Zer ekarpen egiten duen Harrerarako herritarren Sareak

Peio Aierbe
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Azken asteotan gure herrialdean sortzen ikusi dugu, zehazki Donostian eta Irunen, Harrerarako herritarren Sarea. Haren jardueraz gehienbat dakiguna da baliabide gehiago eskatu dituela hego mugatik trantsituan datozen pertsonen behar larriak asetzeko. Baina sarea askoz gehiago da. Inolako ordezkaritzarik hartu gabe, ez baitut halakorik, nire ardura osokoa den iritzi bat emango dut.

Batetik, entzuten diet hainbati kezkaz diotela ez ote garen instituzioak edertzen ari beraiei dagokien lana gure gain hartuta. Bestetik, hainbat instituziok galde egiten dute ez ote garen sartzen ari beraiei dagokien eremu batean, bikoiztasunak eta nahasketak sortzeko arriskuarekin. Ziur aski, izango dira bateko eta besteko arrazoiak, eta denborak argituko du gai izango garen nahi dugun lekuan jartzeko.

Sareak arreta jarri die beste herrialdeetatik datozen pertsonei, gutxieneko baliabideak falta dituztelarik haien migrazio bidaia jarraitu ahal izateko edota hemen bertan geratzeko egoera duin batean. Pertsona horiek gutxieneko beharrak bete gabe dituzten bitartean, Sarea horretara emango da.

Hainbat premia instituzioek bete behar dituzte, etahorrela gertatzen ez den neurrian, Sarea kritikoa izango da haiekin. Agerikoa da baliabideak jartzen ari direla, agerikoa den bezala ez direla aski. Sareak lagundu egin beharko du bikoiztasunak ekiditen eta bete gabeko beharrak argitara ekartzen. Bien arteko lanak erraztu egingo luke egoerari aurre egitea. Baina elkarlana zailagoa izango da gutxieneko baliabiderik ez dagoen artean.

Bestalde, pertsona gehienbat gazte horien beste gabezia batzuk herritarrek bakarrik bete ditzakete, eta zerikusia dute haiei lagun egitearekin. Entzunak izatea behar dute, berdintasunean erantzungo dien ingurune bat, haiek atzean utzitako gizarte batekin gauza askotan desberdina den gizarte batean sartzea erraztuko diena, betebehar administratiboetan lagundu; funtsean, atsedena behar dute, haien migrazio ibilbidean geldialdi bat, honaino iristeko bidean jasandako nekeak arintzeko. Egunotan bizitzen ari garen esperientziak erakusten digu hau dena berria dela haientzat. Ez dute horrelakorik izan oraino, eta urregorria izaten ari da haientzat; atzera, helmugetara iristen direnean, haiekin hainbeste ordu emandako Sareko boluntarioei whatsapp-ez bidalitako esker oneko mezuak hunkigarriak eta pozgarriak dira ezin gehiago.

Gero ere badira bertan geratzea erabaki dutenak. Gaur-gaurkoz, kale gorrian geratzea saihestuko dien baliabide nahikorik ez dago. Sarearen inplikaziorik gabe, bazterketa egoeran gera daitezke, eta gure gizarteak ezin du hori onartu. Sarea prest dago jende horren alde egiteko: bai instituzioei eskatzeko egungo baliabide eskasiari behar bezala erantzuteko, bai bitartean ekiditeko kale gorrian lo egin beharra eta horrek dakartzan tratu txar gehituak migrazio ibilbidean jasandakoen gain. Honekin denarekin batera, eta gorago esan bezala, herritarrek eman dezaketen laguntza ugari eta askotarikoa, bi aldeentzako aberasgarri izaten ari dena.

Herritar kritiko, inplikatu eta solidarioak dira berme onena, berdintasuna, justizia eta askatasuna oinarri izango dituen gizarte batentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.