XXI. mendeko hezkuntza erronkak

2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun

Hezkuntzaren gaineko gogoeta eta berau eraldatzeko ekimena nekez uler litezke gure munduak bizi duen larritasun globala eta krisi ekosistemiko planetarioaren egoeratik aldenduz gero. Haatik, hezkuntza paradigmaren eraldaketak zer-nolako pertsona mota hezi behar duen galdekatzea sistema sozial berdinzaleago bateranzko hezkuntza egitasmoen erdiguneko kezkagaia da; edota, bizi ditugun garai likidoak nola eragiten ari diren identitate berrien eraikuntzan galdekatzea. Izan ere, egungo ezagutzaren gizartean, non garapenaren aurrerabidea, ezagutza eta jakintza berriak eskuratzearen mende bizi garen, giza subjektibotasunen ekoizpena paradigma aldaketarako gako eraldatzaile ahaltsua da, eta mundu bizigarriagoa eraikitzeko hezkuntza egitasmoetan txertatua behar luke, Edgar Morinen hitzetan esateko «bizitzen irakastea» hezkuntzaren jomuga behinena delako.

 

Jakin badakigu sozializazioa dela pertsona eraiki eta subjektibotasuna ekoizteko prozesu nagusia. Sozializazio horren bidez eskuratzen dira bai hizkuntza eta bai errealitatea interpretatzeko tokian tokiko oinarrizko moduak; identitatearen eta nortasunaren funtsezko osagaiak dira. Gertuko harreman sarean eratuko da giza garapenaren lur ongarria, eta garapen kognitibo eta emozionalaren zoru bilakatuko da; ondo erein beharreko hezkuntzaren zorua da.

Egun, aldaketa handiak bizi ditugu gizarteratze prozesuen ahultze eta zaurgarritasun progresiboagatik, eta sozializazio edukiak transmititzeko karga emozionala behin baino gehiagotan hezkuntza erakundeetara transferitzeko joera dago; nagusiki eskola da asmo hezitzaile horien kokaleku aparta. Horrela, hezkuntza esparru desberdinen bitartez, norbanako bakoitzak bere egiten ditu norbere gizarte-taldearen kodeak, balioak, arauak eta jokabideak. Hara, XXI. mendeko hezkuntzaren erronkari ezinbestekoa egiten zaio konplexutasun soziala bere egin eta konplexutasuna kudeatuz erreferentzia balio anitzekin aritzea; konplexutasunaren eskola da egungo eskolaren ezaugarri lehena.

Hala nola, currriculuma eraberritzeko betebeharra dugun honetan, hezkuntza markoan egin beharreko hobekuntzek oinarrizko zoru hezigarriaren garapenari lehentasuna eman beharko diote. Izan ere, hezkuntza-etapa goiztiarretatik hasita prestatzen dira belaunaldi berriak helduarorako; eta, hein berean, bizitza osorako hezkuntzarako oinarri sendoak ezartzen dira, gure gazteak beren bizitzak zentzuz gobernatzeko gai izan daitezen, kontzientzia kolektiboa sustatu eta euren geroaren jabe izateko. Halaber, beren erabakien erantzule, etorkizuneko premien erantzukizuna beren gain hartu eta elkar zaintzeko gai izango diren herritarrak hezi beharko ditugu, gizartean modu kritikoan eta arduratsuan parte hartu ahal izateko gaituz; hori egungo eskolaren jomuga garrantzitsu bat izango da.

Abiaburuko galderei erantzuteko, beraz, garrantzitsua da hizpide dugun herritar berrien funtsezko gaitasunen eskuratzeari etengabeko erreferentzia egitea, jomugan izatea betiere hezkuntza-prozesuaren amaierako lorpenen profila, bertan irudikatzen ari garelako zer-nolako herritarrak hezi nahi ditugun.

XXI. menderako hezkuntzaren paradigma-aldaketa batek, gaininformazioaren erabilera kritikoa egiten jakitea ez ezik, ezagutza bera eraikitzen jakitea ere eskatzen digu. Horrek aldaketa sakonak dakartza, eta ikasleek eskuratu beharreko ezagutza eta gaitasun berriak ere bai. Horregatik, eskola zereginaren ohiko betebehar bihurtzen da irakasteko modu berriak eskuratzea eta eskolan elkarreragiteko sareak osatzea, esperientzien praktikak eta ikerketak sustatzea.

Bizi dugun ingurumen-krisiak, giza balioenak, osasun-krisiaren ondorio emozionalak, euskal kulturaren krisiak, euskararen erabileraren apaltzeak, pandemia ondoko gizarte zaurgarriaren egoerak orobat, inoiz bainoago, agerian jarri dute haur, nerabe zein gazteen hainbat alderdiren garapen sozio-emozionalaren beharra. Abegikortasuna, autonomia, erresilientzia, espiritu kooperatibo eta kritikoa, konpromiso soziala, ingurumenaren zaintza, ekintzailetasuna, funtsezko konpetentzien balio eta jarreretan garatzen diren ezaugarriak dira mundu globalizatuan bizi ahal izateko.

Gaur egungo gatazka egoerek erakutsi digute zein garrantzitsua den onartzea pertsona guztiok ditugula oinarrizko premia batzuk duintasunez bizi ahal izateko, abegikortasun ahalmenari ongizaterako eskubidea gaineratu behar zaiola. Gainera, gizarteek pertsona kooperatiboak, kolaboratzaileak, kritikoak eta konprometituak behar dituzte, norbere komunitatearen kontzientzia kolektiboarekin, bai besteekin lankidetzan aritzeko, bai planetaren ingurugiroaren zaintzaren alde.

Honezkero denok jabetzen gara euskal gizartearen populazio-osaera aldatu egin dela azken urteotan, gizarte kulturanitza eratuz. Hori dela eta, eskola ikuspegi berri batean kokatzen da: gizarte inklusiboa lortzeko erronka berriei erantzun behar die. Horregatik, garrantzitsua da komunitateko hizkuntzak eta hizkuntza propioa ondo ezagutu, menderatu eta erabiltzea. Horrez gain beste hizkuntza global batzuk menderatzen direla bermatzeak pertsonen arteko ezagutza eta elkar ulertzea, ideien trukea eta abegikortasuna erraztuko dute, elkarbizitza duina ahalbidetuz.

Hara nola hezkuntza amaierako irteera profilak ikasketa sakon eta funtzionala eskuratzeko bideratua egon beharko duen, funtsezko konpetentziek irakatsi eta ikasitakoa bermatzen dutela, bizitzaren hainbat testuingurutan erabilgarriak izateko moduan. Horrela bihurtzen da hezkuntza egitasmoa gizarte eraikuntzarako bermerik duinena.

Izan ere, euskal hezkuntza-sistemaren erdigunean ikaslea bera dago. Eta funtsezkoak dira haren ongizate emozionala, zaintza eta inklusibotasuna, horiek direlako hezkuntza sistemaren arrakastarako ongarriak XXI. mendeko erronkei aurre egiteko, bai maila pertsonalean eta baita sozialean ere.

Eta hori guztia, gure lurraren hizkuntza ondo menderatu eta erabiliz egingo da, euskara hezkuntza sistemaren ardatza baita. Ardatz horretatik eraiki ahal izango dira kohesio soziala, ekitatea eta justizia soziala, gure hizkuntza hezteko ardura dugun belaunaldi berrientzako identitate eta nortasun emailea delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.