Euskara Nafarroa Suspertu 2020-2023 planean

Xabier Erize, Iñaki Azkona Huércanos
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Euskararen sustapenaren inguruan ibilbidea, profesional eta ikertzaile moduan, egin dugun pertsonak garen aldetik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu COVID-19 osteko Nafarroa Suspertu 2020-2023 planak euskarari ematen dion trataera positiboa eta kontsentsu girokoa.

Arazo sozial bereziek —koronabirusondoko gizartea— konponbide bereziak behar dituzte, eta jarrera berezia ere behar dute herritarren eta haien ordezkari eta agintarien aldetik. Jarrera horren gakoa gizarte integratzaile bat egiteko borondatea da: inor bidean ez uzteko eta inklusio eta elkartasun printzipioak nagusi diren irtenbide bat diseinatzeko nahiak.

Nafarroako erakunde eta entitate sozialek bide integratzaile hori aukeratu dute (bestelako aukerak ere bazeuden), eta planean zehaztutako irteera komunitario eta inklusiboa diseinatu dute. Horrek eraman du —eta artikulu honetan horretara mugatzen gara soil-soilik—, kontuan hartzera euskarak Nafarroan duen presentzia, eta herritarren zati esanguratsu batek euskara bere identitate pertsonal eta sozialaren elementu nabarmen bat ikusten duela. Herritar horiek agian ez lirateke proiektu batekin identifikatuta sentituko, proiektu horrek nafar euskaldunak aintzat hartzeko eta errespetatzeko, haiei arreta emateko, eta euskara sustatzeko neurri eta baliabide zehatzak hartuko ez balitu.

Nafarroa Suspertu 2020-2023 planak garrantzi handia du, datozen urteetan Nafarroako gizartearen susperraldi sozial, ekonomiko eta sanitarioaren estrategia bideratuko duelako. Planak adostasun soziopolitiko zabala du, eta adostasun horrek euskarari buruzko eduki espezifikoak ere hartuko lituzke barne.

Nafarroako Parlamentuak «aho batez» onartu zuen planari ekarpenak egiteko batzorde bat sortzea. Nafarroako Gobernuak onartu du, kalitate demokratikoari eta parte-hartzeari buruzko hausnarketa-prozesu zabal baten ondoren, eta Nafarroako gizartearen zati handi baten adierazpentzat har daiteke: herritarren, Parlamentuaren, gizarte zibileko erakundeen eta Gobernuko sailen ekarpenak biltzen ditu. Javier Esparza UPNko presidenteak hau adierazi zuen, «Nafarroa Suspertu Planari buruz gaur ezagutu dugun honetan, musikak ondo jotzen du». Ondoren, berretsi egin du: «Bai, baina zehaztu eta definitu egin behar da». (Espero dugu bere hitzak gaizki interpretatu ez izana)

Planaren arabera, euskara da Nafarroako gizartearen «Bizikidetza Markoan sakontzeko» helburua lortzen laguntzen duen «kohesio eta aniztasun» faktoreetako bat. Funtzio horretan maila bera du garrantzi handiko eta eztabaidaezinak diren faktoreekin, hala nola askatasunak eta giza eskubideak, aniztasunaren babesa, justizia, kultura eta kirola kalitatezko bizitza aktibo baterako, herritarren parte-hartzea eta Nafarroa seguru eta erresiliente baten sorrera.

Hainbesteko garrantzia duen plan batean euskarari tratamendu positibo hori ematea azpimarragarria iruditzen zaigu. Nafarroan, askotan, gatazka-terminoetan pentsatzen da euskara; hala ere, uste dugu fase batzuetan bizikidetzarako joera sozialek dimentsio garrantzitsua hartzen dutela. Baliteke horietako batean egotea. Planaren arabera, euskara onartuago eta babestuago dagoen heinean, gizartearen elkarbizitza-markoa sakonagoa eta iraunkorragoa izango da eta, beraz, Nafarroa hobeto egongo da etor daitezkeen krisiak gainditzeko.

Planean euskara babesteko eta sustatzeko neurri zehatzak jasotzen dira:

—Euskararen II. Plan Estrategikoa egingo da, hizkuntza-bizikidetza sustatzeko eta baliabideak planifikatzeko.

—Euskarazko informazio —eta kultura—produkzioa bermatuko da, haur eta gazteentzako edukietan arreta berezia jarriz, online baliabideak barne.

—Herri Administrazioan dibertsifikazio linguistikorako plan bat jarriko da martxan (herritar euskaldunei arreta euskaraz emateko plana).

—Euskararen aldeko apustua egingo da turismoaren esparruan balio gisa hartuta: euskarazko arreta-kalitatearen etiketa sortzea.

—Beharrezkoak diren neurriak martxan jarriko dira —zentroetan osasuna eta segurtasuna bermatzeko— helduei euskara irakasten jarraitzeko.

Planean sartutako Nafarroako Parlamentuaren ebazpenak:

—Lanbide Heziketa dualean sakontzea garapen ekonomikoaren funtsezko ardatzekin lerrokatutako titulazioetan, gaztelaniazko eta euskarazko plaza-kopuruak handituz.

—Erakundeen arteko lankidetza sustatzea, euskarazko prestakuntza —eta kultura— produktuen online eskaintza zabaltzeko.

—Haurrentzako eta gazteentzako sarbide publikoa eta doakoa duten euskarazko ikus-entzunezko eduki digitalen ekoizpena sustatzea (oso garrantzitsua).

—Sarean Euskaraz programan gazteen artean online tresnei buruzko prestakuntza bultzatzea, euskaraz.

—Eskumena duten herri-administrazioei —Espainiako eta Nafarroako gobernuei— Nafarroa osoan ETB3 (haurrentzako euskarazko edukia) eskuratzea errazteko eskatzea.

Ebaluazio-adierazleak:

-Plan orokorraren ebaluazio-adierazleen artean, euskarari lotutako bi adierazle nagusi sartzen dira: Euskararen II. Plan Estrategikoa benetan egitea, eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Dibertsifikatzeko Plana benetan egitea.

Ados, hizkuntza politikaren ohiko elementu batzuk falta dira, baina gogoan izan behar da hau ez dela euskara sustatzeko plan espezifiko bat, COVID-19 osteko Nafarroarako plan orokor bat baizik. UPNko burua emulatuz esaten dugu, halaber, planak «itxura ona» duela. Guri ongi iruditzen zaigu, eta horregatik partekatu nahi izan dugu artikulu honetan, izan ere euskararen gaiak maiz modu negatiboan agertzen dira gurean.

Jakin badakigu asmoen zerrenda hori, eta aipatuak izan gabe sumatzen diren beste batzuk, inplementazio-programetan garatu eta osatu behar dela. Programa horiek zehazkiro adierazi behar dituzte helburuak, ekintzak eta bitartekoak, aurrekontuak eta ebaluazio-adierazleak: ziur asko, aipatutako Euskararen II. Plan Estrategikoan eta Administrazio Publikoko hizkuntza-aniztasuneko Planean bertan.

Ez diogu horregatik garrantzia kentzen. Plan honekin, euskara eraman da Foru Komunitatearen kohesio soziala bultzatzen duten faktore nagusien mailara. Gizarte demokratikoen oinarria osatzen duten beste elementu handi batzuen kontsiderazio bera jasotzen du euskarak, eta COVID-19 osteko Nafarroaren garapenaren faktoreetako bat bezala agertzen da. Euskarari buruz lehendik bazegoenari, Nafarroa Suspertu planak babes- eta sustapen-marko berri bat gehitzen dio orain, eta erkidegoko ordezkaritza politikoaren eta herritarren gehiengoaren atxikimendua jasotzen du. Oinarrizko gaiak baitira hauek oraintsu agertzen ari den gizarte berrian euskara bizirik irauteko. Poztuko ginateke horrela balitz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.