Frantziako Tourra

Tropel osoa otzandu du Skyk

Froomeren taldeak kontrolatu du Alpeetako lehen etapa, eta ez da mugimendurik egon faboritoen artean. Alaphilippek irabazi du, eguneko ihesaldian sartuta. Ion Izagirre bigarren izan da

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 18
Irudia, ausartenaren borondatea suntsitzeko modukoa izan zen: La Colombieren gora, eguneko azken mendatean, eta Sky taldeko bost kide tropelaren buruan: Egan Bernal, Michal Kwiatkowski, Wou Poels, Geraint Thomas, eta, nola ez, Chris Froome. Froomek bere zaindari pretoriarren ahalaren erakustaldi lotsagabea egin zuen atzo Alpeetako lehen etapan. Ez zuten ametitu faboritoen arteko mugimendurik, asmo adierazpen agerikoa. Emozioa, beraz, kilometro batzuk aurrerago zegoen, eguneko ihesaldian, eta han Julian Alaphilippe (Quick Step)izan zen indartsuena. Ion Izagirrek (Bahrain) ere oso ondo jokatu zituen bere aukerak, baina bigarren izan zen, 1.35era.

Tourrak mendiko lehen etapa izan zuen atzo, eta faboritoek euren burua aztertu eta aurkariak zelatatzeko baliatu zuten. Logikak hori dio, baina Sky taldeak ere ez zien askoz gehiagorako tarterik utzi. Bost mendateko etapa zen, eta La Colombiere azkenaren ondoren hamabi kilometroko jaitsiera zegoen helmugara arte. Ihesaldi bat osatzeko testuinguru aproposa zen, baina baita sailkapen nagusira begira mugimendu ausarta egiteko ere. Gerra garaietan kasko urdinak bidaltzen dituzte liskarrean dauden lurraldeak baretzera, bada atzokoan elastiko zuriek ezarritako erritmoak otzandu zuen tropela. Rigoberto Uran (Cannondale) izan zen kontrol erritmoari jarraitu ezin izan zion bakarra. Iazko bigarren sailkatua asko sufritzen ari da, eta atzo 2.46 galdu zuen.

Tropel guztiak zekien ihesaldirako egun aproposa zela, eta hasiera oso bizia izan zen multzo indartsu bat osatu eta tropela atzean uztea lortu zuen arte. Klasikozale eta etapa ehiztariekin osaturiko hogeita bat kideko elite multzoak egin zuen aurrera. Han ziren, besteak beste, Greg van Avermaet (BMC) liderra; Alaphilippe eta Philippe Gilbert (Quick Step); Lilian Calmejane eta Rein Taaramae (Direct Energie); Robert Gesink (Lotto-Jumbo)... eta euskal herritar bakarra: Ion Izagirre. Herenegun esan zion BERRIA-ri ihesaldi estrategikoren batean sar zitekeela, eta atzoko eguna aproposa zen harentzat; are gehiago, amaierako aldapa behera luzea kontuan hartuta.

Liderra ihesaldian zen, baina tropelak baimena eman zien. Van Avermaet helmugara iritsi ziren iheslarien artean egon zen, eta 2.22raino handitu zuen Geraint Thomasekiko (Sky) aldea. Faboriroek, baina, ondo dakite Van Avermaetek elastiko horia eranztea egun kontua baino ez dela. Hortik aurrera etapak bi arreta gune izan zituen, tropela eta ihesaldia, eta kilometroek aurrera egin hala, gero eta garbiago ikus zitekeen etapako irabazlea aurreko multzoan zegoela.

Iheslariek minutu askoren tartea ireki zuten, eta Alaphilippek sintoma onak igorri zituen etapa guztian. Mendiko elastikoaren helburua hartu, eta bera pasatu zen lehenbizi Bluffy eta Plateau des Gliereseko gainetatik. Aurrera egin ahala, ihesaldia entresaka nozituz joan zen, eta Izagirrek aurpegi ona zuen. Atzeko tropelean Nibali (Bahrain) laguntzera behartuko zukeen mugimendurik egon ezean, etaparekin amets egin zezakeen.

Ihesaldiak eguneko azken aurreko mendatean hartu zuen astindurik handiena, Romen gora (8,8 kilometro eta %8,9). Taaramae izan zen kideen sasoia probatu zuen aurrenekoa, eta Alaphilippek hari erantzun zion. Izagirren bazekien hura zela zaindu beharreko gurpila, baina ezin izan zion jarraitu. Ormaiztegiarra burua hotz mugitu zen ihesaldian, ondo kalkulatu zuen dena, baina aldagai bakarrak egin zion kale: Alaphillippen indarra.

Atzean, tropelean, Jonathan Castroviejok (Sky) lan handia egin zuen. Bazterrak nahastu nahi zituenak gogor jo beharko zuen. Aurrean, berriz, Alaphilippe zen erritmoa ezartzen zuena. Taaramaekin igo zuen La Rosier, eta La Colombier (7,5km eta %8,5) hasi zutenean, eguneko azken mendatea, 55 segundoko aldea zuen Izagirrerekiko. Bien pedal kolpea ikusita, erraza zen asmatzea nork utziko zuen atzean nor, eta Alaphilippek nahi bezala kendu zuen gainetik Taaramae. Bakarrik iritsi zen Colombiereko gainera, eta 1.30era igaro zen Izagirre. Jaitsieran ezinezkoa zen tarte hori jatea, eta Alaphillippek gozatu zuen amaierarekin. Sasoiko zazpigarren garaipena du, eta Quick Step taldearen berrogeita hamargarrena.

Faboritoek, bitartean, elkarrekin egin zituzten azken kilometroak. Argi zegoen ez zela egun egokia. Skyk erritmo gogorra egin zuen, baina hogei kidetik gorako multzo batek elkarrekin igo zuen La Colombiere. gaur eta bihar etapa gogorrak datoz eta inork ez zuen indarrik xahutu nahi. Dan Martin izan zen saiakera txikia egin zuen bakarra,baina luzimendu handirik gabe. Faborito handien artean Uranek bakarrik galdu zuen denbora, baina bigarren mailako hainbatek sufritu zuten, besteak beste, Bob Jungelsek(Quick Step), Rafal Majkak (Bora), Bauke Mollemak (Trek) edota Ilnur Zakarin (Katuxa).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna