Torrent espiatu dute, gobernuek soilik erabiltzen duten programa batekin

Erredakzioa
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Espainian aurkari politikoak «legez kanpo» espiatzen direla salatu zuen atzo Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak, sakelako telefonoa zelatatzen aritu zaiziola jakinarazi egin ostean. Torrentek adierazi zuen «behin betiko frogatuta» gelditu dela hori, El Pais eta The Guardian egunkariek argitaratu zuten ikerketarekin. Biek jakinarazi zuten Torrenten sakelakoari eraso ziotela Israelgo NSO teknologia konpainiak garatutako Pegasus espioitza programarekin. Gobernuek eta segurtasun indarrek soilik eros dezakete programa hori.

Ikerketaren arabera, programa horrek 1.400 sakelako zelatatu zituen mundu osoan, 2019ko apirilaren eta maiatzaren artean Whatsapp aplikazioak izandako akats bat baliatuta. Zerrenda horretan dago Torrent, baina ez zen Kataluniako kasu bakarra izan. Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia eta Jordi Domingo ANCko kide eta abokatua ere zelatatu zituzten.

Pegasusek aukera ematen du deiak entzuteko, mezuak irakurtzeko, disko gogorrera sartzeko, pantaila argazkiak egiteko, nabigazio historia arakatzeko eta kamera eta mikrofonoa aktibatzeko. Ikerketaren egileek adierazi dute baliabide horiekin Torrent «monitorizatu» egin zutela, eta «hainbat froga» jaso dituzte.

Ikerketa eta ardurak

Torrentek «Espainiako Estatuari» egotzi dio erasoa, eta ardurak argitzeko ikerketa bat eskatu du. Bat egin dute ERCk, JxCk,CUPek, PSCk ,Podemosek, EAJk eta EH Bilduk. ERCk Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari eta Margarita Robles Defentsa ministroari agerraldiak galdegin dizkie. Madrilek ziurtatu du ez duela eraso horri buruzko informaziorik.

Amnesty Internationalek mundu osoko ekintzaileak zelatatzea leporatu dio NSO enpresari, eta haren erabilera eteteko eskatu dio Israelgo Gobernuari. Whatsappek ere salaketa bat jarri zuen NSOren aurka, baina hark esan zuen ez zuela zerikusirik sekelakoen esku hartzeekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.