Hitza betetzeko eskatu diote Bakegileek Macron presidenteari

Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Bakegileek Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteari gogorarazi diote joan den maiatzean Miarritzen (Lapurdi) «eredutzat» jo zuela azken urteetan Euskal Herriaren gatazkaren ondorioak konpontzeko prozesuan egindakoa, eta nabarmendu zuela euskal presoak hurbiltzen segitu behar dela. Hala, hitza betetzeko eskatu diote. «Ez dugu historia errepikatu behar; lagundu egin behar da», adierazi zuen Macronek Miarritzen.

Bakegileek, hain zuzen, Ez dezagun historia errepika! Orain presoak! lelopean deitu dute datorren urtarrilaren 11ko manifestaziora (Lauga, 15:00). Baionan martxaren aurkezpenean adierazi dutenez, ez dute «etsiko» Macronen «ele eder» haiek «errealitate» bihurtu arte. Salatu dute Frantziako Estatuan oraindik badela «sektore oso bat» iraganari kateatu nahi duena, «presondegia aterabide bakar bezala eskainiz». Frederic Haranburu euskal presoarekin gertatutakoa jarri dute adibide modura tesi hori defendatzeko. Izan ere, Frantziako Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak urriaren 8an ukatu egin zuen Haranburu baldintzapean aske uztea. 30 urte daramatza hark espetxean, eta hamabi urte dira baldintzapean aske ateratzeko eskubidea duena. «Bizi osorako espetxe zigorra aplikatzearekin heriotza zigorra» ezarri izana salatu dute Bakegileek. «Heriotza zigorrek bake prozesu batean laguntzen dute?», galdera egin diote Macroni. Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoin mintzatu dira haien izenean.

Baionan bezala, euskal presoen eskubideen aldeko urteroko manifestaziora deitua du Sare plataformak: Bilbon, urtarrilaren 11n.

Jon Lopez aske, Zueran

Jon Lopez Gomez euskal presoa aske geratu da, zigorra bete ostean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. 1996ko kale eraso bat egotzita, hamabost urte egin ditu espetxean. Egun, Zuerakoan (Zaragoza, Espainia) zegoen.

2004an atzeman zuten Lopez (Basauri, Bizkaia), Belgikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.