Nazio eraikuntzarako beste urrats juridiko bat

Gorenak ebatzi du legezkoak direla Udalbiltzaren Partzuergoari emandako udal diru-laguntzak. Aldekoak izan dira aurreneko bost ebazpenak. Madril duela bost urte hasi zen helegiteak aurkezten

Udalbiltzako kideak, atzo, Donostian. Erdian, Luis Intxauspe lehendakaria eta Joseba Compains abokatua. A.CANELLADA / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuak 2003an bide penaletik jo zuen Udalbiltza Euskal Herriko udal erakundearen aurka, Auzitegi Nazionalaren aginduz operazio bat eginda, baina auzitegi berak absoluzio epaia eman zuen 2011n. Handik bi urtera, berrantolatu egin zen Udalbiltza, baina estatuak segitu egin zuen haren kontra, «ekonomikoki ito nahian», Luis Intxauspe erakundeko lehendakariaren esanetan: 2014tik aurrera, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren (PP) EAEko ordezkariak Udalbiltza Partzuergoari emandako diru laguntza publikoekin eta hitzarmenekin lotutako 45 helegite aurkeztu zituen EAEko Auzitegi Nagusian —udal eremukoak denak, Gipuzkoako Aldundiaren kontrako bat salbu—, baina bide hori ere itxi egin da, Espainiako Auzitegi Gorenak legezkotzat jo baititu, Udalbiltzak jakinarazi duenez.

Urkijok partzuergoaren estatutuen aurkako helegitea ere aurkeztu zuen bere garaian, baina eskaerak ez zuen aurrera egin judizialki. Ondorioz, Gorenaren erabakiekin ere, Udalbiltzak uste du juridikoki beste urrats bat egin duela nazio eraikuntzan segitzeko. «Euskal Herria udal alorretik eraiki eta nazio modura garatu dadin sortu zen Udalbiltza, duela kasik hogei urte, eta bide berberean pausoak ematen jarraitzekoasmoa du», adierazi zuen Luis Intxauspe erakundeko lehendakariak atzo, Donostiako udaletxean emandako prentsaurrekoan.

EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztutako helegiteen kasuan, Urkijok berak hainbatean atzera egin zuen, eta auzitegiak azkenean hogei auzi izan zituen ebazteko. Guztietan Udalbiltzaren alde egin zuen, 2015ean. Urkijok, ondoren, haietako hamazazpi kasu eraman zituen Gorenera, kasazio helegiteak aurkeztuta. Gorena ere Udalbiltzaren alde ari da egiten: orain arte ebatzitako bost kasuetan, hari eman dio arrazoia,laguntzak legezkotzat jota, Joseba Compains Udalbiltzako abokatuak azaldu duenez. Atzo bertan jaso zituen azken bi ebazpenak.

Orain arteko bost kasuak

Aretxabaleta, Lezo, Eskoriatza eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Aramaioko (Araba) udal laguntzak dira bost kasu horiek. Gorenak beste hamabi helegiteak apirilaren bukaerarako ebaztea espero du Udalbiltzako abokatuak, eta uste du ildo beretik joango direla kasu horietan ere erabakiak. Hauek dira beste hamabi kasuak: Pasaia, Zestoa, Zarautz, Astigarraga, Tolosa eta Berrobi (Gipuzkoa); eta Larrabetzu, Meñaka, Mañaria, Ajangiz, Ea eta Lekeitio (Bizkaia). Pozik agertu da Intxauspe: «Helegiteen bitartez, Udalbiltzaren izaera publikoa ukatzen zuten, partzuergoaren eraketa eta udalek parte hartzeko duten eskumen materiala ukatzearekin batera. Ikusi da egoki eratutako erakunde publiko bat dela Udalbiltza Partzuergoa». Udalbiltzak amaitutzat jo nahi du partzuergoaren kontrako «jazarpen judizialaren epe luzeegia».

1999ko irailean sortu zuten udalen nazio erakundea, EAJko, EHko, EAko, ABko eta independente ziren udal hautetsiek. Lizarra-Garaziko Akordioaren garaia zen, eta Bilbon egin zuten batzarra, Euskalduna jauregian. Lizarra-Garaziren hausturaren ondoren (2000), bitan zatitu zen udal erakundea, eta, handik urte gutxira, Auzitegi Nazionalak aginduta, ezker abertzalearen Udalbiltzaren aurkako operazioa egin zuten —EAJ eta EAkoak Udalbiltza-Udalbiden zeuden—. 2010ean hasi zen epaiketa, 22 auzipeturekin. 2011ko urtarrilean absoluzio epaia eman zuen Auzitegi Nazionalak.

2013ko martxoan berrantolatu zen Udalbiltza, batik bat Bilduko —besteak beste, EAkoak jada han zirela— eta EH Baiko kideekin, eta EAJren Udalbide duela bost bat urte desagertu zen. 2014an Udalbiltzaren aurkako beste bide judizial bati ekin zion Madrilek, helegiteekin. «Udalbiltzak, 1999an ibilbidea hasi zuenetik, Espainiako Estatuak ezarritako legearen eta injustiziaren zangotrabekin garatu behar izan du bere jarduera», deitoratu du Intxauspek.

Udal erakunde nazionalaren Kontseilu Nagusiak joan den urtarrilaren amaierako batzarrean onartu zuen urteko plangintza. Kasurako, Euskal Herriko lurraldeen eta komunitateen arteko elkar ezagutzea eta kohesioa indartu nahi du. Partzuergoko kideen kuotak, udal laguntzak eta lankidetza hitzarmenak dira haren iturri ekonomiko nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.