Frantziako Tourra

Aurretik eman dute film hau

Skyk kontrolatu du Pirinioetako aurreneko etapa, eta ia ez da mugimendurik egon faboritoen artean. Julian Alaphilippek irabazi du, Adam Yates erori egin dela baliatuta. Gorka Izagirre bigarren izan da
Julien Alaphilippe, ukabila altxatuz garaipena ospatzen, Bagneres de Luchoneko azken zuzengunean.
Julien Alaphilippe, ukabila altxatuz garaipena ospatzen, Bagneres de Luchoneko azken zuzengunean. SEBASTIEN NOGIER / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 25
Esan Pirinioak, edo esan Alpeak, baina Tour honetan bi mendikateek hasiera bera izan dute. Alpeetako lehen etapan Skyk kontrolatu zuen faboritoen multzoa; Julian Alaphilippek (Quick Step) irabazi zuen ihesaldia helmugara eramanez, eta Ion Izagirre (Bahrein) bigarren izan zen Le Gran Bornarden. Pirinioak atzo hasi ziren, eta lehen atala ia berdin-berdina izan zen: Skyk kontrolatu zuen indartsuenen tropela; Alaphillipek ihesaldia baliatu zuen Bagneres de Luchonera iristeko, eta Gorka Izagirre bigarren izan zen (Bahrain). Hor alde bakarra, Ionen ordez Gorka, eta, bide batez, zaleengan film hori aurretik ikusia zuten irudipena.

Sky estutu nahi duten taldeek egun bat gutxiago dute makineria zuria ahultzeko. Pirinioek hiru etapa dituzte aurten, eta agian atzokoa ez zen egokiena zalaparta egiteko, baina sailkapeneko izen handiek su-etena sinatu zuten. Azken igoeran, Mikel Landak (Movistar) eraso bat jo zuen, baina ez zen oso urrun iritsi. Gehiago zirudien bere burua probatzeko keinu bat, benetako eraso bat baino. Egunak pasatu ahala, hobera egiten ari da murgiarra, eta bizkarreko mina arindu zaio. Atzoko probak gustura utziko zuen; beraz, gaur izan daiteke eguna. Elastiko horia urrun du, podiuma ere bai, baina etapa bat irabaztea ez da sari txarra.

Etapak bi arretagune izan zituen; aurtengo Tourrean hainbatetan errepikaturiko gidoia egin zen. Etaparen hasieran luxuzko txirrindularidun ihesaldi handi bat osatu zen —atzo 44 izan ziren—, eta atzean sailkapen nagusiko kideak geratu ziren. Iheslarien artean ez zegoen sailkapen nagusian mehatxu izan zitekeen inor, eta baimena jaso zuten etaparen ehizan abiatzeko.

Etapa bizi hasi zen, baina hogei minutuz geldirik egon zen, nekazari batzuen protestaldiak bidea itxi zienean. Lasto fardoak errepidera bota, eta poliziak iritsi arte ez zen bidea ireki. Poliziak gasak eta espraiak erabili zituen, eta hainbat txirrindulariri negarra eragin zieten. Geraint Thomas (Sky) liderrak eta Chris Froome (Sky) bigarren sailkatuak, esaterako, aurpegia urez garbitu behar izan zuten. Interneten zabaldutako irudiek argi erakusten dute poliziek arinegi erabili zutela negar gasa.

Iskanbilak tropela xaxatu zuela zirudien, ziztu bizian egin baitzituzten lehen kilometroak. Ihesaldia osatuko zela jakina zen, eta inork ez zuen kanpoan gelditu nahi. Azkenean, helmugatik 100 kilometrora osatu zen, lehen mailako bi mendate eta bigarren mailako bat falta zirela. Han ziren, besteak beste, Alaphilippe, Izagirre anaiak beste behin, Adam Yates (Mitchelton), Greg van Avermaet (BMC) eta Robert Gesink (Lotto-Jumbo), Philippe Gilbert (Quick-Step)... Gilbert izan zen tropela hausten saiatu ziren aurrenetarikoa, baina eroriko beldurgarria izan zuen Aspeteko jaitsieran. Bidetik irten, eta mendian behera erori zen. Zorionez, ez zuen lesio larririk izan, eta etapa amaitu zuen.

Kilometroak egin ahala, iheslari multzoa murriztuz joan zen. Helmugatik 17 kilometrora, Portillon eguneko azken igoeraren hasieran (8,3 kilometro eta %7,1), hamazazpi kide zeuden buruan, eta igoerako azken tartean, sei: Yates, Alaphillippe, Gorka Izagirre, Bauke Mollema (Trek), Marc Soler (Movistar) eta Robert Gesink. Yates zegoen indartsuen, agerikoa zen, eta tontorretik hiru kilometrora erasoa jo zuen. Portillon ez da bereziki gogorra, eta tontorrean hamasei segundoren aldea zuen Alaphilippekiko. Hark ere atzean utzi zituen iheskideak.

Hamar kilometro zeuden helmugaraino, eta buruz buruko jazarpen proba hasi zen. Alaphilippe bikaina da jaitsieretan; Yates ez, ordea. Frantziarrak estutu egin zuen, eta australiarra bihurgune baten erori zen, helmugatik sei kilometrora. 2015ean aurkari baten eroriko bati esker irabazi zuen Donostiako Klasikoa, eta atzo berari egin zion ihes. Alaphilippek aurrea hartu zion, eta Yatesek ez zion eutsi hark ordekan jarritako erritmoari. Gorka Izagirre izan zen bigarren, hamabost segundora. Alaphilippek bigarren etapa garaipena du Tourrean, eta eskura du mendiko saria.

Su-etena atzean

Faboritoen artean, kontrol eguna izan zen. Atseden egun osteko etapek beti sortzen dute errespetua, eta are handiagoa sortzen du gaurko etapa bortitzak. Boxeo borroketan, lehen roundak elkarri neurria hartzeko baliatzen dira, eta horren itxura izan zuen Pirinioetako aurreneko etapak. Lasaitasunak, dena den, Geraint Thomasi egiten dio mesede handiena. Elastiko horia soinean darama, eta egun bat gutxiago gelditzen zaio Parisera iristeko. Eta, era berean, murriztu egin da egun txar bat izateko aukera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna