Katalunia

«Laguntza eske etorri gara»

Kataluniako 200 alkatetik gora Bruselan izan dira; Europako Batasunari galdetu diote «Kataluniaren heriotza» baimenduko ote duen. ERCk ez du aukerarik ikusten zerrenda «egiaz» bakar bat osatzeko

Bruselara joandako alkate katalanak Carles Puigdemont presidentea agurtzen, atzo. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Igor Susaeta - Mikel Rodriguez
2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Zuzena bezain esanguratsua zen pankartan katalanez idatzitakoa: «Europa, Kataluniaren heriotza baimenduko al duzu?». Galdera hori planteatu zioten Kataluniako 200 alkatek baino gehiagok atzo, Bruselan, Europari. AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak eta ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteak deituta joan ziren hara. Batetik, Kataluniako Gobernuaren «legitimitatea» aldarrikatzera. Bestetik, Espainiako Estatuari exijitzera kartzelatik atera ditzala atxilotutako Kataluniako Gobernuko kontseilariak eta mugimendu subiranista zibileko liderrak. Eta, azkenik, horiei guztiei eta Carles Puigdemonti eta Bruselan dauden lau kontseilariei babesa ematera.

AMIk eta ACMk ekitaldi bat zeukaten deituta 17:00etarako Bruselako Arte Ederren Jauregian, eta horretan hitza hartzen azkena Kataluniako Gobernuko presidentea izan zen. Atzean senyera bandera katalana eta EB Europako Batasunarena zituela, zera nabarmendu zuen: «Herritarrek galdetzen dute Europak zergatik ez duen erreakzionatzen gehiegikeria hauen aurrean». Jarraian, Rafael Hernando PPren bozeramaileak atzo esandakoa gogoan —«hauteskundeen ondoren independentismoak gauza bera egiten badu, beste 155. bat egongo da»—, Espainiako Gobernuaren Kataluniarekiko jarrera babesten duten Europako agintarietako biri galdera: «[Jean Claude] Juncker eta [Antonio] Tajani, emaitza onartuko al duzue? Estatu kolpe honetan Rajoyri laguntzen jarraituko al duzue?». Ekitaldiaren amaieran, taldeko argazkia egin zutenean alkateek, Puigdemontek eta kontseilariek, zeharo hunkitu zen Kataluniako Gobernuko presidentea. Neus Lloveras AMIko presidenteak laburbildu zuen agerraldiaren, bisitaren helburua: «Europari laguntza eskatzera etorri gara». Izan ere, Katalunian gertatzen ari dena nazioartekotzeko ahaleginean dabiltza.

Horregatik beragatik joan zen atzo Bruselara Xavier Sala i Pujol Camprodoneko (Girona) alkatea. «Europako instituzioek jakin beharra daukate Katalunian zer ari den gertatzen», adierazi zion BERRIAri. Haren hitzetan, «prozesu guztiari beharrezko babesa» ematea zuen xede bisitak. Babesa, Puigdemontek jaso zuena. Agertu zen AMIk eta ACMk deitutako ekitaldira, eta txalo jo zioten, «president! president!» oihukatzen zioten bitartean. Besarkatu egin zuten batzuek, eta denek altxatu zituzten eskuetan zeuzkaten aginte makilak.

Eguerdian heldu ziren Bruselara. Preso dauden politikari eta ekintzaileak aska ditzatela eskatzeko, elkarretaratze bat egin zuten Europako Batzordearen egoitzaren aurrean —Espainiaren batasunaren aldekoek beste batera deitu zuten inguruan—, eta pankarta bat zabaldu: «Freedom political prisoners» (askatu preso politikoak). Alkateei batu zitzaizkien Ramon Tremosa (PDECat), Jordi Sole eta Josep Maria Terricabras (ERC) europarlamentari kataluniarrak, baita zenbait europarlamentari flandriar independentista ere.

Juncker, Espainiarekin

Hain zuzen ere, azken asteotan ika-mikak edukitzen ari da Espainiako Gobernua N-VA alderdi flandriarrarekin —indar nagusia da Belgikan—. EB, aldiz, alboan dauka Kataluniako auziaren kudeaketari dagokionez. Kataluniako subiranistek eskatzen diete Europako instituzioei ez dezatela beste aldera begiratu, baina Bruselak bereari eusten dio. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak adierazi zuen, herenegun, ez duela uste agintari espainiarrak zuzenbide estatua urratzen ari direnik: «Areago, uste dut ordena konstituzionala errespetatzen ari ez direnek urratzen dutela legea». Alkateek eta Puigdemontek laguntza eskaerak eginda ere, ez dirudi, oraingoz behintzat, Europak auzian esku hartzeko asmorik duenik.

Ordena konstituzionala du hizpide Junckerrek, eta horri heldu zioten alkateek atzoko agerraldian. Oholtzara igo zirenetako bat izan zen Andreu Francisco Alellako alkatea, eta Madrilek eta Europak prozesu guztia baliogabetzeko, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko, eta politikariak eta ekintzaileak atxilotzeko argudio gisa darabiltena izan zuen ahotan: «Arau goren batek ezin du demokrazia ito».

Lloverasek atzera egitea erabaki zuen, eta oroitu zerk ekarri duen independentismoaren gorakada Katalunian: «Espainiako Auzitegi Konstituzionalak dudan jarri zuen estatutu berria, eta horrek eragin zuen mugimendu independentista». Izan ere, 2006an onartutako Kataluniako Estatutu berriari helegitea jarri zion PPk, eta, lau urte geroago, 2010ean, auzitegiak onartu zuen estatutu berri hari atal batzuk kentzea.

Hori dela-eta ez dute Espainiaren barruan jarraitu nahi kataluniar askok. Bestela, Puigdemontek berak azaldu zuen, atzo, zergatik: «Askatasun gabezia, mehatxuak... Herrialde honetan ezin da bizi; beste batean bizi nahi dugu». Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearentzat, aldiz, Kataluniako presidentea «inprobisatzen» ari da. «Denbora libre askodauka Bruselan».

Hara atzo alkateak joan ziren—gauean ziren bueltatzekoak—, eta abenduaren hasieran, berriz,ANC Biltzar Nazional Katalanaren ordezkaritza bat da bertaratzekoa.

Zerrenda bereiziak

Bruselako erbestetik, abenduaren 21eko hauteskundeei buruz ere mintzatu da Puigdemont. Joan den astean adierazi zuen bozetara aurkezteko asmoa duela. Atzo esan zuen «larrialdi nazionaleko hauteskundeak» izango direla. Bart gauerdian bukatzekoa zen koalizioak aurkezteko epea. Hilaren 12tik 17ra, berriz, hautagaitzak aurkezteko epea izango dute alderdiek. Puigdemontek zerrenda bateratu bat egin nahi du, «joera guztiekin»: PDECat, ERC, CUP, Democrates, independenteak eta «Podemen hurbileko espazioak». Baina gero eta aukera gutxiago daude zerrenda subiranista bakar bat egiteko. ERCko bozeramaile Sergi Sabriak atzo gauean azaldu zuen «zerrenda egiaz bateratu bat» egitea ezinezkoa gertatu dela. Zehazki, aipatu du PDECat eta CUP zerrenda berean joateko egindako ahaleginek ez dutela fruturik eman. «Junts Pel Siren bidea txiki gelditu da; eta ez bada posible CUP sartzea, aukera onena zerrenda diferenteen arteko koordinazioa bilatzea izango da».

ANCk zerrenda bateratu baten aldeko mezuarekin jarraitzen zuen atzo, ERCk mezu hori zabaldu aurretik: «Katalanok ez dugu utziko aukeratu ez ditugunek goberna gaitzaten. Abenduaren 21ean bukatuko da egoera lotsagarri hau. Denok elkartuta joan behar dugu, errepublikari balioa emateko, eta berriz ere herrialde aberats eta oso bat izateko».

CUPek, berriz, igandean erabakiko du zer egin. Militanteei lau aukera proposatu dizkiete: alderdirik gabe osatuko den zerrenda baten alde egitea, ezkerreko fronte baten alde egitea, bakarrik aurkeztea, edo ez aurkeztea. CUPek atzo ez zuen koalizio bat osatzeko izenik aurkeztu, uste baitu zerrenda bateratuetan ez dutela egon behar alderdiek. Mireia Vehik esan duenez, alderdietako kideak ez diren ordezkariek «zuzendu» beharko lituzkete halako zerrendak. «Puigdemont Belgikan aktibo politiko bat dela ulertzen dugu, errepublikaren presidente legitimo gisa jardun behar duela, baina gauza batek ez du bestea kentzen».

Albano Dante-Fachin Podemosen Kataluniako adarreko idazkari nagusi ohiak zer erabakiko zain daude independentista asko. Herenegun dimisioa eman zuen, eta alderdia utzi zuen, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak erabaki ondoren Podemen kontsulta bat egitea bozetarako Catalunya En Comurekin elkartzearen inguruan, Kataluniako zuzendaritzaren iritzia kontuan hartu gabe. Dante-Fachinek atzo koalizio baten izena aurkeztu zuen Hauteskunde Batzordean, datozen egunetan norbaitekin elkartzea erabakiko balu ere. Podemen zuzendaritza 25 lagunek osatzen zuten; atzo, beste zortzik dimisioa eman zuten, Fachinekin bat egiteko. Horien artean dago Angels Martinez Catalunya Si Que Es Poteko diputatua zena. Fachin bera eta joan den astean kargua utzi zuen Antonio J. Molina kontatuz gero, hamar kidek utzi dute zuzendaritza. Podemosen arabera, ordea, militanteek argi utzi dute bat datozela Iglesiasen erabakiarekin. Kontsultan izena eman duten militanteen %72 inguruk babestu dute Catalunya En Comurekin bat egitea —Ada Colau Bartzelonako alkatea eta Xavier Domenech Espainiako Kongresuko diputatua ditu lider ezagunenak, hain zuzen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.