Hezkuntza eta haurren eskubideak pandemiaren garaian

Zuriñe Gaintza Jauregi
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Bizi garen garai hau oso aldakorra da. Egun batetik bestera errealitatea eta bizi baldintzak oso azkar aldatzen ari dira. COVID-19ak sortutako pandemiak ezegonkortasun hori areagotu du eta egun baterako balio zuten eskemak bertan behera gelditu dira etorkizunari aurre egiteko. Aldakortasun teoria hori ontzat hartzen badut ere, ezin dugu ahaztu egoeraren marko orokorra ez dela aldatu; neokapitalismo basati betera zuzentzen den gizarte batean murgilduta gaude, eta pandemia dela-eta hartutako zenbait erabakik azkartu egin du jarraitzen dugun norabide hori. Horren erakusle garbi bat ondorengo adibidean aurkitu ahal dugu: gizarte guztiarentzat zuzendutako zerbitzu publiko batzuk itxi edo minimoetara eraman dira (liburutegiak, kiroldegiak, ekitaldi kulturalak…) kontsumoa sustatzen duten dendak eta saltokiak irekita mantentzen diren bitartean. Beste hitz batzuetan esanda, kontsumoa bultzatzen duten sektoreei ez zaiela aplikatzen zerbitzu publikoei aplikatzen zaien baremo bera… Kasualitatea ote?

Horrekin ez dut esan nahi, noski, pandemia kontrolatzeko neurririk ez dela hartu behar (ez naiz pandemiaren negazionista bat, ez behintzat dauzkagun datuekin); aitzitik, solidarioa den gizarte batek zaurgarrienak diren pertsonak babestu behar dituelakoan nago. Baina zeintzuk dira pertsona zaurgarri horiek?

Ikuspegi medikotik COVID-19aren aurrean zaurgarrienak diren kolektiboak helduak eta aurretiko patologiak dituzten pertsonak dira, baina giza ikuspegi batetik pandemia honen ondorioak gehien pairatzen ari diren kolektiboak haur, nerabe eta gazteak dira, besteak beste. Kolektibo horiek babesteko adingabekoak eskubidedun subjektu direla onartu genuen aspaldian, Haurren Eskubideei Buruzko Konbentzioak dioen eta administrazioak sortutako zenbait legek jasotzen duten moduan. Pandemiaren ondorioz hartutako zenbait erabakik eskubide horien urraketa sistematikoa ekarri du ikuspegi medikotik arriskuan dauden pertsonak babeste aldera: umeen gizarteratze prozesuak mugatu, beraien erlazio sozialak zedarritu, aisialdi eta eskolatze aukerak murriztu, eta abar.

Ez dut zalantzarik pertsona guztien osasuna babesteko neurriak hartu behar direla, baina adingabeen eskubideak ahalik eta gutxien ukituz. Horregatik, neure buruari galdetzen diot ea ondo orekatuta ote dauden osasuna babesteko hartutako neurriak eta adin txikikoen eskubideak bermatzeko hartu behar diren neurriak. Ezin da oreka berri bat bilatu, ekonomia babesteko egin den bezala? Edo, akaso, adin txikikoen eskubideek ekonomia ur gainean mantentzea baino garrantzia gutxiago dute? Lehen deskribatutako gizarte kapitalista batean, agian bai.

Zalantzarik gabe, egoera honetan, legeak eta arauak egiten dituzten pertsonekhau da, agintariek formula berriak asmatu beharko dituzte arestian aipatutako bi eskubideen artean (populazioaren osasunerako eskubidea eta Haur, Nerabe eta Gazteen eskubideak) oreka bilatzeko. Hori gertatu bitartean adingabekoekin lan egiten duten profesionalek, eta bereziki hezitzaileek ahal duten guztia egiten dihardute eskubideen urraketa saihesteko.

Bere eskumenak oso mugatuta eduki eta oraindik aurreko ikasturtearen biharamunak jota egon arren, irakasleek irakasteko metodologia aktiboak inplementatzen jarraitzea funtsezkoa da momentu honetan. Proiektuetan oinarritutako metodologiak, lan kooperatiboak, kasu azterketak, eta, orokorrean, metodologia aktiboetan oinarritutako pedagogiek arindu ahalko dute pandemiak sortutako kalitatezko hezkuntzaren urraketa, eta bultzatu, aldi berean, adingabekoen gizarteratze prozesua eta talde eta komunitatearen sentimendua.

Hezkuntza ez-formaleko hezitzaileek, harrera egoitzetan lan egiten dutenek zein aisialdi edota kultur arteko arlotara dedikatzen direnek beren zereginak betetzen jarraitzean desberdinkeriak murriztu eta zaurgarrienen artean zaurgarrienak babestu ahalko dituzte.

Gauzak horrela, hezkuntza arloko profesionalei errekonozimendu guztia zor zaiela uste dut, zeren eta beraiek baitira momentu honetan haur, nerabe eta gazteen eskubideak defendatzen dituen kolektibo esanguratsuenetako bat pandemia egoera honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.