Haserre Madrilekin, EBren dirua aurten turismora bideratzeagatik

Irune Lasa.
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Jaurlaritzak ez du ezkutatzen haserre dagoela Espainiako Gobernuarekin, hura EBren funtsei buruz egiten ari den kudeaketa dela eta. Bi dira kexu nagusiak, Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuaren atzoko hitzaldian bistaratu zenez: Madrilen «aldebakarreko jokaera», eta hasiera batean diruaren zati askoz handiagoa joatea turismora industriara baino.

«Zalantza handiak» ditu Azpiazuk Espainiako Gobernuak EBren funtsen Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoari buruz dituen asmoekin. Uste du Madrilen gobernantza eredua ez dela egokia lortu nahi diren helburuentzako. Hasteko, mekanismoaren arauek aholkatzen dutenaren aurka, Sanchezen gobernua bere kasara ari da dena egiten: «Espainiako Gobernuak ahalegina eskatzen digu, baina eskumenetako asko ditugun erkidegoei ez digute aukerarik eman elkarrekin ezer lantzeko».

Lantzeko aukera izanez gero, Jaurlaritzak argi du zeri emango liokeen lehentasuna: «Eraldaketari eta erresilientziari eman behar zaio, horrela lor baitaiteke suspertzea. Baina suspertzeari lehentasuna emanez, ez da bermatzen eraldaketa eta erresilientzia; are gehiago, arriskuan jar daitezke». Jaurlaritzak uste du abagune garrantzitsua dela «baliabideak jartzeko aldaketarako eta transformaziorako proiektuetan. Guk bat egiten dugu Europaren ideiarekin, uste dugu baliabideak horrelako proiektutan jarri behar direla, eta ez direla erabili behar erakundeen ohiko jarduera finantzatzeko».

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak ez du ulertzen Espainiakfunts horietatik aurten gastatu nahi dituen 24.000 milioi euroetatik soilik 1.708 milioi joatea Industria, Merkataritza eta Turismo Ministeriora; eta are gutxiago ulertzen du horietatik bakarrik 233 milioi izatea zehazki industriarentzat. Industriako proiektu estrategikoetarako 110 milioi esleituko dira, eta jasangarritasun turistikorako planak 660 milioi euro izango ditu; hots, sei aldiz diru gehiago.

Horrez gainera, Azpiazuk kritikatu du Espainiak 2021eko dirua aurrekontuen bidez banatzea. «Proiektu transformatzaile handiez ari bagara, urte batzuetarako proiektuez, eta soilik urte bakarrari dagokiona besterik ezagutzen ez badugu, zaila da taxuzko inbertsio plan egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.