Energia garestitzearen kontra protesta egin dute Bilbon

Argindarra merkatzeko neurriak eskatzeko manifestazioa, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE/FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
«Iberdrola, lapurrak» eta «energia publikoa» zioten oihu artean manifestazioa egin zuten atzo iluntzean Bilboko Iberdrola dorretik. Ekologistak Martxan-ek deituta, hainbat talde, elkarte eta sindikatu atxiki zitzaizkien manifestaziora, eta ehunka lagunek hartu zuten parte. Haien karteletan argindarra publifikatzeko eskatu zuten. Talde ekologistaren hitzetan, energia «eskubidea» izan behar da, ez «negozio espekulatiboa».

Ahotsa urratuta ere, bozgorailuetatik jarraitu zuten «zuen mozkinengatik, gu ilunpean»eta «energiaren lapurrak kanpora» moduko lemak errepikatzen.

Argindarraren garestitzeari aurre egiteko «neurri eraginkor eta errealak» eskatu zizkieten «oligopolio elektrikoaren konpainiei», Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Salatu zuten energiaren faktura «egiturazko pobreziaren oinarrietako bat» dela, eta emakumeei eta mendekotasuna duten pertsonei pobrezia energetiko handiagoa eragiten diela. Talde ekologistaren ustez, «pilatutako fakturek» ezinezko egiten dute «bizitza duin bat garatzea eta zorpetzearen eta prekaritatearen gurpiletik ateratzea».

Energia merkatu osoa berregituratzeko exijitu zioten Espainiako Gobernuari, eta enkanteak alde batera utziko dituen sistema bat indarrean jartzeko. Horrez gain, beharrezko ikusten dute kostuen auditoria bat egitea, eta Madrili eskatu diote parte hartze publiko handiagoa izateko REE sare elektrikoaren bitartez.

Pobrezia energetikoaren ondorioak leuntzeko neurrien beharraz aritu ziren. Bide horretan, Ekologistak Martxanek Eusko Jaurlaritzari exijitu dio ez uztea enpresa energetikoei egoera zaurgarrian dauden pertsonei hornidura mozten.

«Hau ez da amaiera, hasiera baizik», ohartarazi zuten manifestazioaren bukaeran: «Espolio honen aurrean egingo dugun oposizioaren hasiera».

Gaur, itzalaldia

EH Bilduk, BNGk eta Kataluniako alderdi independentistek protestara deitu dute gaur, argudiatuta prezioaren igoera «espekulazioaren» eta enpresa energetikoen «oligopolioaren» ardura dela. EH Bilduk adierazi du pobrezia energetikoak 188.000 pertsonari eragiten diela Hego Euskal Herrian. Koalizioaren ustez, argindarra garestitu egin da pandemiak «babes sozial handiagoaren beharra» azaleratu duen arren. Itzalaldia eskatu dute 22:00etatik 22:30etara, eta lapikoak jotzera deitu dute jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.