Ashild Kolas. Osloko Bake Ikerketen Institutuko ikerlaria

«Burujabetza gauzatzeko beste era batzuk topatu behar ditugu»

J. O.

Jon Olano -

2015eko maiatzak 20
Bereziki Asiako gatazkak aztertu baditu ere, Zipre, Euskal Herria eta India ipar-ekialdekoak alderatzen ari da egun Ashild Kolas (Aalesund, Norvegia, 1961).

Bakegintza lantzen duzue. Nola ikusten duzu egoera Euskal Herrian?

Indarkeriari begiratzeko ohiko modua agian ez da oso erabilgarria, baina postindarkeria gisa deskriba dezakegu. Hori da oraingo egoera; adierazpen askatasunaren zabalkunde garai bat, non inork ez duen beldurrik izan behar bere ikuspuntua emateko.

Euskal Herrian burujabetza gauzatu eta eskatzeko baldintzen aldaketa duzu aztergai gaur egun. Zeintzuk dira orain arteko ondorio nagusiak?

Burujabetzari begiratu behar genioke modu batean zeinetan ez den beharrezkoa estatuek gauzatzea. Tentsioak daude EBren eta estatuen artean, eta baita euskal herritarren, kataluniarren eta estatuaren artean ere. Tentsio horiek murrizteko, burujabetza gauzatzeko beste modu batzuk topatu behar ditugu. Horregatik proposatu dut Artikoko Kontseiluaren eredua aktore estatalen eta ez-estatalen arteko foro gisa.

Baina estatua burujabeagoa da entitate azpiestatalak baino.

Ez dut uste estatuak irudikatu nahi izan dutena bezain subiranoak direnik. Gainera, gero eta burujabetza mota gehiago ditugu, eta zaharrak ez dira desagertzen. Hortaz, aurki ditzakegu moduak burujabetza partekatzeko.

Lotu behar al dira gatazka politikoaren irtenbidea eta gatazka bortitzarena?

Zenbat eta era gehiagotan heldu arazo bati, hobeto; zenbat eta gehiago murriztu aukerak «bai» edo «ez» batera, zailagoa da irtenbideak topatzea. Mekanismo gehiago sortzen saiatu behar gara, mundu guztiak bizitzako alor guztiei buruz erabaki dezan.

«Gatazka ondorena kudeatzeko prozedura estandarrez» jardun duzu. Zein prozedura dira?

Prozedura horiek topatzearekin kritiko naiz. Ezin dugu prozedura estandarrik izan, ez dutelako funtzionatzen. Tokian tokitik sortu behar dira, behetik gorako irtenbideak izan behar dute. Prozedura estandarren huts egitearen adibide dira Nazio Batuen Erakundearen bake operazioak.

Bake positiboa eta negatiboa bereizi ohi dira bakegintzan. Bake negatiboa indarkeria zuzen eza izanik, zeintzuk dira bake positiborako ezaugarriak?

Galdeketaren beharra onartzea inork noizbait behar hori sentitzen duenean. Horrek esan nahi du, esaterako, zerbaiten ingurumen edo eragin soziala aztertu behar duzunean identifikatu behar duzula nori eragingo dion eta haien iritzia bildu behar duzula.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna