Itziar Aizpurua Egaña.

Burua hotz eta bihotza bero

2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Erreklamatzen dugu berehala:

1. Gera dadila baliorik gabe Burgosko auzitegiak ematen duen kondena oro.

2. Amnistia orokorra promulga dadila motibo politikoak direla-eta auzipetu, erbesteratu eta kartzelatu diren guztientzat.

3. Bertan behera gera daitezela salbuespenezko jurisdikzio guztiak.

4. Aboli dadila heriotza zigorra, dagokion delitua edozein izanda ere.

5. Eratu dadila benetako herri estatu bat, zeinak bermatuko duen gauzatuko direla askatasun demokratikoak eta herri eta nazioen eskubideak, autodeterminazio eskubidea barne.

Laburbilduz, erabateko batasuna eta atxikimendua agertzen dizkiegu Euskal Herriari eta haren aldarrikapenei, geureak ere badira eta.

Montserrat, 1970eko abenduaren 13a.

Irakurri duzuen bost puntuko adierazpena, Montserrateko Manifestua deiturikoa duzue, laburbilduta. Hirurehun intelektualek, Kataluniako intelligentsiak, alegia, Batzar Iraunkorrean Montserrateko abadetxean elkarturik, Kataluniako herriaren nahia, borondatea, kalean aldarrikatzen ari zena, bere egiten dute, konpromiso zehatza hartuz Burgosko Gerra Kontseiluan epaituak izaten ari ginen ETAko hamasei militanteokin.

Gràcies, moltes gràcies (compañeros, camarades; amics)!Eskerrak bihotzetik gugan sinetsi zenutelako. Eskerrak, batez ere, zuen Herriaren ahotsa izan zaretelako; garden, gureganako eta gure Herriarenganako elkartasuna adierazten; zorrotz, Francoren erregimenari exijitzen; eta itxaropentsu, etorkizunari so egiten.

Hain garrantzizko 1970eko abendu hartan, Euskal Herria Francok epaitu nahi izan zuenean gure bidez, garbi ikusi zenuten ez zela gure Herria soilik epaitu nahi zuena, Estatuko herri guztiak, nazio garen guztiak birrindu nahi zituela baizik. Horretarako zentzagarri handiena, beldurgarriena eragin behar zuen guztion aurka: heriotza zigorrak, ahal zuen gehienak ezarriz.

Baina Francok eta bere erregimenak ezagutzen ez zuten dohaina dute herriek, batez ere guztion askatasunaren alde borrokatzen duten herriek: elkartasuna. Izan ere, elkartasunak duen ahalmenak ez du neurririk ezagutzen.

Horregatik galdu zuten Francok eta bere erregimenak bataila hori, edo, hobeto esanda, Euskal Herriak, Estatuko herri eta nazio artekoelkartasunarekin bat eginda, irabazi zuen!

Mende erdi honetako historian idatzirik geratu da zuek eta zuen herriak, Kataluniak, bidali zeniguten berotasun goxoz beteriko elkartasuna.

Garaia da esker oneko izateko era emankorrenean, elkartasuna itzuliz. Beraz, hemen nauzue adierazpen xume hau aldarrikatzen, 1970eko Burgosko Auziko kide gehienak bat egingo dutelakoan:

Ireki duzuen bide berri honetan bat nator gure bi herrien subiranotasunaren aldarrikapenean, pausoz pauso elkarrekin lortu beharko duguna, bestalde. Eta Independentzia helburu dela, Kataluniako Errepublika eta Euskal Errepublika eraikiz aritu behar dugula sinesten dut; erabakitzeko eskubidean oinarritu behar dugun bidea elkarganatuz.

Era berean, bi herrietan lehentasun handiko zeregina dugu eskuartean, nire ustez. Ezaguna dugun betiko etsaiak preso ditu gure borrokalari zintzoenak. Ez diete giza eskubidez zor zaien tratua ematen, batetik, ezta aske uzten gaixotasun larria jasaten ari direnak ere.

Zigor erantsi honekin, tortura honekin, bukatu beharrean gara herritar duinak garenez; Herriari zor diogu, duela50 urte bezala. Orduan, etsaiari eskuetatik kendu genizkion sei borrokalarien biziak. Gaur, etxeratu behar ditugu espetxean dauden kataluniar eta euskal preso politiko guztiak.

Burua hotz eta bihotza bero! Herri handi horretako, Kataluniako intelektualei ezingo dizuete inoiz, eta inork, esan: «Ai! poeta, ai! Poeta, gogorra izango da zuretzat askatasun eguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.