Amiantoak eragindako kaltea konpontzeko konpentsazio funtsa

2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Duela 40, edo 50 urte, milaka pertsona amiantoaren minbizi zuntzen eraginpean egon ginen, enpresek indarrean zegoenSegurtasun eta Higiene araudia ez betetzeagatik eta Lan Ikuskaritzaren eta gobernuen pasibotasunagatik zuntz hiltzailearen aurrean, jakin gabe horrek zekarzkigun arriskuak. Haiek ezagutzen zuten arriskua, baina nahiago izan zuten Erresuma Batutik joan den mendearen hasieran iritsi ziren alertak alde batera uztea. Zikoizkeria eta berehalako onura nagusitu ziren gure osasunaren babesaren aurretik. Hobe iruditu zitzaien arriskua ezkutatzea, alarmarik eta errebeldiarik sortu gabe. Zoritxarrez, amiantoarekiko esposizioa ez zen lan-eremura murriztu, beste pertsona batzuek ere kontrolik gabeko isurketen, materialen narriaduraren eta industriak eragindako sakabanaketaren ondoriozko zuntza arnastu zuten. Era berean, ezin ditugu alde batera utzi zuntza arnastu zuten emakumeak beren senideen laneko arropa garbitzean, enpresek ez baitzuten langileen arropa garbitzeko betebeharra bete. Gaixotzean, emakume horiek biktimak dira bi aldiz, eta ez dute Gizarte Segurantzaren prestaziorik jasotzeko eskubiderik, ez eta jasandako kaltearen ordainik ere.

Esposizio horren ondorioz, biriketako fibrosia edo asbestosia, biriketako minbizia, laringekoa edo pleurakoa dutenen epidemia handitu da: 88.000 heriotza eragiten ditu urtero Europan (Europako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren datuak), eta esposizio oso txikia izan zuten pertsonei ere eragiten die. Amiantoaren gaixotasun asko ezkutuan geratzen dira, diagnostiko egokirik ez dagoelako edo erru bakarra tabakoari egozten zaiolako, beste esposizio kantzerigeno batzuk alde batera utzita. Osasuneko profesional batzuek, Ricardo Bandres epailea barne, amiantoaren gaixotasunak mesotelioma pleuralera murrizten dituzte, biriketako minbiziarekin duten harremana ukatuz, nahiz eta hori ere 1978tik legez onartuta egon.

Herritarrek prentsa eta sare sozialen bidez ezagutzen dituzte Asviamie elkarteari esker lortutako epaiak. Enpresa handiak kondenatzen dituzte kalteak eta prestazioen errekarguak ordaintzera, segurtasun-neurririk ez izateagatik. Baina albiste horiek, egiazkoak izanik, errealitate lazgarria ezkutatzen dute, amiantoaren biktima asko geratzen baitira kaltearen ordainik gabe, enpresa eragilea desagertu delako dagoeneko; beste batzuei, berriz, funts publikoekin ordaintzen zaie kalte-ordaina, 80ko hamarkadako industria-berregituraketak eraginda eta siderurgiako enpresa handien ondorengoa den Cofivacasa enpresa kasu (Espainiako Industria Ministerioaren mendekoa).

Amiantoaren biktimak errugabeak dira beren osasuna hondatu izanagatik edo heriotza goiztiarrera kondenatzeagatik; izan ere, batzuek inolako eskrupulurik gabe lehenetsi dute aberaste bizkorra, agintarien baimenarekin, langileen edo herritar guztien osasunean dituzten ondorioak baloratu gabe. Nola definituko zenuke osasun-tratu txar masibo hori eta milaka pertsona heriotza goiztiarrera kondenatzea? Bidegabea al da amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa eskatzea?

Eusko Legebiltzarreko kideek, 2017an, aho batez babestu zuten, eta Diputatuen Kongresura eraman zuten. 2021eko apirilean tramiterako onartu zuten, Diputatuen Kongresuko talde guztien babesarekin, Vox izan ezik. Zergatik hainbesteko atzerapena tramitean? Estatuko hurrengo aurrekontuetan ez bada sartzen funtsera bideratutako partida ekonomiko bat, argi dago Pedro Sanchezen gobernuak ahaztu egin nahi dituela amiantoaren biktimak eta konpentsazio funtsaren sorrera.

Zure babesa garrantzitsua da, saihestu egin behar dugu amiantoaren biktimak ahaztuta geratzea eta eragindako kaltea behar bezala konpondu gabe geratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.