Herrira itzultzea, porturatzea

Mikel Korta eta Jon Irazola - Kalera Kalera-ko kideak

2018ko uztailak 12
Euskal iheslari politikoak, preso eta biktimenekin batera, gatazka mingarriaren lekuko izan gara (eta gara) azken bost hamarkadetan. Gara diogu. Izan ere, gatazka politikoaren arlo bortitzenak desagertu baldin badira ere, biktima guztien erreparazioa, presoen kaleratzea eta iheslarien etxeratzea dugu eginkizun elkarbizitza justu eta sano bat abiarazteko.

Aieteko adierazpenaren ondotik, iheslarien auziari aterabide bat proposatu nahian, munduan barreiatu ginenak itzulera eraikitzeari ekin genion. Horrela, 2013an Miarritzen burutu ekitaldi gogoangarrian, hiru puntutan laburbil daitekeen bide orria ezagutarazi genuen. Lehenean, besteak beste, torturak kutsatutako txosten judizialen baliogabetzea eskatu genuen. Bigarrenean, gaixorik edo egoera zailean bizi diren iheslarien bizi baldintza duinak denboran atzeratu gabe bideratzea.

Hirugarrenean, aldiz, kontakizunari erreparatu zitzaion: Euskal Herriak bere etorkizuna eraikitzeko egia behar du. Argitu daitezela egon diren desagertu eta erailen kasuak. Etorkizunean, eskoletan ikasleek jakin dezatela bost hamarkadaz gatazka politiko larri bat izan zela, eta behar diren bitartekoak jarri behar direla berriz gerta ez dadin.

2014an Arrangoitzen adierazi genuen gure sorterrietarako bidea abiatuko genuela errepresioaren atzaparretan ez erortzeko aukera zuten iheslari guztiok. Esan eta egin. Geroztik 150 inguru gara sorterrietara itzultzeko urratsa egin dugunok. Askatasun eremuak irabazi eta etxeratzeko, porturatzeko, aukera ez dutenen errealitatea gizarteratzeko konpromisoa hartu genuen. Gaur egun 70-80 iheslari daude etxeratzeko aukerarik gabe, eta hiru dira nagusiki hori gainditzeko aurkitzen dituzten oztopoak.

Madrilgo Auzitegi Nazionalaren itxikeria da lehena. Ez dute iheslari bakoitzaren dosier judizialaren egoerari buruz informaziorik eman nahi, eta abokatuek zerbait aitzinarazteko zer egin behar den galdetzen dutenean, haiek etor daitezela informatzera erantzuten dute! Begi bistakoa da 30 urte baino gehiago exilioan bizi ondotik ez direla esku loturik Madrilen mantsoki agertuko.

Bigarren oztopoa preskripzio epeak maltzurki luzatzea da. Dignidad y Justicia bezalako elkarteek legelariak ezarri dituzte txostenak aztertzen, preskripzio epeak ahal bezainbeste luzatzeko helburuarekin. 34 urteren ondotik, Mexikon atxilotua eta espainiaratua izan zen Telleria iheslariaren kasua horren lekuko mingarria dugu. Mendeku gosea ez da asebetetzen.

Eta hirugarren oztopoa: torturak kutsatutako txostenak ez dituzte ezabatu. Eusko Jaurlaritzak argitaratu txostenak argiki erakusten du hamarkadetako errealitate lazgarria.

Guk uste dugu hiru oztopo horiek gaindituak izango balira iheslarien %80 etxeko bidea hartzeko baldintzetan izanen liratekeela. Eta ondotik, beste %20ari errealitate printzipioak gidatutako justizia trantsizionalak arrazoizko epe batean etxeratzeko aukera eskainiko liekeela.

Errealitate horiek partekatu genituen joan den larunbatean, Oria ibaiaren jaitsieran, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria aldarrikatu genuenean. Soluzioak badaude, zentzuzko arrazoinamenduetan oinarritzen dira, eta mendeku izpiritu eta itxikeriarengandik ihes eginez elkarbizitzarako oinarriak plantan ezartzeko ordua heldu da. Ez ditzagun utz hainbeste maite duten Euskal Herritik urrun azken hatsa eman arte. Bada garaia. Ekar ditzagun etxera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna