Fiatek bertan behera utzi du Renaultekin bat egiteko saioa

Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
FCA Fiat Chrysler Automobiles eta Renault batzeko saioak porrot egin du. Oraingoz. Asteazken gauean, ustekabean, FCAk atzera bota zuen bat egiteko proposamena, Renaulteko administrazio kontseiluaren bi eguneko bilerak ez ziolako fusioari baietz esan. Begi guztiak Frantziako Gobernuaren ordezkariei begira jarri dira, haiek izan zirelako, langileekin batera, bat egitearen aurkako botoa eman zuten bakarrak. Renaulten akzioen%15 ditu Frantziako Estatuak, eta halako bi boto eskubideetan.

Bruno Le Maire Ekonomia ministroak azaldu zuen atzo ez diotela betorik jarri operazioari, eta denbora gehiago baizik ez zuela eskatzen, «Nissanen baiezko garbia» lortu arte. Renaultek eta Nissanek aliantza estrategiko bat izan dute azken hogei urteetan, eta hari eustea funtsezkoa iruditzen zaio Parisi. Frantziarren eta japoniarren arteko harremanak tirabiratsuak dira, iaz Carlos Ghosn batasunaren bultzatzaile nagusia Tokion atxilotu zutenetik. Nissanek harrera hotza egin dio FCA-Renault balizko fusioari.

Parisen erantzunak pazientzia galarazi zion FCAri, eta proposamena atzera bota zuen. Garbi dauka zein den erruduna: «Badirudi Frantzian baldintza politiko egokiak ez direla betetzen halako bat egite bat ongi ateratzeko». Baldintza horiek aldatuz gero FCA-Renault fusioak aurrera egin dezakeen ikusi beharko da orain, ala italiarrek nahiago duten beste ezkontide bat bilatu, autoen elektrifikazio prozesuak ekarriko dituen kostu handiak partekatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.