Frantziako Tourra

Modurik zailenean

Dylan Groenewegenek irabazi du Tourreko etapa, esprinta urrundik jo ondoren. Giulio Cicconek lehen postuari eutsi dio egun lasai batean

Modurik zailenean.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Lau esprint behar izan ditu agertzeko. Lau akabera ero bere ahala zein den erakusteko. Aurreko hiruretan kale egin zuen. Kale nabarmen gainera, taldeak lan ona egin arren, bera izan zelako maila eman ez zuena. Atzokoan, baina, Dylan Groenewegenek (Jumbo) logika guztiak hautsi zituen, eta zailen zegoenean irabazi zuen aurtengo Frantziako Tourreko lehen etapa. Ozta-ozta irabazi hartu zion aurrean Caleb Ewani (Lotto Soudal), baina helmugan hatz erakuslea altxatzearen gutizia onartu zion bere buruari. Ikusteko dago zer esan nahi zuen: «bat» edo «aurrenekoa».

Groenewegen esprintetarako faborito nagusi gisa iritsi zen Tourrera. Iaz bi irabazi zituen, eta aurtengo sasoian hamar garaipen zeramatzan. Nahikoa galoi dira esprintetan zaindu beharreko errobera izateko. Jumbo-Vismak, gainera, bizkartzain kuadrilla ona jarri dio. Horren eredu, Mike Teunissen(Jumbo) bere kideak irabazi zuela lehen etapa, eta Van Aert bigarren izan zela bosgarrenean. Groenewegenen helburu nagusia lehen etapa irabazi eta elastiko horia janztea zen, baina Bruselarako bidean erori egin zen.

Nancyko esprinta zuen bigarren aukera egokia, baina gaizki kokatu, eta bosgarren izan zen. Colmarren, aldiz, hemezortzi minutura helmugaratu zen. Etapa hura ez zen erabat aproposa berarentzat, baina esprinter batzuk aurre aldean sartu zirela ikusita, gehiago eska ziezaiokeen. Beraz, presioa pilatzen hasia zitzaion herbeheretarrari, eta atzo askatu zuen, Chalon sur Saoen.

Tourreko etaparik luzeena—230 kilometro— esprintik luzeenarekin bukatu zen. Tropelak helmugatik hamabost kilometrora harrapatu zuen eguneko ihesaldia, eta ez zuen beste saialdirik ametitu. Esprinterren taldeak, tropelaren aurrealdea okupatu, eta erritmo itogarria jarri zuten. Tartean zen Jumbo, eta ikusgarria Wout van Aertek azken bost kilometroetan emaniko bi kilometroko erreleboa. Tropel osoa ilaran jarri zuen. 24 urte eskas, eta inor gutxik adina indar du hanketan.

Erakustaldiak azalpena zuen: Groenewegen ondo zegoen. Tour honetan irabaztea, baina, ez da erraza, lau amaiera bizkor izan ditu, eta lau irabazle ezberdin. Jumboren zaldi gazteak alde batera egin zuenean Borak hartu zuen tropeleko burua, eta azken kilometroan, Deceuninck-Quik Stepen. Nancyn egin bezala, lau txirrindularirekin iritsi zen azken 600 metroetara: Julian Alaphilippe, Mikael Morkov, Max Richeze eta Elia Viviani. Italiarrak hogeita hamaika zituen eskutik, baina ez zuen egoera baliatu, eta seigarren bukatu zuen esprinta, etsita.

Groenewegenek, aldiz, bakarrik esprintatu zuen. Helmugatik oso urrun jo zuen erasoa, 500 bat metrora. Deceunincken arrastoa utzi, ezkerretik jo, eta bost txirrindulari pasatu zituen azken zuzengunean. Berehala jarri zen buruan, baina goizegi saiatu zela zirudien, eta esprinta luze egingo zitzaiola. Caleb Ewan (Lotto-Soudal) haren bila joan zen. Helmugako argazkiak argitu zuen Groenewegen zela irabazlea. Neurtzaile ofizialen arabera, ehuneneko bat lehenago helmugaratu zen, eta hamazazpi zentimetroko aldea atera zion. Etapak hamar metro gehiago izan balitu, Ewanek irabaziko zukeen.

Offredoren adorea

Esprinta kenduta, egun lasaia izan zen. Sailkapen nagusian ez zen aldaketarik egon, eta Giulio Cicconek (Trek) jarraitzen du lider. Atzo, gainera, albiste ona jaso zuen, 2021. urtera arte luzatu baitu kontratua Trekekin. Espero zitekeen bezala, ihesaldi saiakera ere egon zen. Stephane Rossettok (Cofidis) eta Yoann Offredok (Wanty) lehen kilometroan egin zuten ospa, eta 218 egin zituzten alde eginda. Nabarmentzekoa da Offredoren adorea. Iheslari profesionala da, telebista orduak betetzen espezialista, eta ez da ahaztu behar duela lau hilabete erorikoa izan zuela eta larri egon zela ospitalean. Hartaz geroztik lehiatu gabe egon da, Tourrean itzuli den arte, eta ia egunero dabil ihesaldian. Gaur aukera ona du: 200 kilometro eta bigarren edo hirugarren mailako zazpi mendate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.