«Neurriz kanpoko» erabakia

Agiriaren sinatzaileetako lauk salatu dute Altsasun gertatutakoak ez duela bat egiten benetan terrorismoaren definizioarekin, eta auzia proportzionaltasunez epaitzeko eskatu dute.

Altsasuko auzipetuen alde herrian bertan egindako manifestazioa, azaroaren 26an. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Asteartean 214 abokatu, jurista eta unibertsitateko irakaslek Altsasuko auzia «zentzugabekeria» dela salatzeko manifestu bat atera zuten. Atzo, politika, kazetaritza, kultura eta kirol arloko 120 pertsonalitatek beste agiri bat aurkeztu zuten, auzia epaitzeko «proportzionaltasuna» eskatuz. Horietako laurekin hitz egin du BERRIAk.

MARIANO FERRER



Kazetaria

«Inpartzialtasuna,eta neurrian epaitzeko eskatzen dugu»



«Agiriak eskatzen duena argia eta bidezkoa dela iruditzen zait. Nire ustez, auzia neurriz kanpo atera da. Ez zait tontakeria bat iruditzen Altsasun gertatu zena, eta ez nago ziur tabernako borroka bat bakarrik izan ote zen. Nik benetan jakin nahiko nuke gau hartan zer gertatu zen, baina iruditzen zait hori ezin izango dugula lortu. Gertatutakoak bere larritasuna duela aitortu arren, gertaera horiengatik eskatzen diren zigorrak neurriz kanpokoak direla iruditzen zait, orain arte dugun informazioa aztertuta bederen.

Beste leku batzuetan guardia zibilekin izan diren liskarrak aztertuz gero, ikus daiteke hartu diren neurriak eta zigorrak erabat ezberdinak direla. Bestalde, hedabideek eta poliziak ere gertatutakoa neurriz kanpo atera dutela uste dut. Esaterako, hainbat gazteborondatez aurkeztu ziren lekukotza ematera, eta atxilotu egin zituzten. Horren kontra nago. Larria da gertatu dena, baina inpartzialtasunez eta neurriz epaitu behar den zerbait da, eta hori orain arte ez da gertatu.

Egoera hau bidezkoa ez dela eta laguntzeko prest dauden guztiak ongi etorriak dira, baina jakin behar dugu hau ez dela gizarteak egun duen arazo bakarra».

TERE IRASTORTZA



Idazlea

«Epaitzen ari denak ez du bat egiten egiaz Altsasungertatutakoarekin»



«Altsasuko auzia epaitzeko erabili duten delitu kalifikazioak ez du zerikusirik gertatutakoarekin. Epaitzen ari denak eta gertakariek ez dute bat egiten. Horrenbestez, auzia iruzur bat dela uste dut. Gurasoek eta alderdiek eskatu dute argitzeko urriaren 15ean Altsasun zer gertatu zen. Hori, ordea, ez da egin. Iruñeko 3. instrukzio epailea inhibitu egin zen eta auzia Auzitegi Nazionalera pasatu dute, eta niri iruditzen zait asmakizun bat antolatu dutela, dena fikzioa dela, alegia.

Egoera hori ikusirik, txalotzekoa eta eredugarria iruditzen zait Altsasuko herritarren jarrera. Ideologia ezberdineko jendea izan arren, altsasuarrak batu egin dira bidegabekeriaren aurka. Are gehiago, uste dut alderdi politiko eta kultur eragileen aurretik doazela. Egia da auzia Auzitegi Nazionalera iristean gauzak okertu egin direla, baina, horri erantzuteko, herritarrak eta gurasoak pausoak ematen ari dira.

Bestalde, uste dut hainbat komunikabidek oso gaizki tratatu dituztela auzipetuen gurasoak. Euren seme-alabak defendatzen ari dira, ez dituzte edozer gauzetatik libratu nahi. Lotsagarriak diren errespetu faltak jaso dituzte. Altsasuko herriaren portaera eredugarria izan da, eta horretatik ere ikasi beharko genuke».

AINGERU EPALTZA



Idazlea

«Espainian ere jendea asaldatuta dago auzi honen bilakaerarekin»



«Eskandalagarria iruditzen zait auzia. Azken batean, ez da bidezkoa bat-batean terrorismo bilakatzea goizaldeko ordu txikietan taberna batean edanda dauden pertsonen arteko liskar bat. Badakit ñabardura batzuk daudela, baina, hala ere, eskandalagarria dela iruditzen zait.

Ez naiz gai esateko Iruñeko 3. instrukzio epaileak inhibitzera behartuta dagoen edo ez esatea, baina argi dago auzi honek ez zuela Auzitegi Nazionalera iritsi behar, inondik inora ere ez.

Gizarteak eman dio nolabaiteko erantzuna egoera honi. Gainera, Espainian ere jendea asaldatuta dago auzi honen bilakaerarekin. Duela bost edo sei urte auzi honek ez luke orain duen oihartzuna izango. Kezka Espainia osora zabaldu da».

JON ALONSO



Idazlea

«Tematuta daude terrorismoa ikustenliskar soil batean»



«Auzia neurriz kanpo epaitzen ari dira. Gainera, gauzak konpontzeko baino gehiago, giroa gaiztotzeko ahaleginak ere badaude, eta ni horren kontra nago erabat.

Era berean, azpimarratzekoa da jendea erakusten ari den elkartasuna. Epaitegietan, ordea, ez dugu aurrera egiten, tematuta baitaude terrorismoa ikusten taberna giroko liskar soil batean. Altsasuarrei eta gurasoei ahal dugun neurrian laguntzea da orain egin behar duguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.