Arrauna. Kontxako Bandera. Nerea Perez. San Juango patroia

«Bestetan baino ardura handiagoa dugu bihar»

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2015eko irailak 2
Hirugarren aldiz zuzenduko du traineru bat Kontxako sailkatze estropadan bihar Nerea Perezek (Tolosa, Gipuzkoa, 1997). Duela bi urte Zarautzekin aritu zen, eta iaz bera joan zen San Juanen txopan. Urduri dago, baina ez die aparteko garrantzirik ematen kirioei. Bere taldea barruan ikusten du.

Berezia al da patroi batentzat Kontxara sailkatzeko estropada. Ardura handiagoa al da?

Bai. Ardura handiagoa da. Egia da beste estropada bat gehiago dela, baina talde guztiok nahi izaten dugu sailkatu Kontxarako, eta, alde horretatik, ardura handitu egiten da.

Zerk arduratzen du gehien patroi bat sailkatze estropadan?

Ziaboga ondo ematea eta norabide zuzena eramatea. Donostiako eremuan, ondo jakin behar dugu patroiek olatuak norantz markatzen duen.

Bihar zuek eremuaren erdia egingo duzue. Norabidea hautatzeko aukera gutxiago, ezta?

Hala da, eta uste dut hobe dela horrela izatea, talde guztiok baldintza berberetan egingo dugulako arraun. Patroientzat ere errazagoa da, mugatuta gaudelako norabidea aukeratzeko orduan. Buruari buelta asko emateko lekurik ez dugu izango.

Biharkoa gerturatzen ari den heinean, Juan Mari Etxabe entrenatzaileak aholku bereziren bat eman al dizu?

Urduritasuna nabari dut aste honetan, eta Juan Mari ari zait esaten lasai egoteko, erabateko konfiantza duela nigan. Animatu egiten nau. Bestelakoan, ez dit aholku berezirik eman.

Mila bider ikusiko zenuen honezkero eguraldi iragarpena…

Ez pentsa. Juan Marik esan dit ez duela olatu askorik ematen, baina agian ni lasaitzeko esan dit. Begiratu nuen nik, eta ikusi nuen metro beteko olatua dagoela. Berdin zait itsasoa egotea ere, ondo ibiltzen garelako olatu artean. Konfiantzaz gaude.

Zenbatgarren aldiz egin behar duzu sailkatze estropada?

Hirugarrena dut aurten. Orain bi urte Zarautzekin egin nuen, eta iazkoa San Juanekin. Esperientzia badut, eta ondo etorriko zait hori.

Ezeren okerrik ez dela, San Juanek barruan behar luke.

Nahiko argi dago zein talde sailkatuko garen. Ezer arrarorik ez bada gertatzen, Zumaia, Hibaika, Orio eta gu sartuko gara. Baten batek huts eginez gero, Cabok izango luke aukera sailkatzeko.

Sailkatuko zaretela seguru samar egoteak lasaitasuna ematen du?

Bai, baina ezin da konfiantza handiegirik eduki, edozer gauza gertatuz gero kanpoan geratzeko arriskua dagoelako. Itsasoa badago, gainera, edozer gertatzeko arriskua handitu egiten da.

Iaz laugarren bukatu, eta justu sartu zineten.

Larri ginen, itsasoan segundo eskasa atera geniolako Cabori, baina galiziarrek hamar segundoko zigorra izan zuten, eta barruan geundela bagenekien, lehorretik ematen ari zitzaizkigun informaziogatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna