Goi tentsioko linea salatu dute 438 udal hautetsik

Deikaztelu eta Itsaso arteko linea egiteko proposamena «aurrekoaren segida» dela diote udalek, eta babesa emateko eskatu diete gobernuei

Goi tentsioko linea baten dorre bat, Hernanin. JON URBE / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Bitan kale eginda ere, goi tentsioko linea bat eraikitzeko asmotan dago REE Red Electrica de España enpresak. Nafarroa eta Gipuzkoa lotu nahi ditu, eta jadanik prest du horretarako hirugarren proposamena. Deikaztelu (Nafarroa) eta Itsaso (Gipuzkoa) artean egin nahi du linea —beste proiektu bat martxan da Itsasotik Gueñesera (Bizkaia)—. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko proiektuak 50 udalerriri baino gehiagori eraginen lieke, eta udalek joan den hilean jaso zuten proposamena, aztertzeko. Kontrako adierazpen bat aurkeztu zuten atzo Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako 438 udal ordezkari; tartean dira 63 alkate eta 42 kontzejutako presidenteak.

Udal eledunen irudiko, «enpresa pribatuek interes orokorraren izenean bultzatutako proiektua» da linea, eta «ostrazismora» kondenatuko ditu herriak. Ohartarazi dute, gainera, proposamena «aurrekoaren segida» dela. Horregatik, herrien alde lerratzeko eskatu diete Iruñeko eta Gasteizko gobernuei, «multinazional elektrikoen interesen gainetik».

REEk duela hamar urte aurkeztu zuen lehen plana —Gasteiz eta Castejon arteko linea—, baina bertan behera gelditu zen. 2011n iritsi zen bigarrena, Itsaso eta Deikaztelu artekoa, baina hori ere baztertu zuen, 250 udaletan aurkako mozioak onartu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.