Eurek zaunka, guk galopa

German Garcia Marroquin - Ongi etorri, errefuxiatuak

2018ko abuztuak 9
Galopa, caballo cuatralbo,/ jinete del pueblo, / que la tierra es tuya./ ¡A galopar,/ a galopar,/ hasta enterrarlos en el mar!

Paco Ibañezek Albertiren bertso horiek abesten zituen, 1970eko hamarkadan. Garai horietan, faxismoaren behin betiko hobiratzearekin egiten genuen amets. Hala ere, desirak besteratu ziren gaur egun amets gaizto bihurtzeraino, zeinetan odolzaleen ehorzketak ospatu bainoago, biktimak itsasoan hobiratzen diren. Bizirik hobiratuak. Itota. Euren herrietatik beharrez lekualdatutako milaka pertsona desagertzen dira Mediterraneoan, Europara heltzeko saiakeran. (2015. eta 2017. urteen artean, Mediterraneoan itotako 14.652 lagun zenbatu ditu Migrazioen Nazioarteko Erakundeak).

Sarrera horrek urrutikoa dirudi, Bilboko Marzana kaiaren parean dagoen etxebizitza batean eskegitako pankarta baten inguruan hitz egiteko. Eusko Jaurlaritzak sinatutako pankarta horrek sei solairuko eraikin baten etxe-aurrea estaltzen du erabat, ondorengo mezuarekin: «Here 'ongi etorri' means welcome. Welcome to the Basque Country (Hemen, ongi etorri esaldiak ongi etorri esan nahi du, ongi etorriak Euskal Herrira)

Pankarta erraldoi horren inguruan, etxebizitzetako balkoietan eskegitako lau bandera hori daude, Ongi etorri, errefuxiatuak leloarekin.

Marzana mapan kokatzeko gai ez direnentzat, Erriberako merkatuaren aurrez aurre, itsasadarraren beste aldean, kokatutako eremua da. Erriberako merkatua Bilbora heldutako turisten gehienentzako derrigorrezko bisita horietako bat izaten da, eta, horregatik, Marzanako etxeetan eskegitako bandera horien esanahia, hain zuzen, bisita turistikoetan ohiko galdera bilakatu da.

Eusko Jaurlaritzak pentsatu omen du Euskadiko irudiari kalte egin diezaiokeela Bilbo pertsona migratzailee zein errefuxiatuekiko hiri solidarioa dela azaltzeak.

Autoritateek ere, seguruenik, a galopar, a galopar kantatu zuten, eta, gaur, itsasoan hildako pertsonei ogia eta gatza ukatzen dizkiete. Euren etsaia jada ez da faxismoa, basakeria dute kide, elkartasuna ezkutatzen eta ezeztatzen dute, eta, horren ordez, jasanezina den manipulazio zakarrera jo. Pankarta horren leloa, dagoen testuinguruan kokatuta dagoela, pankarta bera bezain handia den gezurra da. Ongi etorri-k, hemen, Eusko Jaurlaritzaren pankartan, Euskal Herrira ongi etorriak esan nahi du, datozenak turista jaun eta andreak badira. Ongi etorri, errefuxiatuak, ordea, Euskal Herrira indarrez lekualdatu behar izan duten horien harrera herri bilakatzearen aldeko gizartearen eskaria da, bizitza duin bat izateko.

Manipulazioa eta despotismoa, pankarta neurrigabekeriaren zeinu ikaragarria baita. Botere publikoek baliabide eskasagoekin botere horiei beroriei solidaritate eske diharduen gizartearengan duten agintearen erakustaldia. Elkartasuna artatu beharrean, aginte publikoen indarra erabiltzen dute hori isildu eta nahasteko. Modu horretan diharduenak bere benetako aurpegia azaltzen du, herriaren eskariak zapalduko dituen erabateko boterea izateko desira. Gurpilak bira oso bat eman du. Hasi ginen tokian gaude; orain, eurak dira itsasoan lurperatu beharrekoak gure galoparekin.