Erreferendum adostu bat eskatuko dio Torrak Sanchezi

mikel rodriguez
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Artur Mas eta Carles Puigdemont Kataluniako presidenteek Mariano Rajoy Espainiakoari egin zioten eskakizun berbera eginen dio Quim Torrak Pedro Sanchezi: elkarrekin hitzartutako erreferendum bat egitea Katalunian independentziari buruz. «Mahai gainean egonen den lehenbiziko proposamen zehatza izanen da», adierazi zuen atzo Torrak Washingtonen —bidaia ofizialean dago AEBetan—. Hala ere, erran zuen Sanchezen erantzuna «baikorra» ez bada, ez diotela «deusi» uko eginen. «Legegintzaldiaren esparruak argia izaten segituko du, erreferendum batean onartua beharko lukeen Kataluniako konstituzio bat idazteko borondate argiarekin».

Kataluniako eta Espainiako presidenteak heldu den uztailaren 9an elkartzekoak dira Moncloan. Hautatu zituztenetik lehenbiziko bilera izanen dute elkarrekin. Sanchezek kargua hartu zuenetik adierazi du Kataluniarekin harremana hobetu nahi duela, eta, deus zehatzik proposatu ez badu ere, nahiko argi utzi du independentziari buruz galdetzeko erreferendum bat negoziatzea ez dutela bere asmoen artean. Hala ere, proposamenari eutsiko diotela erran du Torrak. «Beti egon da mahai gainean. Autodeterminazio erreferendumetik eta independentzia adierazpenetik abiatzen gara, eta Kataluniako Errepublikarantz aitzinatzea planteatzen dugu, baina kontuan hartuta beti nahi izan dugun konponbidea aurkitzeko aukera, gauzak Eskozian eta Quebecen bezala egiteko».

Torra mintzatu baino lehen Meritxell Batet Espainiako Lurraldetasun Politiken ministroak adierazi zuen elkarrizketaren oinarriak «erakundeekiko errespetuak» eta «Espainian erbesteratuak ez daudela onartzeak» izan beharko lukeela, «Justiziaren iheslariak baitira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.