Isuna ordainduko du ikastolak

Ziburun, ura eta argia ez dizkiete kendu, oraingoz.

Aterabidea lortu artean, laguntza eskatu dute
Poulouren ustez, ikastolak traba egiten die obren aitzinatzeari.
Poulouren ustez, ikastolak traba egiten die obren aitzinatzeari. I. E. H. HITZA

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko irailak 10
Marinelako eskola publikoan egoteko epea bukatuta, egunero 100 euro ordaintzen hasiko da Ziburuko ikastola. Auzapezak ez du mehatxua bete, eta ura, argia eta obretatik banatzen dituen hesia bere lekuan daude oraingoz. Hala ere, edozein unetan ken diezazkiekeela badakite ikastolako kideek, eta hala izanez gero segidan auzapezarengana joko dutela erran du Laida Mugika Kaskarotenea ikastolako lehendakariak.

«Badugu esperantza auzapezak agian ez duela beteko erran duena, eta, beraz, ez dituela argia, ura eta hesia kenduko», adierazi du Mugikak. Bitartean haien «bizia egiten» jarraituko dutela baieztatu du; hau da, haurrak ikastolara beti bezala joanen direla, eta horretarako jendearen elkartasuna beharrezkoa dela azpimarratu du. Dena den, kentzea gertatzen bada, argia sortzeko makina eta ura prest dituztela argitu du.

Bide batez, Mugikak «zinez» eskerrak eman dizkie mezu zein diru bidez elkartasun «harrigarria» adierazi dieten guziei: «Arazoa errazago eramaten laguntzen du; bihotzean plazer egiten du, zeren guraso gutxi gara, baina badakigu ez gaudela bakarrik». Oraingoz, 1.600 euro inguru bildu dituztela azaldu du Mugikak, hots, hamasei egunez isuna ordainduz irauteko adina diru. Baina hori baino gehiago beharko dutenez, elkartasunerako deia zabaldu du.

Norbanakoez gain, elkarteak ere hasi dira laguntza ematen. Irrien Lagunak klubak, erraterako, bideo bat grabatuko du bihar Ziburuko ikastolan. Pirata eta Marikalanbre pertsonaiak joanen dira haurrei elkartasuna adieraztera, eta Bizipozaren saria izenekoa ere emanen dietela jakinarazi dute. Mugikak azaldu duenez, bertze hainbat elkarterekin ere ari dira harremanetan jartzen, bai mezua zabaltzeko, bai dirua lortzeko moduak bilatzeko.

Udal talde osoaren ardura

Mugikak Guy Poulou Ziburuko auzapezari leporatu dio ura, argia eta hesia kentzearen erantzukizuna. Izan ere, epaileak ez zuen eguneroko 100 euroak ordaintzeaz gain horrelakorik agindu: auzapezak irailaren 4an ikastolari bidalitako gutunean agertzen da ur eta argi iturriak mozteko manua. Mugikaren arabera, «auzapeza erabaki judizial baten gibelean ezkutatzen da». Gehitu du gutuna «haren ekinaldi pertsonal bat» dela, «edo harena, eta Dubarbier anderearena, eta hautetsi guztiena. Zeren eta ez badute deus erraten, erran nahi du ados direla erabaki horrekin». Isabelle Dubarbier Hezkuntza arduraduna izan zen, hain zuzen, Paueko epaiketan Poulouren alde mintzatu zen hautetsia. Pantxo Olzomendi gurasoak zehaztu duenez, etxe agentzia batean lan egiten du Dubarbierek, eta «oso ongi» daki Ziburun zer zailtasun dagoen lur edo etxe bat bilatzeko.

Bestalde, EAJko hautetsi Iñaki Ibarlozaren jarrera ere salatu dute Mugika eta Olzomendi gurasoek. Izan ere, salatu dute ez duela «fitsik» egiten herriko etxeko Euskara arduraduna izan arren. Mugikaren arabera, «beharko luke dimititu, argiki: ez dakit nola ez den lotsatzen».

Auzapezarekin eztabaidatzeko prest izanagatik, hark deitu ezean aterabide pribatuak xerkatzen segituko du ikastolak. Aste bukaerarako konponbiderik atzeman ezean mobilizazioak iragarriko dituztela erran dute, baina ez dute oraingoz deus zehaztu.

Anartean, sostenguak gero eta ugariagoak dira: LAB Hezkuntzak herriko etxearen «xantaiaren» aitzinean mobilizatzeko deia zabaldu du, adibidez. Ziburu Bizi zerrenda abertzaleak ere mobilizatzera deitu eta Poulouren «arduragabekeria» salatu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna