Kataluniako erreferenduma

Guardia Zibila udaletxeetan

Lleidako 31 udalerritan informazioa eskatu dute, eta Tarragonako Fiskaltzak informazioa bidal diezaiotela eskatu du. Fiskalek mossoei agindu diete bozkalekuen arduradunak identifika ditzatela

Laura Campos Montcada i Reixac udalerriko alkatearen (erdian) aldeko elkarretaratzea, atzo, Cerdanyola del Vallesen. ANDREU DALMAU / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Bartzelona
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Aste erabakigarria izango dena ondo hasteko, atzo goizean Guardia Zibila ikus zitekeen Kataluniako hainbat udaletxetara sartzen, Espainiako Fiskaltza Nagusiak beste urrats bat eginez erreferenduma babesten duten udalerrien kontra. Lleidatik hasi dira, Oliana, Almacelles eta Tarregatik. Udalerri horietan sartu ziren erreferendumaren antolaketari buruzko informazioa eskatzera, Lleidako Fiskaltzatik zetorren baimena eskuan: herritarrek bozkatu ohi duten eskoletan botopaperak eta hautetsontziak jartzeko planen xehetasunak nahi zituzten; txostenak, egoitzei buruzko xehetasunak, eta herritarrei bidalitako mezuak. Alegia, nola antolatu diren herrietan,igandeko ekinaldia aurrera eraman ahal izateko.

Eta ez hori bakarrik. Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako fiskal nagusiak mossoei agindu zien bozkalekuen arduradunak identifikatzeko, lekuko gisa deklaratu dezaten; Generalitatetik argibiderik edo informaziorik jaso duten ikertzeko, eta, hala balitz, eta erreferenduma egiteko materiala eskuratu balute, hura konfiskatzeko. Eskoletako arduradunak dira asko, eta mossoek haiei ohartarazi behar diete desobedientzia delitua egiten ari direla, betetzen ez duten kasuetan.

Gauzak horrela, udaletxeetara eta eskoletara jotzen ari dira orain. Olianako Udalean sartu zen lehenik Guardia Zibila, atzo goizean. Polizia judizialaren lanak betez, dokumentazioa eskatu zuten, fiskalaren agindua eskuan, eta idazkariak polizien eskaera erregistratu zuen, «datozen egunetan» informazioa jasoko zutela erantzunez. Miquel Sala alkatea Urgellera joana zen Bellverko alkate Xavier Porta i Pousi babesa ematera, deklaratzera deitua zegoelako, eta ez zuen han bat egin ikuskizunarekin. Almacellesen, berriz, guardia zibilek erreferenduma babesten duen dekretuaren kopia eskatu zuten, eta ustez udalak herritarrei bidalitako mezua, non bozkatu dioena. Gauza bera egin zuten Tarregan, eta, egunak aurrera egin ahala, Alpicat, Aitona, Balaguer, Guissona eta Bellpuigen, besteak beste. Espresuki Lleidako 31 udalerritan eskatu zuten informazioa, eta Guardia Zibilak prozedura bera jarraitzeko agindua zeukan atzo. Txostenez gain, udalak bozketarako jar ditzakeen egoitza guztiei buruzko informazioa ere eskatu du. Beraz, bi aldetatik ari dira informazioa eskuratu nahian, Guardia Zibilaren eta mossoen bidez. Ikusteko dago mossoek nola erantzungo duten. Lleidako Fiskaltzaz gain, Tarragonakoa ere martxan jarri zen. Hark, ordea, faxez eskatu zien erreferendumaren alde egiteko udalek onartu dituzten dekretuen informazioa.

Alkateak, deklaratzera

Atzoko gertaerak alkateei deklaratzera deitzeko egindako deialdiaren ostean etorri dira: hilaren 13an jarri zituen martxan Jose Manuel Maza Espainiako Fiskal Nagusiak alkateen kontrako lehen neurriak, eta, harrez gero, pixkanaka ari da ematen berak diseinatutako estrategiaren urratsak. 712 alkate dira erreferendumaren alde agertu direnak, eta hori aurrera ateratzeko urratsak egiten ari direnak. AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak osatutako zerrenda baliatu zuen Mazak, eta Gironako, Tarragonako, Lleidako eta Bartzelonako fiskaltzei eskatu zien zabal zitzatela haien kontrako ekinbideak. AMIko presidente Neus Lloveras eta ACM Kataluniako Udalerrien elkarteko Miquel Buch ikertuz hasi zuen bidea, eta, harrez gero, 40 bat alkatek jaso dute deklaratzera joateko zitazioa. Ordea, batzuek ez joatea erabaki dute, eta beste batzuek, berriz, agertu bai, baina ez deklaratzea erabaki dute. Horregatik jo zuten atzo udaletara zuzenean alkateek eman ez duten informazioa jasotzera. Deklaratzera agertu ez direnak, berriz, atxilotzeko mehatxua dute, hala eskatu baitzien Maza fiskalak mossoei.

Atzo deklaratu zutenen artean, Ferran Bel Accensi Tortosako alkatea zegoen, baina hark Madrilen deklaratu behar izan zuen, Espainiako diputatu den aldetik, foruduna delako. 200 bat pertsonaren babesean joan zen fiskalarengana, baina orain arte gainerakoek egin bezala, ez deklaratzeko eskubidea erabili du. Kazetarien aurrean, ordea, egin zituen adierazpenak. «XXI. mendean alkateak euren herrikideei beren iritzia emateko eskubidea errazteagatik zigortzea gogoetarako arrazoi izan behar luke». Katalunian, berriz, besteak beste Arenys de Munteko alkate Joan Rabassedak, Arenys de Marreko Annabel Moreno i Noguek, eta Sant Carles de la Rapitako Joan Masdeuk egin zuten bide bera: fiskalaren aurrera joan bai, baina deklaratu ez, eta denek herritarrak izan zituzten alboan. «Ez zaudete bakarrik!» oihua nagusitu zen tokian tokiko epaitegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.