Frantziako Tourra

Froomek sendatu du zauria

BMCk irabazi du taldekako erlojupekoa, eta Skyk lan handia egin du. Bi taldeetako liderrek lehen etapako erorikoan galdutako denbora berreskuratu dute. Dumoulin da faboritoen arteko lehena

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 10
Chris Froomek (Sky) erorikoa izan zuen larunbatean. Tourra hasi eta lehen egunean, errepide alboko belarretan bukatu zuten bere hezur zorrotzek. Min handirik ez zuen hartu, baina zauria egin zuen: 50 segundoren aldea ia faborito gehienekiko. Bi egun behar izan ditu odol jarioa eteteko, atzo, taldekako erlojupekoan, tarte hori berreskuratu baitzuen. Tira, esperotakoa zen, erlojupekoa planetan ageri zelako, eta erorikoa ez, baina etxeko lanak ondo egin zituen britainiarrak. Sky hirugarren izan zen, BMC eta Quick Stepen atzetik. Richie Porte buru zuela helmugaratu zen BMC, eta hark ere, Froomek bezala, lehen eguneko zauria sendatu du.

Tourra mahai jokoa balitz, Froome abiapuntura itzuli dela esan zitekeen. Baita Porte eta Adam Yates ere (Mitchelton). Australiarrak ere denbora galdu zuen lehen egunean, baina bere taldea laugarren izan zen atzokoan. Horiek hala, Mikel Landa (Movistar), Vincenzo Nibali (Bahrain), Romain Bardet (Ag2R) eta halako faboritoak inguruan, edo atzetik, ditu orain. Oro har ustekabe gutxiko erlojupekoa izan zen, eta talde gehienek esperotakoa egin zuten. Dena den, liderra aldatu zen. Greg Van Avermaetek (BMC) darama orain elastiko horia, eta litekeena da Roubaixeko etapara arte soinean mantentzea.

Faborito handien zerrenda hartuta, orain Tom Dumoulin (Sunweb) da aurrenekoa, zazpigarren sailkapen nagusian. Lehen egunean ez zen erori, eta atzo Sunweb taldeak lan txukuna egin zuen, 11 segundora helmugaratuz. Erreferentzia bezala, 1.57ko tartea du Nairo Quintanarekiko (Movistar). Kolonbiarrak Tour hasiera oso gogorra izan du, eta egoera zailean dago, are gehiago talde barruan duen hierarkia borroka kontuan hartuta.

Erlojupekoaren benetako eragina neurtzeko, faboritoen galbahea egin behar da sailkapen nagusian. Dumoulin da onena, eta hau da hautagai handiekiko duen aldea: 39 segundora du Rigoberto Uran (Cannondale); 40ra Porte; 42ra Mikel Landa eta Alejandro Valverde (Movistar); 44ra Chris Froome (Sky); 49ra Yates; 55era Vincenzo Nibali (Bahrain); 1.04ra Romain Bardet (Ag2r), Primoz Roglic (Lotto Jumbo) eta Steven Kruijswijk (Lotto Jumbo); eta 1.57ra Nairo Quintana (Movistar). Uran eta Bardeten artean 25 segundo baino ez daude.

Erlojupeko bitxia izan zen, faborito handi gehienek hasieran ekin ziotelako lanari. Sky, BMC eta Movistar bata bestearen atzetik jardun ziren. Lehen biak garaipenerako lehian egotea espero zen, baina ez Movistar. Izan ere lehen mugarrian, 13. kilometroan —erlojupekoak 35 kilometro zituen—, segundo baten aldea zegoen bakarrik hiru taldeen artean. Movistarrek errespetu handia zion erlojupekoari, espezialista handi gutxi zituelako. Beste taldeak baino goizago abiatu zen Tourrera, eta hein handi batean erlojupekoarengatik zen. Bada, lehen neurketak albiste onak eman zizkion Eusebio Unzue zuzendariari.

Movistarren lan txukuna izan zen hasierako ezustekoa, baina kilometroek aurrera egin ahala logika inposatuz joan zen. Bigarren mugarria 27. kilometroan zegoen, eta Sky Movistar baino 27 segundo hobea izan zen. Erlojupekoa sufrikarioa izan zen Mikel Landarentzat. Mugarri hori pasa berritan errelebo bati muzin egin behar izan zion, eta nahikoa lan izan zuen erritmoari eusten. Hala ere, kideei lotuta jarraitu zuen. Helmugan 53 segundo galdu zituen BMCrekiko eta 49 Sky eta Froomekiko. Orain bi segundoren aldea dago Landa eta Froomen artean. «Emaitza uste baino hobea izan da, eta lehen eguneko segundoek mesede egin digute», onartu zuen gero arabarrak. Hasi aurretik sinatuko zuen egoera honetan egotea laugarren etapan. Taldekako erlojupekoa izateak babestu egin zuen; banaka aritu izan balira, gehiago galduko zukeen.

Emozioa, Quick Stepek

BMC eta Skyren lanak bukatuta irabazlea erabakita zegoela zirudien, baina festak ezusteko gonbidatua izan zuen: Quick Step. Alaphillippe, Gilbert, Jungels eta Lampaertek hegan egin zuten, eta lehen mugarrietan BMCren denborak berdindu zituzten. Gilbert lider izan zitekeen, eta ez zuten errukirik izan. Beste lau taldekideak atzean utzi zituzten. Baina ez zen aski izan, azken kilometroetan behera egin zuten.

Atzean gelditu zen beste bat Peter Sagan (Bora) izan zen. Deigarria izan zen munduko txapelduna Borako taldekideak baino 2.26 geroago helmugaratzen ikustea. Litekeena da gaurko indarrak gordetzen ibiltzea. 195 kilometroko etapa jokatuko dute La Baule eta Sarzhav artean. Tourra Bretainian sartuko da, eta ondo bidean esprintean erabakiko da irabazlea. Haizelekuak igaroko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria