Militantziaz, egunez egun, auzoa eraikitzen

Eguneroko jardunari aurre egiteko, bizitza eta bizi eredu eraldatzailea uztartu dituzte auzokideek. Elkarbizitza dute oinarri; egunez egun hori kudeatzen ikasten dutela azaldu dute, ikuspuntu kolektibotik.

Hirugarren urteurrena dela eta, ogi tailerra egin dute, Errekaleorko okindegian. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Auzo giroa bainoago, herri kutsua antzematen da Errekaleorren sartzean. Gasteizko hirigunetik 25 minutura baino ez dago oinez. Ordea, 1950eko hamarkadan heldu berri ziren langileentzat egindako auzoak ez du ohiko auzo berrien jende mugimendua. Soinua ere ezberdina du. Auzoak duen errepide bakarrean apenas dago trafikorik; aldiz, bizikleten joan-etorria agerikoa da. Eguneroko bizimodu ezberdinaren lekukoak, horiek guztiak. Eguneroko jarduna ulertzeko eta bizitzeko moduaren zantzuak.

«Probatu ez duenak ez daki zer den hau», abestu zuen Negu Gorriak Gure herria kantuan. Hori bera argudiatzen dute bertan bizi direnek, Errekaleorren eguneroko martxa azaltzen saiatzean. Karla Berrojalbiz plataformako kideak hiriko ohiko bizimoduarekin egin du alderaketa, Errekaleorren dimentsioa azaltzeko: «Hiri batean asko bereizten dira militantzia esparruak eta bizitza esparruak». Bereizketa horren barruan, edozein aldaketa, edozein pauso indibiduala, norberarena izan ohi dela gaineratu du. «Hemen, modu kolektiboan ematen dira; dena dago kolektiboan oinarrituta, helburu politiko zehatz batzuekin».

Bizilagunen parte hartzearen adierazleak agerikoak dira nonahi. Auzoan sartzearekin batera, ahurrak goraka dituzten bi eskuk ematen diote ongi etorria bisitariari. Hortik aurrera, ez dira aldarrikapenak falta: Sahararekiko elkartasuna, euskara... Martxoaren 3ko erreferentziak ere asko dira; hala, Romualdo Barroso auzokidea izan zen Poliziak hil zuenetako bat, 1976an. Plazan, zinemaren ondoan dago Barrosoren omenezko plaka bat.

Plaza, antolaketaren isla

Auzoaren funtzionatzeko moduaren erakusgarri da Errekaleorreko plaza. Horren inguruan daude proiektu asko: okindegia, gaztetxea, frontoia eta liburutegia ere gertu daude. Paretek ere asko esaten dute. Eliza katolikoa zenaren paretan egutegi bat dago: egunero arduraduna den pertsona agertzen da. Halaber, atari bateko atea paperez josita dago, hamaika bilera eta deialditarako hitzorduak gogoraraziz.

Bilerak ohikoak dira. Auzoa antolatzeko funtsezkoak dira, kontuan hartuta gutxieneko funtzionamendurako ildoak lantaldeetan banatuta daudela: azpiegitura taldea etxeen egoeraz eta zaharberritzeaz arduratzen da; elikadura lantaldea okindegia, baratzeaz edo oilategiaz arduratzen da; kultura lantaldea; ekonomia; autodefentsa... Harreman lantalde bat ere badago.

«130 pertsonaren artean elkarbizitza ez da erraza», hausnartu du bizilagun batek. Areago, ideologia askok eta auzoa ulertzeko modu ugarik bat egiten dutela oroitarazi du. Hori guztia kudeatzeko, elkarbizitzaren alde aktiboki lan egingo zuen lantalde baten beharra antzeman zuten. «Gu ere ari gara ikasten nola lan egin», zehaztu du bizilagunak. «Etengabeko hausnarketa batean bizi gara; inoiz ez da horrelako zerbait egin Euskal Herrian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.