Frantziako Tourra

Oihuka eskatu du bere tokia

Geraint Thomasek irabazi du Alpe D'Huezen, eta are gehiago sendotu du sailkapen nagusiko lehen postua. Bizkorrena izan da bost faborito handien arteko esprintean. Landa minez aritu da, baina onenekin batera sartu da

Geraint Thomas atzoko etapako irabazlea, garrasika, Alpe D'Huezeko helmuga gurutzatu zuenean. Atzean Tom Dumoulin ageri da.
Geraint Thomas atzoko etapako irabazlea, garrasika, Alpe D'Huezeko helmuga gurutzatu zuenean. Atzean Tom Dumoulin ageri da. YOAN VALAT/ EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 20

Oihu egin zuen helmuga gurutzatzean. Ez zen gutxiagorako: Alpe D'Huezen elastiko horia jantzita irabazi zuenekoa istorio polita izango da noizbait bilobei kontatzeko. Ulua Geraint Thomasena (Sky) izan zen, eta aldarri kutsua izan zuen, askatasuna edo errespetua eskatzen duenarena. Skyn Chris Froomeren luxuzko morroia da, frak eta txarolezko zapatadun langile bat, baina Alpeetan bi etapa irabazi ditu jarraian, eta bere ugazabarekiko minutu eta erditik gorako aldea du.

Garrasiaren oihartzuna isildu eta hizketan hasi zenean, baina, aldarria ezkutatu zuen. Mikrofonoaren aurrean kostata askatu zuen hitzik; lorturiko balentriak sorturiko emozioak irentsi zuen. Baina zentzu pixka bateko bi esaldi jarraian botatzea lortu zuenean, argi utzi zuen zein den taldeko hierarkia: «Ni Froomerentzat lanean ari naiz; bera da inoizko onena. Nik une honekin gozatu behar dut». Thomasek, izan ere, badu estigma bat: itzuli handietan beti du egun txarren bat, eta inoiz ez da pasatu 15. postutik.

Baina estatistika hori hausten badu, gaur-gaurkoz ez dago Froome baino sasoi txarragoan, eta, Pirinioetan mailari eusten badio, espero gabeko buruhauste bat irits daiteke Skyko autobusera. Bere garaian, 2012an, Froomek antzeko egoera bat izan zuen Bradley Wigginsekin, eta fidel izan zitzaion. Aurrekari hark pentsarazten du Thomasek ez duela hierarkia irauliko, baina, nola dabilen ikusita, zilegi luke estatu kolpea ematen saiatzea.

Alpeetako hirugarren etapa zen atzokoa, eta Alpe D'Huezeko igoerak beste galbahe handi bat egin zuen sailkapen nagusian. Boskote bat iritsi zen batera helmugara: Thomas, Tom Dumoulin (Sunweb), Romain Bardet (Ag2r), Froome eta Mikel Landa (Movistar). Arabarra berpiztu egin zen herenegungo kalbarioaren ondoren, eta, Alpe D'Huezen metro batzuk galdu zituen arren, beste lauren arteko kontrol lana baliatu zuen helmugan zazpi segundo bakarrik galtzeko. Helmugara iritsita, ageriko oinaze keinuak egin zituen: bizkarreko min handiz dago igandean erori zenetik. Hala ere, Landa Nairo Quintana (Movistar) baino 40 segundo lehenago helmugaratu zen, eta berriz ere bere alde du talde barneko hierarkia, minutu baten errentarekin.

Movistarren arazoa, baina, ez da balizko bizefalia: Movistarren arazoa Sky da. Tira, Sky lehenbizi, gero Dumoulin, eta gero Bardet, ordena horretan. Dumoulinek ere igoera ikusgarria egin baitzuen Alpe D'Huezen. Herbeheretarren mendian, zale laranjen kuttun berriak lanak emateko dagoela erakutsi baitzuen. Skyko bi kideen erritmoari eutsi zion, eta helmugatik bi kilometrora erasoa jotzen saiatu zen. Lapurdiko erlojupekoa urrun ageri da, baina, hara bizirik iristen bada, Dumoulinek eman dezake ezustekoa —Thomasengandik 1.39ra dago—.

Vincenzo Nibalik (Bahrain), berriz, lasterketa utzi behar izan du. Atzo zale batzuk lurrera bota zuten lurrera Alpe D'Huez igotzen ari zela. Hala ere, helmugara iristea lortu zuen eta hamahiru segundo Thomasengandik hamahiru segundora. Iluntzean, Grenobleko ospitalera eraman behar izan zuten, eta medikuek jakinarazi zioten bizkarreko orno bat hautsia duela. Zaleek jarrera deitoragarria izan zuten igoera guztian. Froomek ere bereak eta bi jasan behar izan zituen. Ulu asko entzun zituen, eta ia lurrera bota zuen bultzakada bat eman zioten.

Kruijswijken ausardia

Faboritoen arteko borrokak jarri zion ginga etapari, baina eguneko heroia Steven Kruijswijk (Lotto Jumbo) izan zen. Herbeheretarra taldeko lider gisa abiatu da Tourrera, eta, sailkapenean seigarren izan arren —2.40ra zegoen—, lege zaharreko eraso batekin ausartu zen. Itxaron eta faboritoei itsatsita joatea zen logikoena, baina epikotasuna bilatu zuen. Etapa hasieran, hogeita hamar kideko ihesaldi bat osatu zen, eta Kruijswijkek Croix de Feren ekin zion bakarkako bideari, eguneko hiru igoeretako bigarrenean.

Kruijswijkek helmugatik 72 kilometrora jo zuen erasoa, eta tropelarekiko 6.10en aldea ere lortu zuen. Croix de Fer bakarrik igo, eta berdin gurutzatu zuen Alpe D'Huezera arteko bailara. Atzean, Movistarrek ere lagundu zion Skyry lanean, eta Kruijswijk lau minuturen aldearekin iritsi zen Alpe D'Huezen oinera. 13,8 kilometro falta zitzaizkion helmugarako batez besteko %8,1eko pendizarekin, eta txirrindularitzako 21 bat bihurgune ezagunenak. Errenta polita zuen, baina hiru ordu laurdeneko odiseak luzeegia zirudien.

Mendian gora hasi ahala, faboritoen tropela mehatuz joan zen. Michal Kwiatkwoski izan zen Skyn lanean hasi zena, baina uste baino goizago lehertu zen. Thomas, Froome eta Egan Bernal (Sky) zeuden bakarrik, eta 21 urteko kolonbiarrak erritmo bizia ezarri zuen. Etorkizunean izar handi izatera deitua dago, eta Tour hau soldaduska bikaina izaten ari da harentzat.

Bernalen lanak ezinezko bilakatu zuen Kruijswijken ametsa, eta helmugatik 3,5 kilometrora ehizatu zuten. Hala ere, ondo eman zion buelta kolpeari, eta hamargarren izan zen helmugan; hori bai, Primoz Roglic taldekidearen atzetik. Euskal Herriko Itzuliko irabazlea bosgarren da sailkapen nagusian, eta Lapurdiko erlojupekoaren zain dagoen beste bat da. Ordurako Nibali eroria zen, eta Quintana denbora galtzen hasia. Beraz, aukeratuen multzoak pasa zuen Kruijswijk, eta Bardet izan zen oldarkorrena.

Frantziarrak bizpahiru eraso jo zituen azken bi kilometroetan, baina ez zuen min handirik egin. Alpe D'Huezeko amaiera tarte leunena da, eta harekin zeuden Dumoulin eta Skyko biak. Etapa garaipena jokatzeko, elkar kontrolatzen hasi ziren, eta erritmoa apaltze horrek tartea murrizten lagundu zien atzekoei. Tartean zen Landa, hazita. Hain hazita, berak hasi baitzuen amaierako esprinta. Irabaztea, baina, ezinezkoa zen; igoeran ikusten zen Thomasek zituela hankarik onenak, eta nagusitasunez irabazi zuen luxuzko esprinta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna