Frantziako Tourra

Vivianik afari batzuk zor ditu

Bere taldeak azken kilometroan eginiko lan bikaina borobildu, eta Tourreko lehen etapa garaipena lortu du esprinter italiarrak. Egun lasaia izan da, eta ez da aldaketarik egon sailkapen nagusian

Vivianik afari batzuk zor ditu.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Helmuga gurutzatu bezain laster besarkadak banatzen hasi zen Elia Viviani (Deceuninck-Quick Step).Taldekide guztiei egin zien aitortza eta maitasun keinua. Ez zen gutxiagorako, atzotik afari batzuk zor baititu esprinter italiarrak. Nancyn (Frantzia), aurreneko aldiz altxatu zituen besoak Frantziako Tourreko helmuga batean, eta hein handi batean taldekideengatik izan zen. Deceuninck-Quick Stepek txirrindularitza klubetan erakusteko moduko azken kilometroa egin zuen, esprint bideraketa ia perfektua, eta Vivianik borobildu zuen.

Patrick Lefevere buru duen taldearen azken kilometroko lanak azalpen zehatza merezi du. Tropela ziztu bizian zihoan ordurako. Wout van Aertek (Jumbo) ia kilometro bateko errelebo itogarria eman zuen, baina Dylan Groenewegen haren taldekidea ez dago bere onenean, eta ezin izan zuen baliatu. Orduan jarri zen buruan Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Stepen). Elastiko horiak eskuzabal jardun zuen, eta estualdi handia eman zion tropelari —sailkapen nagusian ez zen aldaketarik egon, eta berak jarraitzen du lider—. Ilaran zihoan multzoa are gehiago luzatu zuen ondoren Mickael Morkovek. Helmugatik 400 metrora Max Richezek hartu zuen lema, eta haren gurpilera, zuhur,Viviani. Helmugatik 200 metrora bakar-bakarrik utzi zuten buruan; haren neurria da, eta hark jarri zion errematea lanari. Alexander Kristoffek (UAE) estutu zuen gehien irabazlea, baina hura ia bakarka aritu zen. Hirugarren Caleb Ewan (Lotto-Soudal) izan zen.

Vivianiren poza ulertzekoa zen. Garaipen baliotsua da, eta are baliotsuagoa izandako urtearen ondoren. Italiako Giroa frustrazio iturri baino ez zen izan. Hiru etapatan bigarren izan zen, eta garaipena lortu zuen bakarrean epaileek deskalifikatu egin zuten. Azken metroetan maniobra arriskutsua egin, eta bideoak salatu zuen. Jota utzi zuen hark. Pedal kolpe egokia aurkitu gabe igaro du urtearen lehen erdia, baina Suitzako Itzulian bi etapa irabazi zituen, eta sasoi egokia lortu du Tourrerako. Garaipen batekin lanak eginak ditu; orain ikusi behar patxada horrek laguntzen dion.

Esprintera arte etapak esperotako gidoia izan zuen. Yoann Offredok, Frederik Backaertek (Wanty) eta Michael Scharrek (CCC) hasi eta berehala ekin zioten eguneko ihesaldiari. Etapak 215 kilometro zituen, eta 200 egin zituzten elkarrekin. Schar izan zen bere burua garestien saldu zuena. Azken hamabost kilometroetan Lilian Calmejane (Direct Energie) esprinta eragozten saiatu zen, baina saiakera ustela izan zen. Tropelak ordurako abiadura handiko trena zirudien.

Gaur 175 kilometroko etapa jokatuko da Saint-Die-des-Vosges eta Colmar artean. Bigarren eta hirugarren mailako bina mendate ditu, horietatik bi azken 40 kilometroetan. Lehia polita ikus daiteke esprinterrak dituzten taldeen eta etapa ehiztarien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.