Albistea entzun

Mintzodromoa Iruñean izanen da

Patxi Telletxea - Iru˝erriko Mintzodromoaren Lantaldea

2021eko urriak 23

Bai, halaxe da, urriaren 28an, ostegunarekin, Iruñeko autobusen geltoki zaharrean ehun bat lagun bilduko gara. Zer egiteko? Bada, mingaina dantzan paratzeko asmoa dugu. Elkarren artean gure hizkuntza erabili nahi dugu, gure iritziak eta usteak trukatu nahi ditugu, elkarrekin benetako komunikazioaren magia berpiztu nahi dugu.

Sobera izan gara bakarrik. Etxean sarturik, gure oskola goxoan, ez dugu besteekin egoteko aukerarik izan, eta bada garaia, bai horixe! Bada garaia gure hizkuntza erabiltzeko eta besteen begietara begiratzeko. Badugu zer esana, badugu zer kontatua. Galdera da gure xokoetan zein hizkuntzatan garatu dugun gure barruan duguna eta daramaguna: gazteleraz, frantsesez, ingelesez... Zein izan da pandemia luze eta gogor honetan gure bihotzeko hizkuntza?

Iruñeko geltoki zaharrean euskara da guk erabiliko dugun hizkuntza. Jolasa eta solasa gure arbasoek utzitako kodean gaurkotuko dugu Iruñean datorren urriaren 28an. Iruñeko eta Iruñerriko euskaldunak deituak gaude esku hartzera eta hitz egitera: ikasleak direnak, izan direnak zein ez direnak, euskara guti darabiltenak, lotsatiak, hitzontziak, EGAdunak eta EGAgabeak...

Euskara plazara ateratzeko garaia da, ikasgelatik at, haize frexkoa har dezan, pertsona berrien ahotsak aditu ditzagun, ideien eta iritzien bide berriak jorratuz eta helmuga pentsaezinak lortuz. Ikasten ari garena praktikatuz eta inoiz esan gabeko hots eta esaldi berriak sortuz: komunikazioaren benetako magia birsortuz une oro. Jende berria ezagutuko dugu, pertsona ezezagunak, gure bizipenen zakua betetzen lagunduko digutenak; gure pentsamoldea zabalduz eta ideia eta ikuspuntu interesgarriak bezain pentsaezinak geureganatuz. Dena da gure alde, dena aberasgarri, dena hobeki sentitzeko eta gizakion arteko komunikazioaren goxotasuna bizitzeko.

Bai, badakit. Nahiago hitz egin ezagunak diren ikaskideekin. Ikasgelaren babesean, irakaslearen magalean, goxo-goxo, bero-bero, kezkarik eta ustekaberik gabe. Baina noizean behin komeni da zure segurtasun-gunetik ateratzea eta bizitzaren haize freskoa aurpegian sentitzea, ez al da horrela? Bai, horixe! Bada, hori izanen da Mintzodromoan eginen duguna. Dakiguna atera, dantzan paratu ikasten ari garen hizkuntza tresna oro, praktikatu, eta bide batez, gure jarioa eta mintzoa indartu eta hizkuntza ikasteko dugun motibazioa elikatu. Bai, elikatu. Uste duguna baino gehiago baitakigu, gehiago egiteko eta komunikatzeko gauza baikara. Gure buru ttikiak kontrakoa esaten digun arren.

Ikasle batzuk perfekzioaren bila dabiltza beti; bere ahots ttikiarekin esaten dute haiek C1eko titulua besapean dutela hasiko direla mintzatzen, ez lehenago. Eta bai, orduan saiatzen dira, baina bidean ez dute euskaldunik ezagutu, ez eta euskaldunen txoko eta elkarteak non diren ere, eta zer pasatzen zaie? Gero ez dute non erabili ikasi duten hizkuntza perfektu hori. Eta ikasitakoa poliki-poliki atzentzen zaie, atzentzen zaienez. A, zer pena! Zer pena handia! Ez baitute solastatzeko ohitura landu bere ikasprozesuan, ez baitute landu euskararen bizia, euskararen haize freskoa, karrikan dagoena: kontzertuetan, elkarteetan, bazkari eta afarietan, mintzodromoetan, barnetegietan, mendi-irteeretan, Mintzakide egitasmoan, Mintzaneten, bizikleta txangoetan...

Aukera ederra, beraz, Mintzodromoa. Euskararen freskura gure aurpegian eta burmuinean esperimentatzeko. Kostako zaigu, agian zertxobait sufrituko dugu, igual ez dugu den-dena entendituko... baina, baina, baina, anitz ikasiko dugu, anitz bizipen aterako ditugu, gure ikasprozesuan hagitz beharrezkoak ditugunak aitzinera egiteko eta gehiago eta hobeki solastatzeko. Bai horixe!

Hortaz, zatoz Mintzodromora. Zatoz, zalantza izpirik gabe. Etorri eta... astindu-inarrosi-erabili-probatu zure euskara. Bai. Egunero-egunero praktika eta ikasketaren bidez eraikitzen ari zaren euskara hori. Egunero ezberdina dena, egunero aldatzen eta hobetzen doana zure barruan. Iritziak trukatuz, ikuspuntu berriak adituz hizkuntza aberasteaz gain zure iritziak eta zure mundu ikuskera ere hobetuko duzu eta, aizu, zure begirada aberatsagoa izanen da, zure iritzia anitzez jantziagoa. Izan ere, ez gara mintzatzen euskara ikasteko; alderantziz da: euskara ikasten dugu, elkarrekin mintzatzeko. Mintzodromoa horren saioa da.

Kito. Honaino, ez dut gehiago esanen. Urriaren 28an, arratsaldeko 18:30ean Iruñeko autobus geltoki zaharrean, makina bat euskaldun izanen gara euskaraz gai interesgarriei buruz mintzatzen. Zu ere gurekin egotea nahi genuke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.