Itziar Aizpurua Egaña.

Heriotza zigorrak bizirik dirau!

2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Estatu espainiarrean bizi garenontzat, 1978ko abenduaren 6a garrantzi handiko eguna da, ordutik berrogeita bat urte igaro badira ere. Karta Magna deitzen den Espainiar Konstituzioaren aurrean Hego Euskal Herriak orduan hartutako erabakia ez baitzen nolanahikoa izan. Estatu osoan Hego Euskal Herrian soilik eman genion herri gisa erantzun indartsu eta batua: ez dugu konstituzio hori nahi, gurea ez delako, batetik, baina gure burujabetasuna onartzen ez duelako, bestetik; gure lurraldea izatea ukatzen digulako; euskara betirako bigarren mailara baztertu eta hizkuntza espainola jakitea eta erabiltzea derrigortuz; Monarkia derrigorrean ezartzen digulako; oligarkia kapitalista basatia inposatzen digulako beste irtenbide ekonomiko sozialei ateak itxiz. Eta status horren zaintza Espainiako Armadak daukalako, behar duen indarra erabiltzeko baimenarekin.

1939ko apirilaren 1ean, Francok bukatutzat eta irabazitzat eman zuen Espainiar Errepublika erasoz hasitako gerra. Francok bere jarraitzaileekin egindako sarraskiak, hilketak, bonbardaketak, fusilamendu eta familien suntsiketak, Hego Euskal Herriaren biziraupena kolokan jarri zuen burdinazko esku militarren bidez. Baita kataluniar herrian eta Espainiako ezkertiarrengan ere. Baina ezin izan zuen itzali Euskal herritarren grina eta herriarekiko maitasuna, batezere ikusirik 1936-39ko urteetan nola lotu ziren borrokara gure aurreko belaunaldiak. Ondorioz, Euskal Herriko kontzientziadun jendeak, abertzale, ezkertiar, langile, ikasle... borrokan jarraitu zuen bere burujabetasuna, independentzia eta sozialismoa, askatasun politiko, ekonomiko eta soziala lortze aldera.

1970eko abenduaren 3an, Burgosko Gobernu militarrean, 16 ETAkideri egindako Gerra Kontseiluarekin, Francok zentzagarria jarri nahi izan zion Euskal Herriari, berpizten eta indartzen ari zen garrari. Baina suari soilik heldu zion, eta garra hor mantendu da bizirik. Hortxe dago. Indarra, kemena eta grina bultzatzen duen maitasuna zuten euskal herritarrek, nazioarteko laguntzari esker ere, duela berrogeita hamar urte ezarritako bederatzi heriotza zigorrak bertan behera utzi behar izan zituen Espainiako historia hurbileko hiltzaile handienak.

2020ko urtarrilean, Konstituzio espainiar ukatzaileak bere letran ez du heriotza zigorrik. Ez! Eta, nork esan dezake, gezurrik esan gabe, heriotza zigorra aplikatzen ez denik erregimen honen baitan, gobernuan edozein indar politiko egonda ere?

Gizarte mailei erreparatuz, burura datozkit langileen lan-baldintzak; gazteriaren etorkizunik eza; emakume alargunen egoera sinestezina; erretreta edo pentsiodunen ibilbide amaiezina; etxerik gabekoen noraeza; ezer ez dutenen eguneroko heriotza Euskal Herriko kaleetan... Eta bereziki gogorra egiten zait euskal preso politikoen egoera; negarra barrenetik ateratzen dit ezin dudalako sinetsi, ikusirik gaur eta orain, Burgosko Prozesua deiturikotik 50 urte beteko diren honetan, berrehundik gora euskal preso politiko emakume eta gizon espetxean hilik nahi dituztela, Euskal Herriaren betiko etsaiak horretan ahalegin guztia egiten ari direla. Inoiz baino bortitzago eta lotsagabeago moldatzen dira epaitegietan lege berriak, edo arauak bihurritzen dituzte, heriotza zigorra errealitate bilakatuz.

Euskal Memoria liburuaren 11. aleak Joseba Sarrionandiaren hitz hauek dakartza espetxeari buruz: «Euskal presoak egin dutena eta egin ez dutena ari dira ordaintzen. Egin dutenagatik preso arruntek egin balute baino askozaz zigortuago daudenez gero, konprenitzen da egin ez dutenagatik daudela batez ere zigortuta. Egin ez dutena, independentzia, sozialismoa eta demokrazia lortzea izan da. Delitu saioa, frustrazio graduan. Ez dute lortu, baina lortu balute bezala mendekatzen dira Espainiako juezak».

Bakearen alde borrokatu izan gara beti, beti! Demokrazia bilatu dugu; gure arbasoen sustraietatik elikatu gara, eta haien grina, gogoa eta bihotza eraman dugu gure ekinean. Eta errepresioa, tortura, heriotza, kartzela, erbestea... eman digute ordainean.

Baina aurrera egiten saiatzen gara, kartzelan daudenek batik bat. Duintasunez eta harrotasunez, harrokeriarik gabe: zer garen, nor garen, nondik gatozen eta nora joan behar dugun garbi izanez. Harrokeria litzateke onenak garela uste izatea, baina egiatzat jotzen dut herri bat osatzen dugula, bertako partaide izan nahi dugula, gure etorkizuna gaurtik eraiki nahi dugula, eta zer izan nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugula, gainera, Espainian dauden agintariek ulertzen edo nahi ez badute ere.

Garenaren harrotasuna, izan nahi dugunaren harrotasuna eta izan ez garenaren harrotasuna. Ez gara negartiak, ezta masokistak ere. Irribarrea dugu ezpainetan eta bihotzean, eta ihes egiten dut biktimismotik. Horrek nahasmendua besterik ez luke nire baitan sortuko, bizi ezinaren nekea, alegia. Ondo ulertzea nahi nuke. Betiko etsaiak bere onurarako sortzen ditu hainbat trikimailu, eta ikusten ditut beren burua biktimatzat jotzen duten askotxo besaulki edota diruaren truke, Herriaren aldeko borroka zer den sekula usaindu ere egin ez dutenek.

Euskal herritarron borrokak lortu zuen 1970eko Burgosko Gerra Kontseiluan heriotzara zigortuak Francori eskuetatik kentzea. Ordutik hamaika aldiz eman dizkizuet eskerrak Jokin Gorostidiren eta bion izenean. Eta ez naiz inoiz nekatuko zuen borrokari esker bizirik gaudela esaten.

Ez dezagun ahaztu, Konstituzio espainiarrak, idatzita jaso ez arren, bere baitan duela disidentzia politikoa, eta Ezker abertzalekook daramagun borroka batez ere, suntsitzeko tresneria. Beraz, adi egon gaitezen kartzeletako egoerari, eta borroka egin dezagun etengabe euskal preso politiko guztiak agudo etxean izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.