, beraz, Oiartzungo (Gipuzkoa) konbutxari edo ekotaloari. Postuetako hainbatetan, nabarmen ikusten da Eko Lurra zigilua, ekoizpenok, ekologikoak ez ezik, gertukoak ere badirela bermatzen duena.

Baliteke kale hori luzatuz joatea datozen aldietan, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko sustapen teknikari Amaia Esnaolak dioenari erreparatuta. «Europako Batzordean Farm to fork (baserritik mahaira) programa dago, eta helburua da 2030erako Europako lurren %25etan produktu ekologikoak lantzea». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %4koa baino ez da kopurua, baina joera positiboa da. «Erosleek gero eta sentsibilitate handiagoa daukagu, eta handitu egin dira lurren azalera eta eragile kopurua».

Kontseiluaren datuen arabera, 2001ean 373 hektareatan landatzen ziren produktu ekologikoak —nekazaritza lurren %0,15etan—, eta 61 profesional ari ziren. 2021ean, 7.420 hektarea dira, eta eragileak, 710. Sartzerakoan bezala, lurrinek gidatzen dute azokako irteerara, baina gertukoaren usaina nabarmen aldatu da dagoeneko. Bihar itxiko ditu ateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.