ATZEKOZ AURRERA

Bineta sorten atzeko istorioak

Getxoko Komiki Azokaren 18. aldia egiten ari dira Areetako geltoki plazan. Zaleek, sortzaileek eta komiki saltzaileek bat egin dute asteburu batez. Haurrentzako eskaintza indartu dute aurten.

Askotariko gaiak eta formatuak lantzen dituzten komiki zahar eta berriak topa daitezke Getxoko Komiki Azokan. RAUL BOGAJO/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Getxo
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Metroko eskailerak igotzen hasi bezain pronto, parez pare ikus dezake bidaiariak geltokitik metro gutxira aurkituko duenaren berri ematen dion mezua. Argi dio Areetako metro geltokiko beirak: Getxoko XVIII. Komiki Azoka. Azpian, data. Eta atzean, aurtengo irudi hori-beltza. Kalera irtenda, plazaren eskumako aldean dago karpa zuria; eta barruan, hamaika istorio. 43 saltoki gune, komiki zaleak eta ikusmira hutsez bertaratutakoak, sortzaileak euren azken liburua sinatzen, zuzeneko marrazketa saioak; eta, jende jarioaren zentroan, tamaina, itxura eta kolore guztietako komikiak. Bineta sorten segidaz osatutako literatur lanak dira protagonista.

Ostiralean ireki zituen ateak Getxoko Komiki Azokak, 18. aldiz, eta gaur izango du azken eguna. Errotu egin da feria herrian, eta zenbaitentzat urteroko plan finkoa bihurtu da dagoeneko. Klasiko horietako bat da Dani Fano komikigilea. Xabiroi gazteentzako komiki aldizkariaren koordinatzailea da Fano, eta2007tik urteroko planen zerrendan du Getxoko Komiki Azokan saltzaile izatea. Euskal komikigintzarentzako plaza egokia deritzo. «Euskarazko materialari arreta jartzen dion bakarrenetarikoa da. Horregatik, gure saltokian, Xabiroi materialaz gain, saiatzen gara beste argitaletxeek euskaraz egindako berritasunak ekartzen. Bestela ez lirateke hemen egongo». Izan ere, Harriet argitaletxearen saltokiaren parean jarrita, «euskarazko komikiaren fokua» osatzen saiatu dira.

Foku horretan ari dira euren lan berriak sinatzen Joseba Larretxe, Arrate Rodriguez eta Amaia Ballesteros ilustratzaileak, besteak beste. Nor bere lanean buru-belarri sartuta, saltoki aurretik igarotzen direnen arreta erakartzen dute sinatzaileek. Hamar bat lagun dituzte begira-begira, liburuen lehen orri zurian marrazten ari diren irudiari so.

Gainerako egileen parean, irudi sinadurak egiten hastear da Iñaki Holgado. «Harkaitz Canorekin batera ondu dut Amets alokatuak lan berria; berak egin du gidoia, eta nik haren hitzak irudi bihurtu ditut». Marrazkiaren munduan mugitzen da Holgado: zineman, marrazki bizidunak egiten dihardu, eta, batez ere, komikiak ilustratzen. «Komikian, zinemaren narratiba eta literaturaren gidoia uztartzen dira». Etengabe hedatzen ari den unibertsoa da komikigintza, sortzaile kopuruan eta eskaintzaren aniztasunean. Astiberri argitaletxeko Fernando Tarancon editoreak dio haientzak azoka jai bat dela, elkargune bat. «Harremanak estutzeko aukera; sortzaileak, editoreak eta zaleak batzen gara».

Zaleen plazak ere aniztasunera egin du. Estibaliz Garro irakaslea eskolan baliatzeko komiki bila bertaratu da azokara. «Irakurketa eta idazketa prozesuetan oso lagungarri dira komikiak; testu gutxi eta irudi asko, testu irakurterrazak dira». Santurtzitik (Bizkaia) bertaratu dira Mikel eta Itxasne Gomez aita-alabak. 9 urteko neskak argi du zer nahi duen: «Neskak protagonista dituen komiki bat nahi dut». Aitak pozik ikusi du alabak orain horrelako komikiak irakurtzeko aukera duela: «Txikia nintzenean, komikietan denak ziren gizonak, eta, gainera, molde jakin batekoak».

Txikienei arreta berezia

Azokaz gain, bestelako ekintzak lantzeko indarra egin dute aurten. Hain zuzen, Erromoko kultur etxeko beirak margotzen ari dira haurrak, Kike Infame komikigilearen gidaritzapean. Transmisioaren garrantziaz ohartuta, haurren parte hartzea sustatu nahi du Infamek. «Komikigintzaren lekukotza bermatzeko, belaunaldien arteko zubiak eraiki behar ditugu; umeek parte aktibo izan behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.