Klimaren aldeko grebara deitu dute mundu osoan irailaren 27rako

2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Ehun erakundek baino gehiagok baieztatu dute irailaren 27ko greba orokorrean parte hartuko dutela. Mundu mailakoa izango da greba. «Klima larrialdia» adierazteko eskatu dute dozenaka talde ekologistak, besteak beste Greenpeacek, eta adierazi dute «berotegi efektua eteteko neurri zehatzak» hartu behar dituztela erakundeek, estatuek eta enpresek. Deitzaileen arabera, «ekoizpen sistema eta kontsumo globalizatua» dira klima krisiaren arrazoiak; «eredu sozioekologiko berri bat» behar dela nabarmendu dute, «bizitzaren iraunkortasuna» arriskuan jartzen ez duena. «Erresistentzia masiboa» eta «ekintza kolektiboak» antolatzera deitu dute gizartea, hori baita, haien arabera, «presioa areagotu» eta aldaketari ekiteko bidea.

IPBES Biodibertsitate eta Ekosistema Zerbitzuen Gobernuarteko Plataformak argitaratutako azken txostenean azaldu du «milioi bat inguru animalia eta landare espezie» daudela galtzeko arriskuan. IPCC klima aldaketari buruzko erakundeak jakinarazia du egoera honetan jarraitzeak ondorio larriak izan ditzakeela; batez besteko tenperatura igoera ez bada 1,5 gradura mugatzen, hurrengo belaunaldiek pairatuko dute: etengabeko lehorteak eta bero jasanezina eragin, eta ur edangarriaren eta lur emankorraren eskasia areagotu ditzake berotegi efektuak.

Fridays for Future

Grebaren deitzaileen artean dago Fridays For Future. Greta Thunberg ikasle suediar gaztea izan zen plataforma horren aitzindari, 2018ko abuztutik ostiralero protesta egiteagatik klima aldaketaren eta berotegi efektuaren aurkako neurriak eskatzeko. Frantziako Parlamentuan izan zen Thunberg atzo, egoera salatzen.

Irailaren 20an ere beste greba orokor baterako deialdia egin du Friday For Future plataformak; hiru egun geroago, irailaren 23an, Nazio Batuen Erakundeak goi bilera egingo du klimaren inguruan, New Yorken.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.