Frantziako Tourra

Zinta amerikarra bezalakoa da

Peter Saganek ondo kontrolatu du azken kilometroko igoera, eta aurtengo Tourreko bigarren etapa garaipena lortu du. Faboritoak erne ibili dira, aurrean sartuz. Greg van Avermaetek eutsi egin dio
Peter Sagan, Kemperko helmugan sartzen. Atzean, eskuinean, Sonny Colbrelli ageri da. Bigarren izan zen, baina irabazlea gehiegi estutu gabe.
Peter Sagan, Kemperko helmugan sartzen. Atzean, eskuinean, Sonny Colbrelli ageri da. Bigarren izan zen, baina irabazlea gehiegi estutu gabe. YOAN VALAT / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 12
Helmuga pasatu, eta bi ukabilekin bularra jo zuen atzo Peter Saganek (Bora). Batzuetan, askotan, ia iraingarria da erakusten duen nagusitasuna. Iaz, maniobra arriskutsu bategatik Tourretik kanporatu zuten, eta aurten, hotzago ari da. Hotzago eta ahaleginak hobeto kalkulatzen, eta atzo, hein handi batean, horregatik irabazi zuen. Hankaz Sagan izan zen indartsuena, eta buruz ere zuhurrena. Azken igoeran klasikoetan iaioak diren aurkari asko eduki arren, guztien kokapena ondo kontrolatu zuen begiradarekin, eta, bere neurria iritsi zenean, esprinta hasi zuen. Kontrolatu, aztertu, kalkulatu eta jo. Sonny Colbrelli (Bahrain) izan zen haren parean jartzeko ahala izan zuen bakarra, baina azken zuzengunean ezin izan zion eutsi, eta eslovakiarra ia bakarrik agertu zen amaierako argazkian.

Bost etapa jokatu dira Tourrean, eta Eslovakiako fenomenoak bi irabazi ditu, eta birritan izan da bigarren. Herenegun esprint laua lehiatu zion Fernando Gaviriari (Quick Step), eta atzo, Ardenetako Klasikoen itxuradun etapa irabazi zuen Kemperren (Bretainia). Ia lan guztietarako balio du munduko txapeldunak; zinta amerikarra bezalakoa da, ia edozer gauza konpontzeko balio duen itsasgarria. Bere ibilbideko hamargarren garaipena izan zen Tourrean, hemeroteka harekin krudela den arren, hogei aldiz izan baita bigarren. Sailkapen nagusiari dagokionez, Greg van Avermaet (BMC) da lider. Irabazten saiatu zen, baina elastiko horia ez galtzearekin konformatu behar izan zuen.

Herenegungo lozorroaren ondoren, atzokoa etapa entretenigarria izan zen Bretainiako asfalto higatu bideetan barrena. Tourrak etapa ehiztariak xaxatu zituen azken kilometroak aldapa koskor eta errepide estuz betez eta gorako esprint baten alde eginez (kilometro bat eta batez besteko %4,8ko pendizarekin). Amaiera deserosoa zen, sufritzekoa, eta, horren erakusgarri, Gaviria, Marcel Kittel (Katuxa), Mark Cavendish (Dimension Data) eta antzeko esprinter petoak aurreko tropeltxotik kanpo gelditu zirela —Michael Mathewsek (Sunweb) gaixo, lasterketa utzi zuen—. Ez zen euren eguna. Beste tankera bateko txirrindularientzat zen.

Galbahea handia izan zen. 38 kideko tropela iritsi zen aurrean azken igoerara, eta bertan ziren sailkapen nagusiko faborito guztiak. Denak erne ibili ziren, moztuta ez gelditzeko. Are gehiago, Skyk lan handia egin zuen aurrean, eta Chris Froome (Sky) buruan zela iritsi ziren azken kilometrora. Berehala egin zuen alde batera, baina, irabazteko zaldi gehiagoko motorra behar zen.

Phillippe Gilbert (Quick Step) izan zen mugitu zen aurrenekoa, Julian Alaphillippe taldekidea alboan zuela. Sagan, bitartean, lasai zegoen, eta kirioei eusten jarraitu zuen Van Avermaetek helmugatik 300 metrora erasoa jo zuenean. «Goizegi saiatu da», aztertu zuen gero irabazleak. Izan ere, liderra, nahi gabe, esprint bideratzaile bikaina izan zen Saganentzat. Haren gurpilean eroso zihoan, atzera begira, eta, bere neurri aproposa iritsi zenean, bizikleta gainean zutitu, eta erasoa jo zuen. Colbrellik eutsi zion bakarrik, baina alferrik, helmugarako 30 metro falta zirela eman zuen amore. Garaipenaz gain, Saganek jauzi handia egin du erregulartasunaren sailkapenean. Atzokoa bere ibilbideko 90. eguna zuen elastiko berdearekin, historian beste inork baino gehiago.

Etapari dagokionez, eta ia egunero bezala, izan zuen bere ihesaldi saialdi erromantikoa. Elie Gesbert (Fortuneo-Samsic), Julien Vermote (Dimension Data), Jasper De Buyst (Lotto-Soudal), Lilian Calmejane eta Sylvain Chavanel (Direct Energie), Tom Skujins (Trek-Segafredo) eta Nicolas Edet (Cofidis). Irten eta berehala egin zuten ihes telebista minutuen bila —204 kilometro zituen etapak—, eta helmugatik hamabi kilometrora harrapatu zuten azkenekoa.

Harresia, birritan

Bretainiako bihotzean jokatuko da Tourreko seigarren etapa. Txirrindulariek 181 kilometroko etapa izango dute aurretik. Gaur, Bretainiako Harresia deritzon muino gogorrera itzuliko da Frantziako Tourra. 2015ean igo zen azkenekoz, eta Alexis Vuillermoz izan zen indartsuena. Atzetik izan zituen Daniel Martin (UAE), Alejandro Valverde (Movistar) eta Sagan; aurten ere Tourrean daude. Etapa hartan, Vincenzo Nibalik (Bahrain) hogei segundo galdu zituen. Gainontzeko faboritoak batera heldu ziren.

Aurten, ordea, etapa gogorragoa izango da: bi aldiz igo beharko dutelako harresia. Aurreneko igoera helmugatik hamasei kilometrora izango da; eta bigarrena, etaparen amaieran. Igoera oso bortitza da: laburra, baina tentea. Bi kilometrotan batez besteko %6,9ko pendiza du. Sailkapen nagusiko izen handiek ere tentuz ibili beharko dute; bidea oso estua da, eta tentsio handiko uneak egongo dira igoerari tropelaren aurrealdean ekiteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria