Arantza Elizondo. EHUren masterraren arduraduna

«Feminismoaren eragina, irudia, esanahia aldatu egin da gizartean azken urteetan»

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Masterrarekin hasi zinetenean, espero al zenuten gerora azalarazi duzuen ezagutza?

Bai. Unibertsitatean ezagutza hori bazegoen, baina ez zen bideratzen formakuntzara. Unibertsitateak ez zuen aintzat hartzen ezagutza hori; ez, behintzat, gaur egun egiten duen moduan. Masterrak mahai gainean jarri zuen apur bat baztertuta zegoen ezagutza hori.

Zer ekarpen egin diote master horiek gizarteari orain arte?

Ikasleen ondorengo ibilbide profesionalak askotarikoak dira: administrazio publikoetan daude asko, enpresa munduan ere bai... Are, batzuek aholkularitzak ere sortu dituzte. Hezkuntza ere bada gure lan eremu nagusietako bat, baina hor apurka ari gara sartzen.

Enpresa munduan hezkuntzan baino gehiago?

Enpresan aukera gehiago daude. Askotariko ezaugarriak dituzte: sektorea, tamaina... Hezkuntza sektorearena guztiz paradoxikoa da: beti esaten da oinarrizko ardatza dela berdintasuna sustatzeko, baina oraindik sartzen ari gara.

Hori izan daiteke etorkizuneko erronka bat masterrarentzat?

Hezkuntza sistema osoan hedatutako den politika bat behar da, zeharkakoa. Erronka handia da. Hala ere, enpresan ere eragin behar da. Administrazioa da, agian, garatuena, 2005eko legeari esker.

Aldaketarik antzeman al duzue 2001ean hasi zinetenetik?

Azken bi urteetan nabaritu dugu feminismoaren eragina, irudia, esanahia, aldatu egin dela gizartean. Ez dugu esango errazagoa denik, baina nabari dugu dauzkagun mezuak modu malguago batean aipatu daitezkeela gizartean. Itxaropentsu gaude proiektu feministak aurrera egingo duela datozen urteetan, bere osotasunean hartuta.

Saritutako bi masterretako arduradunek nabarmendu duzue «pieza txikiak» zaretela eraldaketarako prozesuan.

Gure lan egiteko moduan, unibertsitate irakasle garen aldetik, masterra zuzentzen dugun aldetik, gure lana proiektu feministaren barruan sartzen dugu. Berdintasunean oinarritutako gizarte berri bat nahiko genuke, eta iruditzen zaigu gure ekarpena oso baliagarria dela, formakuntzaren eta ikerketaren ikuspuntutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.