Osakidetzak «finkatu» egingo du harremana Onkologikoarekin

jone arruabarrena
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Aurrerantzean, Gipuzkoan minbiziaren kontrako tratamendua behar duten paziente anbulatorioak Donostiako Onkologikora bideratuko ditu Osakidetzak. Bertan jarriko dituzte onkologiako eta onkohematologiako kanpo kontsulta guztiak, eta baita eguneko ospitalekoak ere. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du modu horretan Onkologikoak Osakidetzarekin duen lotura «finkatu» egingo dela. Gainera, Onkologikoan lan egiteko LEP bidez esleituko dira lanpostuak hemendik aurrera, eta orain lanean dauden langileen postuak «bermatuta» geratuko dira. Langile batzordea, ordea, ez da fidatzen Sagarduiren hitzez. «Nola berma ditzake berak langileen baldintzak? Onkologikoa publikoa dela ematen duen arren, bertan gauden langileok enpresa pribatu bateko langileak gara, Onkologikoa fundaziokoak. Beraz, Osakidetzak ez dakit nola bermatuko dituen gure postuak; ez dauka horretarako eskumenik», salatu du Jon Galfarsoro batzordeko kideak. Horiek horrela, atzo Sagarduik Onkologikora egin zuen bisitan afixekin hartu zuen Langile Batzordeak.

Zentroko langileek salatu zuten Osakidetzak ez daukala «etorkizuneko plan argirik» eta, ESI erakunde sanitario integratuari dagokionez, ezta zerbitzu zorro «zehatzik» ere. Horren aurrean, Onkologikoa Osakidetzan «guztiz» integratzea nahi dute, eta erreferente izatea arloan: «Pazienteek ezagutu duten ospitalea desintegratzen ari da: bularreko eta digestio aparatuko kirurgia kendu nahi dute; horrekin batera, minbiziaren diagnostikoan eta tratamenduan izaera monografikoa desagerraraziko dute».

Horrez gain, Galfarsorok azaldu zuen pazienteak osasun sistema publikotik bideratzen badira ere zentrora iristen direnean bitan banatzen direla: «Batzuk Onkologikoak hartzen ditu, baina beste batzuk fundaziora bideratzen dituzte, enpresa pribatura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.