Foru udalerri haiek

Jose Luis Elkoro Unamuno
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Foruen Abolizioaren mendeurrenean, 1976ko uztailaren 21ean, Euskal Udalen Manifestua irakurtzeko eskatu zidaten. Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan irakurri nuen, bertako alkate nintzela. Egun hartan, milaka lagun bildu ziren plazan eta Bergarako erdialdeko kaleetan, Euskal Herriko toki guztietatik etorriak.

Egun hartan ez zen erraza euskal herritarrak ordezkatzea herri eta nazio gisa daukaten nortasuna aitortzeko. Baina 68 udalerrik beren eskubide historikoak aldarrikatzeko konpromisoa hartu zuten, bakoitzak bere ordezkariekin. Egun hartan, mendeetako gure Foru Eskubideen legitimitatea berretsi genuen, euskal populuaren borondatearen aurka kendu baitzizkiguten.

Foru Erregimenean, udalerriak izan ziren herriaren benetako ordezkariak, eta haiek kudeatzen zituzten gizarte tradizionalaren berezko gai publikoak. Eta Batzar Nagusiak, euskal lurralde bakoitzeko organo goren gisa, herribildu eta herrietako ordezkariek osatzen zituzten, beharrezko erabakiak hartzeko.

Egun hartako aldarria manifestu historiko bat da jadanik, Franco hil berritan egin baitzen, frankismoa bizirik zegoela; oraingo egoerak, ordea, dei bat egitera behartzen gaitu. Egun hura, oroitzeko egun bat ez ezik, ekintzarako konpromiso bat ere izan zen.

Euskal Herria nazio bat dela defendatzeko borrokan ari gara oraindik ere, eta nazio gisa hartu eta errespetatu behar da. Izan ere, herriek badaukate beren kabuz antolatzeko eskubidea, nazioarteko elkartasunaren barruan.

Euskal Herrian elkarbizitza ezinezkoa izango da ez bada onartzen arazo politiko sakon bat dagoela, eta arazo horrek sufrimendu handiko borroka bat ekarri duela. Horrek eskatuko du, batetik, elkarrizketa, eta, bestetik, euskal herritarrek askatasunez adierazitako borondatea errespetatzea, hau da, autodeterminaziorako eskubidea.

Borroka hori udalerrietan finkatu beharko da, haiek baitira autonomiaren eta demokraziaren euskarriak. Haiexek daude herritarrengandik gertuenik, beren ekinbide eta proiektuen bidez, eta herritarrak dira demokrazia baten oinarria.

Hala ere, euskal udalerriak Espainiako eta Frantziako gobernuen mende daude oraindik ere. Egoera hori iraunkorra eta historikoa da, eta gaur egun larritu egin da, Euskal Autonomiako Gobernuaren azken erabakien eta asmoen ondorioz.

Garai hauetan, udalerrien autonomiari kalte larria egiten dioten erabaki batzuk hartzen ari dira. Hain zuzen, gobernuko alderdiak ari dira udal eskumenak inbaditzen (EAJ eta PSE-EE), gure lurraldetik. Berriz ere, eta barrutik, udalen foru eskubideak urratu eta zapaldu egin dituzte.

Egungo botere autonomikoa ahaleginak egiten ari da «interes publiko goreneko proiektuak» legez inposatzeko, alde bakarretik eta udalerriei galdetu gabe. Eta okerrena da euskal alderdi politikoetako ordezkari askok utzikeriaz jokatzen dutela beren eskumenekin.

Ingurumen Administrazioari Buruzko Legea onartuta dago, eta lege horrek areagotu egingo ditu ingurumen hondamendiak (AHT, erraustegiak, frackinga...). Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen aurreproiektuaren osagarri izango da. Eta biak sustatu ahal izango dira ekinbide publikoaren nahiz pribatuaren bidez.

Lurralde Antolamenduari Buruzko Legea indarrean egongo da oraindik, eta horrek murriztu egingo ditu hirigintzan udalek dituzten eskumen garrantzitsuak.

Azken batean, herri honen oreka instituzionala hausten ari dira, eta udal eskumenak murrizten. Udalerrien foru eskubideak berriro aldarrikatzeko garaia da; ez iraganeko kontu bat delako, baizik eta udal autonomiaren ondare subirano eta demokratikoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.