M-8. Lekukotzak. Naiara Azpilikueta. Ikaslea

«Hezkuntzan, sistematikoki jasaten dugu matxismoa»

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ane Eslava -

2018ko martxoak 4
Barañaingo Alaitz institutuan (Nafarroa) ikasten du Naiara Azpilikuetak (Gares, 2000), eta, hogei bat kiderekin batera, talde feminista sortu berri du zentroan. Greba feminista koordinatzeko batzar orokor bat sortu dute, beste talde batzuekin elkarlanean; eta horretan dabiltza, buru-belarri. Grebak hezkuntzarekin «zerikusi handia» duela ziurtatu du.

Nolakoa izaten ari da grebaren antolaketa ikasle mugimenduan?

Batzarrak sortu ditugu institutuz institutu, baita ikasleon batzar orokor bat ere, eta saiatu gara ahalik eta zentro gehienekin kontaktuan egoten, elkarri laguntzeko. Greba irekia denez, edozein zentrotan erabakitzen badute greba egin nahi dutela, batzar orokorretik saiatuko gara izapide guztiak errazten. Egunaren planteamenduari dagokionez, institutu bakoitzak lanuztea eskatu beharko du. Goizean, zentro bakoitzak egoki ikusten duena egingo du, eta gero, zutabeetan joango gara, Iruñeraino. Han elkartuko gara denok, hamabietan.

Zein lanketa egiten ari zarete aldez aurretik?

Datorren asterako zenbait ekintza antolatuko ditugu zentroetan, gai batzuk lantzeko: emakumeak historian, maitasun erromantikoaren mitoa, geure buruaren ahalduntzea... Gai horiez gain, feminismo intersekzionala ere landuko dugu, greba hau emakume guztiona delako; zapalkuntza bat baino gehiago pairatzen ditugun emakumeok askoz ere prekarioagoak eta ikusezinagoak garelako.

Zergatik da garrantzitsua Martxoaren 8an hezkuntza ere gelditzea?

Grebak hezkuntzarekin zerikusi handia du; egunero, sistematikoki jasaten ditugulako matxismoaren kalteak, era askotan. Batetik, testu liburuetan emakumeon lorpenak ez dira ikusarazten; bestetik, klaseetan, ikasleon artean, egunero jasaten ditugu bromak, begiradak, jazarpena... Horrez gain, ikasle bezala, geure burua prestatzen ari gara, jakinda gero soldata arrakala pairatuko dugula, zaintza lanak guri egokituko zaizkigula... Pauso asko eman behar ditugu oraindik, eta ez dira errazak, hezkuntzan berdintasunik eza ezkutuan egon ohi delako.

Hezkuntza publikoaren aldeko aldarria egingo da. Zergatik?

Batetik, hezkuntza mistoa eskatuko dugu, emakumeak eta gizonak banatzen dituen ereduak ez gaituelako berdintasunean hezten; bestetik, laikoa, erlijioa ezin delako hezkuntzan sartu; eta, azkenik, publikoa, kapitalismoak ikasle eta langile moduan zapaltzen gaituelako, eta objektu gisa erabiltzen gaituelako.

Feminismoak indarra du ikasle mugimenduan?

Emakume gazteok ari gara geroz eta gehiago aldarrikatzen gure askatasuna eta generoen arteko berdintasuna, eta hezkuntzan ere feminismoa indartzen ari da. Adibidez, hainbat institututan talde feminista berriak sortzen ari dira, eta hori oso positiboa da, erakusten duelako hemen ere borrokan hasi garela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna