Eibarrek faborito dela ekingo dio gaur Kopari, Sportingen zelaian

Aitor Manterola -

2018ko azaroak 1
Espainiako Kopako ibiliari ekingo dio gaur Eibarrek Gijonen, Sportingen aurka. Final-hamaseirenetako kanporaketaren joaneko partida izango da, eta, aurkaria Bigarren Mailakoa izanik, eibartarrak dira bidegurutze honetan aurrera jarraitzeko faboritoak. Baina izenari izana gehitu beharko dio Jose Luis Mendilibarren taldeak gaur, faborito sentituz bakarrik komeriak izango dituelako. Horretaz aritu zen entrenatzailea atzo: «Lehen Mailakoak garenez, faboritoak gu gara, baina gu Lehen Mailako behealdeko taldea gara, eta Sporting, Bigarren Mailako goialdekoa». Jokalariak erne jartzeko modua du Mendilibarrek.

Jokatzen dutenek, dena dela, ez dute lo hartzeko motiborik izango, ligan gutxien ari direnen aldeko hautua egingo duelako entrenatzaileak: «Kopa lehiaketa ona da taldearentzat, ligan gutxien jokatzen ari direnei aukera emateko. Oso ondo ari dira entrenatzen guztiak, eta gogorra egiten da asteburuero sei jokalari deialditik kanpo uztea. Kopari esker, denek dute jokatzeko aukera».

Hemezortzi jokalari daude Gijonen, eta bigarren taldeko bakarra Markel Areitio atezaina da, Dmitrovicek min hartua segitzen baitu. Min hartuta dauden besteak Pedro Leon, Escalante eta Enrich dira. Atseden izango dute gaur Orellanak eta Peñak.

Sporting eta Eibar elkarren aurka duela bi denboraldi ere aritu ziren Kopan, eta armaginek 0-2 irabazi zuten Gijonen, eta 3-1 Ipuruan.

SPORTING-EIBAR

Sporting. Dani Martin; Geraldes, Juan Rodriguez, Peybernes, Noblejas; Salvador, Sousa, Cerro, Perez; Traver eta Djurdjevic.

Eibar. Areitio; Calavera, Paulo, Bigas, Cucurella; Hervias, Sergio, Diop, Milla; Cardona eta Charles.

Epailea. Jaime Latre

Lekua. El Molinon estadioa.

Ordua. 12:00etan (BeIN La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna