Erruak, dituenari!

Gaizka Suarez
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Pare bat urte dira jada Bilbon pedalkadak ematea langileon duintasunaren aurkako keinu handietako bat bihurtu zela. Glovo, Deliveroo, Uber eta antzekoak gure hirian sartu ziren; hasieran lotsati antzean, baina gerora beraien esplotatzeko formula perfektuarekin harrotuta. Ordutik hamaika izan dira kutxa koloredun horiek bizkarrean daramatzaten langileen eskutik heldu zaizkigun istorio dramatikoak.

Hala ere, aurten aurretik ikusia ez genuen irudiak asaldatu egin gaitu: Bilboko Aste Nagusi betean, gaueko ordu txikitan (02:00ak inguru), Uber eta Glovoko bi banatzaile Arriagan litroak egiten ari ziren gazteei afaria eramaten. Eragin Bilboren sare sozialen bidez irudia zabaldu genuenean, asko izan ziren haserre erantzun zuten ziberaktibistak, baina zein da errealitate horren aurrean egin beharreko hausnarketa? Masa kontsumitzaileari bideratu behar al diogu kritika guztia? Ala arazoa beste nonbaiten dago?

Egia da amorragarria dela Aste Nagusiko txosnagunean, afaria prezio oso onargarrian erosteko hamarnaka tokirekin (kalean janaria saltzen dabiltzan beste hainbeste norbanakorekin batera) gazteak horrelako eskariak egiten ikustea. Kontsumitzerakoan, bestelako aldagaiei erreparatu gabe soilik beraien kapritxozko desirak asetzea helburu duten gazteen hautuak dira. Objetiboki gu bezala han-hemenka bere lan indarra saltzen ari direnenganako sentsibilitate falta. Inertzia kapitalista asko eta klase kontzientzia gutxi? Bai. Azken hilabeteotan enpresa hauen funtzionatzeko era eta langileei ezarritako esklabotza egoerarekin zalaparta asko izan den arren, argi dago kontzientziak pizteko lan handia dugula aurretik.

Horrekin batera, etika eta zilegitasunaren eztabaida honetan banatzaileek emandako zerbitzuaren inguruko beste zalantza bat gehitu nahiko nuke. Onargarria al da pertsona batek Aste Nagusian ikusi dugun eskaera mota egitea? Bueno, niri aurretik aipatutakoez gain kutsu elitista duen inozokeria iruditzen zait. Haatik, demagun Glovoko edo Uberreko banatzailea benetan bere kabuz lanean dabilen profesionala dela, oso ondo egiten dakien hori egiten bere bizitza aurrera atera nahi duela eta luxuzkoa den zerbitzua bere prezioan kobratzen duela. Badira hori aldarrikatzen duten riderrak, horretaz bizi nahi dutenak, eta leku askotan beraien kooperatiba propioak sortu dituztenak. Kasu horretan, banatzaileari eginiko eskaera ez litzateke guztiok hain onartuak ditugun bestelako kontsumo praktiken oso ezberdina.

Hala eta guztiz, gaur egungo ideologia liberalak joera handia du horrelako gatazketan arreta beti kontsumitzaileen gain jartzeko; arazoaren jatorria eta horren konponbidea langile masa kontsumitzailearen jokabidearen maila etikoan egongo balitz bezala. Horregatik, aipaturiko amorrutik gazteen aurka atera daitekeen erantzuna bidegabea izan daiteke hein handi batean. Gu eztabaida hauetan katramilatzen garen bitartean, zapalkuntzaren benetako arduradunak lasai asko uzten ditugu. Denak ez du balio, baina arazoaren funtsa beste nonbaiten dago.

Argi dagoena da pertsona batek zuk aukeratutako ostatu batetik zuk nahi duzuna zuk nahi duzun tokira ekartzeak ez duela Glovok kobratzen duena balio. Prozedura horretan guztian langileari lapurreta ederra egiten ari zaio bere lana erabat debaluatuz eta lana burutzeko baliabide guztien ardura bere gain utziz. Hori gutxi balitz bezala, babes sistema publikoari ere lapurtzen ari zaizkio gizarte segurantzari egindako iruzurraren bitartez. Horri esker dira hain funtzionalak plataforma erako enpresa hauek, eta gustura dabiltza inori azalpenak emateko beharrik gabe. Instituzioek, bestetik, autonomo faltsuaren figuraren mehatxuaren ondorioez jakitun, alfonbra gorria jartzen diete astakeria hau gelditzeko inongo neurririk hartu gabe. Hor dago sakoneko arazoa; erruak, dituenari!

Zapalkuntza zilegiztatzeko erabilitako taktika diskurtsiboarekin apurtu behar dugu. Inor ezin daiteke erabat koherentea izan sistema kapitalistaren baitan, eta sortzen zaizkigun eztabaida artifizial horien aurrean pedagogia egokia aplikatu behar dugu eta injustizia eragiten ari dena nor den identifikatu. Kontraesanak gara, baina kontraesan horiek ezin dira borrokarako galga izan. Lor dezagun Arriagan eskaera hori egin zuten gazte langileak, bihar Glovo, Deliveroo edo Uber-en aurka borrokan egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.