Ipar Euskal Herrian 43 hautagai izanen dira

Hautagaien hautaketak haserreak eragin ditu Martxan mugimenduan, eta nahasmena sortu du. Abertzaleek beren burua kontatuko dute
Hauteskunde kanpainako panelak, hautagaien afixekin, Baionan.
Hauteskunde kanpainako panelak, hautagaien afixekin, Baionan. BERRIA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko ekainak 2
Ipar Euskal Herrian ere nabariak dira Frantziako egoeraren ondorioak. Hamalau hautagai aurkeztuko dira hautesbarruti bakoitzean ?15 hautagai 5. hautesbarrutikoan?, eta horiekin ere izan dira gorabehera nabarmenak. LREMko hautagai izateko, mugimenduari bere hautagaitza proposatu behar zitzaion ?curriculum eta guzti?, horrek aukeraketa egiteko. Baina, François Bayrourekin lortutako akordioan, diputatuen zati bat Modem alderdiaren esku uztea adostu zuten. Hala, Florence Lasserre ?Departamendu Kontseiluko presidentearen alaba? izanen da 5. hautesbarrutiko hautagaia, eta Vincent Bru 6.ekoa. Azken horrek sortu du polemikarik handiena, Martxan-en bilkuretara nehoiz ez agertu izanaz gain, ezkontza eskubidearen kontra bozkatu zuelako legebiltzarrean. Nathalie Niel LREMko departamenduko arduradunak aitortu zuen kexa andana jaso zituela Brueren hautagaitzaren kontra, eta etiketa batzordera eraman zuela gaia, baina azken horrek ez dio aferari segidarik eman. Ikusteko dago gorabehera horiek eraginik duten LREMen aldeko bozkan. Hain zuzen ere, LREMekoak ez dira Macronen alde eginen duten bakarrak. LREM etiketa izan gabe ere, Macron-bateragarri gisa aurkez litezke horietako bat baino gehiago. Horien artean dira Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux PSko hautagaiak. Azken legealdian, Hollanderen gobernuaren erreforma liberal oro babestu dute legebiltzarrean, eta ez dute baztertu Macronen proposamen batzuk babestea ere, «egokiak baldin badira».

Presidentetzako hauteskundeetan, Macronen aldeko bozka nagusitu zen Ipar Euskal Herrian, baina legebiltzarrekoetan aukera politiko zabalagoa izanen dute hautesleek aitzinean. Horien artean dira EAJ eta EH Bai. Ezkerreko alternatiba gisa sinesgarritasuna lortu du azken urteetan koalizioak, eta EAJ ere gorako bidean doa. Fronte Nazionalaren beldur presidentetzarako Macroni babesa eman zion batek baino gehiagok, agian, indar abertzaleen alde egingo du hauteskunde hauetan. Biarnoarekin banatzen den 4. hautesbarrutia eremu konplikatua da abertzaleentzat, eta 5.ean ere nahiko apal ibili izan ohi dira. 6. hautesbarrutian lortu izan ohi dituzte emaitzarik onenak. Funtsean, beren burua kontatu eta 2. itzulian eragiteko aukera dute bereziki. Maiatza hasieran, EELV, France Insoumise eta EH Bairen arteko bilera izan zen, 5. hautesbarrutian; 2. itzulirako jarrera adostea erabaki zuten, eta 1. itzuliko gauean elkartuko dira, emaitzak aztertu eta erabakitzeko.

Bizi politikoaren berritzea jarri du lehentasuntzat Emmanuel Macronek, eta, France Insoumisekin batera, orain arte kargu politikorik izan ez duen jende andana aurkeztu dute legebiltzarreko hauteskundeetarako. Hautetsi karguen metaketaren mugatzeko legeak lagunduta ?diputatu batek ezin du eskualde, departamendu edo herri mailako beste aginte kargurik izan?, hirurehundik gora diputatu berri sar litezke Frantziako Asanbleara. Horiek erabaki beharko dute: orain artekoan segitu ala politika berriak egin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna