Albistea entzun

Aitor Esnaola berriz espetxeratu dute, gradu aldaketa baliogabetuta

Aste honetan atzera bota duten bigarrena da. Esnaolaren eta San Argimiroren gradu erregresioak salatu dituzte Donostian

Sare Herritarrak antolatutako manifestazioa, atzo, Donostian.
Sare Herritarrak antolatutako manifestazioa, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko azaroak 3

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak atzera bota du Eusko Jaurlaritzak Aitor Esnaola preso legorretarrari (Gipuzkoa) emandako hirugarren gradua, eta atzo arratsaldean itzuli zen Martuteneko kartzelara (Gipuzkoa). Aste honetan atzera bota duten bigarren gradu aldaketa da; herenegun itzuli zen espetxera Mikel San Argimiro. Erabaki hura salatzeko mobilizatu ziren atzo Donostian, Sare Herritarrak deituta. Etxeratek, berriz, «haserrea eta ezinegona» adierazi ditu, eta iragarriko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Ikusi gehiago: Legorretako Udalak Aitor Esnaolaren gradu erregresioa salatu du

Esnaolak 11 urte baino gehiago egin ditu preso, eta 2020an bete zuen zigorraren erdia. Urte hartako urrian lekualdatu zuten Ocaña I kartzelatik (Espainia, 460 kilometro) Soriara (Espainia, 230 kilometro), eta iazko apirilean Euskal Herriratu zuten. Azkenik, Jaurlaritzak maiatzean onartu zuen haren gradu progresioa, Martuteneko tratamendu batzordeak hala proposatuta. Ordutik, zigorra etxean betetzen ari zen.

Aste honetan arrazoi beragatik Martuteneko espetxera itzuli behar izan duen bigarren euskal presoa da Esnaola. Etxeratek herenegun jakinarazi zuen San Argimiroren hirugarren gradua ere atzera bota duela Auzitegi Nazionalak, fiskaltzaren eskaerari men eginda. Ebazpen hari erantzunez, ehunka lagun mobilizatu ziren atzo, Etxera bidean, oztoporik ez lelopean. Mobilizazio hartan, Sare Herritarrak salatu zuen Esnaolak zein San Argimirok beharrezko baldintzak betetzen dituztela hirugarren graduan egoteko.

Azken hilabeteetan, Xabier Atristaini, Gorka Martinezi eta Iñaki Bilbao Gaubekari emandako hirugarren graduak ere atzera bota dituzte. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren eta epaileen joeraren erakusle dira horiek. Izan ere, aurten zazpi preso eraman dituzte atzera ere kartzelara, gradu progresioa ukatuta. Gainera, fiskaltzak beste zazpi euskal presoren hirugarren graduen aurkako errekurtsoak jarriak ditu uneotan.

Azken hitza Madrilen

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Auzitegi Nazionalaren erabakiak ez du zirrikiturik uzten. «Azken hitza dauka», Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak atzo esan zuenez. Auzitegi Nazionalak San Argimirori hirugarren gradua ukatu eta berriz ere espetxeratu izanagatik egin zituen adierazpenok eledunak.

Zupiriak adierazi zuen Jaurlaritzak «irizpide teknikoak eta oinarri juridikoak» erabiltzen dituela hirugarren gradu eskaerarako proposamenak egiteko. Gehitu zuen Jaurlaritzako Justizia Sailak bide beretik segituko duela, haien ustetan hala dagokionean hirugarren graduetarako proposamenak egiten, justizia errestauratiboa defendatzen dutelako gizarteratzean aurrera egiteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bizkaiko Batzar Nagusietan Usansoloren desanexioa bozkatu zen momentuan ©Marisol Ramirez/ FOKU

Galdakaoko Udalak demandatu gisa aurkeztea erabaki du Usansoloko auzian

Berria

Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldeko 113. udal gisa onartu zuten Usansolo, galdeketaren ostean, eta estatuko abokatutzak helegitea aurkeztu zuen. Galdakaoko Udalak demandatu gisa aurkeztea erabaki du, prozesu honetan egindako bidea defendatzeko.

 ©JON URBE / FOKU

«Adostasun berriek ahalbidetu dute bake prozesua»

Irati Urdalleta Lete

Foro Sozialaren bidea ixtear da, baina hor dago eginikoa: hamabi aholkuetatik 11 beteta edo betetzear. Eta egitekoak: adibidez, biktimen «asimetria» gainditzea. Balorazio «ona» egin dute.
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Madrilen berme» mahaian

Jon Ordoñez Garmendia - Xabier Martin

PSE-EEn bide luzea eginikoa da Ares: sozialisten ordezkari 2005etik 2007ra bitarteko bake elkarrizketetan eta Jaurlaritzako Barne sailburu, besteak beste. Karguan zela hil zuen Ertzaintzak Cabacas. 68 urte zituela hil da.

Bake Bideak eta Bakegileak taldeek antolatu mobilizazioa Ipar Euskal Herria blokeatzeko. ©Bob Edme/ Iparla

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.